UZ16_A-B-C

(.PPTX)

URTEAN ZEHARREKO XVI. DOMEKA

A urtean

(F. Marcos)

I. Irakurgaia

Pekatariei bihotz-barritzeko aukera emoten deutsezu.

Jakituria liburutik

Jkt 12, 13. 16-19

    Ez da gauza guztiez arduratzen dan Zu beste jainkorik,
ez dozu zure epaia zuzena dala inori probatu beharrik.
Zure indarra da justiziaren oinarria,
eta gauza guztien nagusi izateak
guztiekin errukior izatera zaroaz.
Guztiz ahaltsu zarala sinisten ez dabenei
zeure indarra erakusten deutsezu,
eta, zure indar hori autortu ez arren,
ausardiaz jokatzen dabenak nahasten dozuz;
baina Zuk, zeure indarraren nagusi zaran horrek,
neurritasunez epaitzen dozu
eta bihozberatasun handiz gobernatzen;
zeure esku dozu nahi dozunean indarraz baliatzea.
Holan jokatuz erakutsi deutsazu zeure herriari
gizon zuzenak gizakiaren adiskide izan behar dauala,
eta, pekatariei bihotz-barritzeko aukera emonez,
itxaropenez bete dozuz zeure seme-alabak.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 86 [85], 5-6. 9-10. 15-16a (R/. 5a)

R/.   Ona zara, Jauna, eta parkabera.

V/.   Ona zara, Jauna, eta parkabera,
dei egiten deutsuenentzat onginahiz betea.
Entzun nire otoitza, Jauna,
jaramon egin nire erregu-oihuari. R/.

V/.   Egin dozuzan nazino guztiak
zure aurrean ahuspeztera etorriko dira, Jauna,
eta zure izena ospatzera.
Handia zara, eta mirarigilea,
Zeu bakarrik Jainko. R/.

V/.   Baina Zu, Jauna, Jainko bihozbera eta errukiorra,
hasarregatxa, onginahiz eta leialtasunez betea,
bihurtu nigana eta erruki zakidaz. R/.

 

II. Irakurgaia

Espirituak erregutzen dau gure alde,
esan ezin ahaleko aienekaz.

San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako epistolatik

Erm 8, 26-27

    Senideok: Espiritua datorkigu geure makaltasunean lagun, guk ez dakigu-eta behar dan lez otoitz egiten; baina Espirituak berak erregutzen dau gure alde, ezin esan ahalako aienekaz. Eta bihotzak aztertzen dituan Jainkoak ezagutzen dau zein dan Espirituaren gogoa, Espirituak Jainkoaren asmoen erara erregutzen dau-eta fededunen alde.

Jaunak esana.

 

Aleluia

Ik. Mt 11, 25

R/.   Aleluia.

V/.   Bedeinkatua Zu, Aita, zeru-lurren Jauna,
        erreinuari buruzko Barri Ona
        jente apalari agertu deutsazulako. R/.

 

Ebanjelioa

          Ebanjelio hau era laburrean ik. honen ondoren.

Itzi biak batera hazten uztaroa heldu arte.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 13, 24-43

    Aldi haretan, parabola hau esan eutson Jesusek jenteari: «Zeruetako erreinuarekin gizon batek soloan hazi ona erein ebanean lez gertatzen da. Jentea lo egoala, etorri zan arerioa eta gari artean galbedarra erein eban eta alde egin.
    Garia hazi eta burutu zanean, han agertu zan galbedarra be. Joan ziran, orduan, morroiak etxeko nagusiagana eta esan eutsoen: “Jauna, ez zenduan hazi ona erein soloan ala? Nondik dator, orduan, galbedarra?” Nagusiak erantzun eutsen: “Arerioaren lana da hori”. Morroiek, orduan: “Joango gara galbedarra batzera ala?” Eta nagusiak: “Ez! Ez daitela gertatu, galbedarra batzean garia be ataratzea. Itzi biak batera hazten uztaroa etorri arte; orduan, igitariei esango deutset: batu lehenengo galbedarra, lotu txolatan eta erre; garia, barriz, jaso nire garaira”».
    Jesusek beste parabola hau esan eutson jenteari: «Zeruetako erreinua gizon batek soloan ereiten dauan mostaza-haziaren antzekoa da. Hazi guztietan txikerrena da; baina, hazten danean, beste ortuari guztiak baino handiago egiten da eta zuhaitz bihurtzen, txoriek etorri eta haren adarretan habiak egiteko moduko zuhaitza».
    Beste parabola hau be esan eutson jenteari: «Zeruetako erreinua legaminaren antzekoa da: emakume batek hiru imina-urunetan nahasten dau, eta ore guztia harrotzen da».
    Irakaspen hau guztia parabola bidez emon eutson Jesusek jenteari, eta ez eutsen ezer irakasten parabola bidez izan ezik. Holan bete zan Jainkoak profetaren bidez esana:

«Parabola bidez egingo dot berba,
munduaren hasieratik
gorderik egoana azalduko».

    Ondoren, jentea agurturik, etxera joan zan Jesus. Orduan, ikasleak hurreratu jakozan, esanez: «Argitu eiguzu soloko galbedarraren parabola».
    Jesusek erantzun eutsen: «Hazi ona ereiten dauana Gizonaren Semea da; soloa mundua; hazi ona erreinuko seme-alabak dira; galbedarra, barriz, gaiztoarenak; galbedarra erein dauan arerioa deabrua da; uzta munduaren azkena, eta uzta-batzaileak aingeruak. Galbedarra batu eta sutan erretzen dan lez, halan gertatuko da munduaren azkenean be. Gizonaren Semeak bere aingeruak bialduko ditu, eta haren erreinutik banatu egingo ditue gaizkileak eta besterentzat okerbide izan diranak,  eta su-labara botako ditue. Han izango da negarra eta hagin-karraskada! Orduan, zintzoek eguzkiak lez egingo dabe distira euren Aitaren erreinuan. Belarririk daukanak entzun dagiala».

Jaunak esana.

 


          Ebanjelioa era laburrean.

Itzi biak batera hazten uztaroa heldu arte.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 13, 24-30

    Aldi haretan, parabola hau esan eutson Jesusek jenteari: «Zeruetako erreinuarekin gizon batek soloan hazi ona erein ebanean lez gertatzen da. Jentea lo egoala, etorri zan arerioa eta gari artean galbedarra erein eban eta alde egin.
    Garia hazi eta burutu zanean, han agertu zan galbedarra be. Joan ziran, orduan, morroiak etxeko nagusiagana eta esan eutsoen: “Jauna, ez zenduan hazi ona erein soloan ala? Nondik dator, orduan, galbedarra?” Nagusiak erantzun eutsen: “Arerioaren lana da hori”. Morroiek, orduan: “Joango gara galbedarra batzera ala?” Eta nagusiak: “Ez! Ez daitela gertatu, galbedarra batzean garia be ataratzea. Itzi biak batera hazten uztaroa etorri arte; orduan, igitariei esango deutset: batu lehenengo galbedarra, lotu txolatan eta erre; garia, barriz, jaso nire garaira”».

Jaunak esana.




URTEAN ZEHARREKO XVI. DOMEKA

B urtean

(F. Marcos)

I. Irakurgaia

Neuk batuko ditut bizirik gelditutako neure ardiak
eta ondo zainduko dabezan artzainak sortuko deutsedaz.

Jeremias Profetaren liburutik

Jr 23, 1-6

    Hauxe dino Jaunak: «Zoritxarrekoak nire larreko artaldea sakabanatzen eta galtzen izten daben artzainak».
    Beraz, honan berba egiten deutse Jaunak, Israelen Jainkoak, herria gidatzen daben artzainei: «Zuek sakabanatu eta jaurti dozuez nire ardiak eta ez zarie hareetaz arduratu. Ba, kontuak eskatuko deutsuedaz zeuen jokabide txarragaitik –dino Jaunak–.
     Neuk batuko ditut bizirik gelditutako neure ardiak, sakabanatu nituan lurralde guztietatik; euren larreetara ekarriko ditut barriro, eta hazi eta ugaritu egingo dira. Ondo zainduko dabezan artzainak sortuko deutsedaz; ez dira inoiz bildurtuko, ez ikaratuko, eta ez da bat be galduko –dino Jaunak–».
    Hau dino Jaunak:

«Badatoz egunak,
eta egun horreetan legezko muskila sortuko deutsat Davidi.
Errege zentzundun lez gobernatuko dau
eta zuzenbidea eta justizia ezarriko dauz lurrean.
Haren egunetan Juda salbatuko da eta Israel seguru biziko.
Eta izen hau emongo deutsoe: "Jauna gure justizia"».

Jaunak esana.


Erantzun salmoa

Sal 23 [22], 1-3. 4. 5. 6 (R/. 1)


R/.
   Jauna dot artzain, ez naz ezeren beharrean.

V/.   Jauna dot artzain, ez naz ezeren beharrean;
larre gurietan etzunazoten nau,
ur-bazter nasaira eroaten
eta indarrak deustaz barritzen;
bide segurutik naroa,
bere izenari ohore eginez. R/.

V/.   Ibar baltz ilunean banabil be,
ez naz gatxaren bildur,
Zu nigaz bazagoz;
zure artzain-makilak nasaitzen nau. R/.

V/.   Mahaia atontzen deustazu
arerioen begi-bistan;
orioz igurzten deustazu burua,
gainezka dot edontzia. R/.

V/.   Zoriona eta maitasuna ditut lagun,
bizitzako egun guztietan,
eta Jaunaren etxean biziko naz
amaibako egunetan. R/.

 

II. Irakurgaia

Kristo da gure bakea.
Bat egin ditu berak herri biak.

San Paulo Apostoluak Efesoarrei egindako epistolatik

Ef 2, 13-18

    Senideok: Orain, Kristo Jesusengan zagoze. Sasoi baten urrun zinienok, hurreratu egin zarie Kristoren heriotzari esker.
    Izan be, Kristo da gure bakea. Bat egin ditu berak herri biak, banatzen ebazan hesia, areriotza, deseginez. Bere gorputzean baliobakotu dau legea bere agindu eta arauekin, eta herri biekin beragan gizadi barri bakarra sortu dau, bakeak eginez. Herri biak Jainkoagaz adiskidetu ditu eta kurutzeko heriotzaren bidez gorputz bakar baten alkartu, hareen arteko areriotza beragan hondatuz.
    Bere etorreraz bakearen Barri Ona ekarri eban: bakea zuei, urrun zinienoi, eta bakea hurrean ziranei; izan be, bai batzuk eta bai besteok beraren bidez hurreratu gaitekez Aitagana, Espiritu berarengan alkarturik.

Jaunak esana.

 

Aleluia

Jn 10, 27

R/.   Aleluia.

V/.   Nire ardiek entzuten dabe nire ahotsa, dino Jaunak;
        Nik ezagutzen ditut,
        eta hareek jarraitu egiten deuste. R/.

 

Ebanjelioa

Artzain bako ardiak lez ebiltzan.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik

Mk 6, 30-34

    Aldi haretan, apostoluek, barriro Jesusengana batu ziranean, egin eta irakatsi eben guztiaren barri emon eutsoen. Jesusek esan eutsen: «Zatoze zeuok bakarrik leku bakarti batera, eta hartu atseden apur bat». Ze, asko ziran joan-etorrian ebiltzanak, eta ez eben jateko be astirik.
    Orduan, bazter batera joan ziran eurak bakarrik, txalupaz. Baina jente askok ikusi zituan alde egiten, eta nora joiazan igarri be bai, eta herri guztietatik leku haretara jo eben lasterka, oinez, hareei aurrea hartuz.
    Txalupatik urtetean, Jesusek jentetza handia ikusi eban. Errukitu egin jaken, ze, artzain bako ardiak lez ebiltzan, eta luzaro irakasten hasi jaken.

Jaunak esana.



URTEAN ZEHARREKO XVI. DOMEKA

C urtean

I. Irakurgaia

Jauna, ez jarraitu aurrera
zeure morroiagaz gelditu barik.

Hasiera liburutik

Has 18, 1-10a

    Egun hareetan, Jauna agertu jakon Abrahami Mambreko artadian. Abraham oihal-txabolaren sarreran jesarrita egoan, berorik handieneko orduan. Begiak jasorik, hiru gizonezko ikusi ebazan bere aurrean zutunik. Ikusi orduko, arin-arin joan jaken txabolaren sarreratik eta, ahuspez jarririk, esan eban: «Ene Jauna, gogoko banozu, ez jarraitu aurrera zeure morroiagaz gelditu barik. Ura ekarriko deutsuet, oinak garbitzeko, eta zuhaizpean hartuko dozue atseden. Jatekoa be ekarriko deutsuet, indarbarritu zaitezen, eta gero jarraituko deutsazue bideari; zeozegaitik igaro zarie zeuen morroi honen ondotik». Hareek erantzun eutsoen: «Egizu dinozuna».
    Abraham arin-arin sartu zan oihal-txabolara, Sara emazteagana, eta esan eutson: «Bizkor, egizu orea urun garbiz eta prestatu egizuz opilak». Abraham bera bizi-bizi joan zan kortara eta, zekor gizen on bat aukeraturik, morroi bati emon eutson; honek behingoan atondu eban. Gero, hartu eban Abrahamek gatzatua, esnea eta atondutako zekorra, eta bisitariei eroan eutsen. Hareek jaten eben bitartean, zutunik egon zan bera euren ondoan zuhaizpean.
    Amaitzean, itaundu eutsoen: «Non da Sara, zure emaztea?» Abrahamek erantzun: «Hor, oihal-txabolan». Hareetako batek esan eutson: «Urtebete barru ziur bihurtuko naiatzu, eta ordurako zure emazte Sarak semea izango dau».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 15 [14], 2-3a. 3b-4b. 5 (R/. 1a)


R/.   Jauna, nor dagoke zure etxean?

V/.   Akatsik barik eta zuzen jokatzen dauana;
bihotzean egiazale izan
ta mihinaz inor bezten ez dauana. R/.

V/.   Hurkoari gatxik egiten ez deutsana,
auzokoa iraintzen ez dauana.
Jaunak baztertua gitxiesten dauana
eta  jainkozaleak ohoratzen dituana. R/.

V/.   Dirua lukurreriaz mailegatzen ez dauana
ezta errubakoaren kaltetan eskupekorik hartzen be.
Holan jokatzen dauana
ez da sekula kili-kolo egongo. R/.

 

II. Irakurgaia

Gizaldietan gordeta egondako asmo ezkutua,
eta orain fededunei agertua.

San Paulo Apostoluak Kolosarrei egindako epistolatik

Kol 1, 24-28

    Senideok: Pozik nago orain, zuen alde jasaten ditudan sufrimentuakaitik; holan, neure gorputzean jasaten dodazan atsekabeen bidez Kristoren atsekabeak osotzen ditut, haren gorputza dan Eleizearen alde. Jainkoak Eleizearen zerbitzari egin nau eta bere mezua zuei oso-osorik adierazoteko eginkizuna emon deust.
    Mezua Jainkoaren asmo ezkutuari buruzkoa da, gizaldietan eta belaunaldietan gordeta euki ondoren, orain Jainkoak bere fededunei agertu deutsena. Honeei jakinazo nahi izan deutse Jainkoak zein aberats eta aintzatsu dan jentilentzat asmo ezkutu hori; zuengan dan eta aintzarako itxaropen dozuen Kristori buruz jardun naz zuekin. Kristo hauxe dihardugu iragartzen, danei aholku emonez eta jakituria guztiaz irakatsiz, danak euren kristau-bizitzan heldutasun betera heldu daitezan.

Jaunak esana

          

Aleluia

Ik. Lk 8, 15

R/.   Aleluia.

V/.   Zorionekoak Jainkoaren hitza
       
bihotz onez eta zabalez entzunik,
        barruan gorde eta iraupenez frutua emoten dabenak. R/.

 

Ebanjelioa

Martak etxean hartu eban.
Mariak alderdirik onena aukeratu dau.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lk 10, 38-42

    Aldi haretan, Jesus herritxu baten sartu zan, eta Marta eritxon emakume batek etxean hartu eban. Baeban honek Maria izeneko ahizta bat, eta berau, Jaunaren oinetan jesarrita, haren berbea entzuten egoan.
    Marta, ostera, lanpetuta ebilen etxeko zereginetan. Orduan, Martak Jesusen aurrean jarri eta esan eutson: «Jauna, ez ete deutsu ardura nire ahiztak lan guztia nire gain izteak? Esaiozu laguntzeko».
    Jaunak, ostera, erantzun eutson: «Marta, Marta, gauza askogaitik zabiltz arduratuta eta larri; baina bakarra da beharrezko. Alderdirik onena aukeratu dau Mariak, eta ez deutso inork kenduko».

Jaunak esana.