UZ-13-C


URTEANZEHARREKO XIII. DOMEKA

C urtean

I. Irakurgaia

Eliseok, jagi eta Eliasi jarraitu eutson.

Erregeak lehenengo liburutik

1 Erg 19, 16b. 19-21

    Egun hareetan, Jaunak esan eutson Eliasi: «Igurtzi egizu Eliseo, Xafaten semea, Abel-Meholakoa, zeure ondorengo profeta».
    Joan zan Elias menditik, eta Eliseo, Xafaten semea, aurkitu eban goldean; hamabi idi-pare ebazan aurrean, berak hamabigarrena eroiala. Ondotik igarotzean, Eliasek bere soingainekoa bota eutson gainera. Eliseo, orduan, idiak itzirik, Eliasen atzetik joan zan arineketan eta esan eutson: «Itzi egidazu, arren, aitari eta amari agur esaten, eta jarraituko deutsut gero». Eliasek esan eutson: «Zoaz, baina bihurtu. Badakizu zer egin deutsudan».
    Joan zan Eliseo, idi-parea hartu eta oparitzat hil eban; buztarriaz su egin, haragia erre eta jaten emon eutson jenteari. Gero jagi eta Eliasi jarraitu eutson, haren zerbitzura jarriz.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 16 [15], 1-2a eta 5. 7-8. 9-10. 11 (R/. ik. 5a)


R/.   Zeu zara, Jauna, nire ondarea.

V/.   Gorde nagizu, Jainko,
Zugan naz-eta babesten.
Hau dinotsat Jaunari: «Zeu zaitut neure jaube».
Jauna, Zeu zaitut neure ondarea, neure edontzia,
zure esku dago nire zoria. R/.

V/.   Bedeinkatzen dot Jauna, aholku deust-eta emoten,
gauez be berak dau nire barrua hezten.
Begi aurrean dot Jauna eten barik;
ha eskuman dodala, ez naiteke dardaratu. R/.

V/.   Horregaitik, alai dot bihotza, pozik erraiak,
atsedenean nasai gorputza.
Ez dozu-eta nire bizia Herio-lezara jaurtiko,
ezta be zeure fededuna hilobian galtzen itziko. R/.

V/.   Bizirako bidea erakutsiko deustazu;
alaitasunez beteko nozu zeure aurrean,
zorionez betiko zeure ondoan. R/.

 

II. Irakurgaia

Askatasunera dei egin deutsue Jainkoak.

 San Paulo Apostoluak Galaziarrei egindako epistolatik

Ga 5, 1. 13-18

    Senideok: Libre izateko askatu gaitu Kristok; iraun egizue, beraz, sendo eta ez makurtu barriro esklabotzaren buztarpera.
    Zuei, senideoi, askatasunera dei egin deutsue Jainkoak; baina ez bekizue askatasun hori atxakia izan grina txarren arabera bizitzeko; bestela baino, egin zagiezala maitasunak alkarren zerbitzari. Izan be lege osoa betetzen da-eta agindu bakar hau bete ezkero: «Maitatu egizu zeure lagun hurkoa zeure burua lez». Baina alkarri haginka eta alkar iruntsi beharrean bazabiltze, alkar hondatuko dozue azkenean.
    Hauxe dinotsuet: Bizi zaiteze Espirituari dagokionez, eta ez grina txarrei jarraituz. Giza grinak Espirituaren aurkakoak dira, eta Espiritua giza grinen aurkakoa. Indar bi horreek alkarren aurka dabiltz; holan, ez dozue nahi zeunkiena egiten. Espirituak gidatzen bazaitue, ostera, ez zagoze legearen menpe.

Jaunak esana.

 

Aleluia

1 Sm 3, 9; Jn 6, 68c

R/.   Aleluia.

V/.   Egin berba, Jauna; zure morroi hau zuhur dago;
        zure hitzek betiko bizia dabe. R/.

 

Ebanjelioa

Jerusalemera joateko erabagia hartu eban.
Edonora jarraituko deutsut.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lk 9, 51-62

    Jesusek, mundu honetatik eroana izateko sasoia etorkiola, Jerusalemera joateko erabagia hartu eban. Mandatariak bialdu zituan aurretik, eta Samariako herri baten sartu ziran, Jesusi ostatua prestatzera. Baina herrikoek ez eben hartu gura izan, Jerusalemera joialako.
    Hori ikusirik, Santiago eta Joan ikasleek esan eutsoen: «Jauna, aginduko dogu zerutik sua jatsi eta kiskaldu dagizala?» Baina Jesusek, hareekana bihurturik, agiraka egin eutsen. Gero beste herri batera joan ziran.
   
Bidean joiazala, batek esan eutson Jesusi: «Edonora jarraituko deutsut». Jesusek erantzun eutson: «Lukiek baditue zuloak eta zeruko hegaztiek habiak; Gizonaren Semeak, ostera, ez dauka burua non ezarririk».
    Beste bati esan eutson: «Jarraitu Niri». Baina harek erantzun: «Jauna, itzi eidazu lehenago neure aitari lur emotera joaten». Jesusek erantzun eutson: «Itzi hildakoei euren hildakoei lur emoten; zu zoaz Jainkoaren erreinua iragartzera».
    Beste batek, barriz, esan eutson: «Jarraituko deutsut, Jauna, baina itzi eidazu lehenago etxekoei agur egiten». Jesusek erantzun eutson: «Goldeari heldu eta atzera begiratzen dauana ez da gai Jainkoaren erreinurako».

Jaunak esana.