C urtean
I. Irakurgaia
Prest nozu, bialdu neu.
Isaias Profetaren liburutik
Is 6, 1-2a. 3-8
Ozias erregea hil zan urtean, Jauna ikusi neban, tronu altu eta garai baten jesarrita; haren mantu-hegoak tenplua betetzen eban. Suzkoak lako izaki batzuk ebazan gainean; seina hego ebezan. Eta honan egiten eutsoen oihu alkarri:
«Santu,
santu, santua, Jaun ahalguztiduna!
Lur
osoa betetzen dau haren aintzak!»
Ahotsaren oihuz tenpluko ate-orpoek dardara
egin eben, eta tenplua kez bete zan. Nik esan neban:
«Ai
ene, galdua naz!
Ezpan
kutsatuak ditut
eta
ezpan kutsatuak dituan herrian bizi naz.
Errege
eta Jaun ahalguztiduna ikusi dot neure begiz!»
Une haretan, suzkoak lako izaki hareetako bat etorri jatan hegaz, altaratik suhatzez hartutako txingarra eskuetan ekarrela, eta txingarraz ahoa ikutu eustan, esanez:
«Hara,
txingar honek ezpanak ikutu deutsuz;
kendu
dozu, bada, gaiztakeria,
parkatu
jatzu pekatua».
Orduan, Jaunaren ahotsa entzun neban esaten: «Nor bialduko dot? Nor izango dogu mandatari?» Eta nik erantzun: «Prest nozu, bialdu neu».
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 138 [137], 1-2a. 2b-3. 4-5. 7c-8 (R/. ik. 1c)
R/. Eresi egingo deutsut, Jauna, aingeruen aurrean.
V/. Eskerrak emoten deutsudaz, Jauna,
bihotz-bihotzez,
nire
hitzak entzun dozuzalako;
kantuz
goratzen zaitut aingeruen aurrean,
eta
zure tenplu santurantz begira ahuspezten naz. R/.
V/. Eskerrak emoten deutsadaz zure izenari,
zure
maitasun eta leialtasunagaitik,
Parebakoak
egin dozuz-eta
zeure
izena eta agintzaria.
Dei
egin neutsunean, erantzun zeunstan,
kemena
bizkortu bihotzean. R/.
V/. Eskerrak emongo deutsuez, Jauna, munduko
errege guztiek,
zure
ahoko berbak entzutean;
kantuz
ospatuko dabez Jaunaren bideak:
handia
da Jaunaren ospea benetan. R/.
V/. Eskua luzatu eta salbatzen nozu.
Dana
egingo dau Jaunak nire alde.
Jauna,
zure maitasuna betikoa,
ez
itzi bertan behera zeure eskuen lana! R/.
II. Irakurgaia
Irakurgai hau era laburrean ik. honen ondoren.
Horixe
da iragartzen dogun mezua,
eta
horixe zuek sinistu dozuena.
San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo epistolatik
1 Ko 15, 1-11
Senideok: Irakatsi neutsuen Barri Ona
gogoratzen deutsuet. Zuek onartu egin zenduen, horretan sendo oinarrituak
zagoze eta salbatu be horrexek salbatzen zaitue, nik iragarri neutsuen lez
eusten badeutsazue. Bestela, alperrik sinistuko zenduen.
Nik hartu nebana bera eskualdatu neutsuen
lehenengotatik, hau da, Kristo gure pekatuakaitik hil zala, Liburu Santuek esan
eben lez; hobiratu egin ebela eta hirugarren egunean biztu egin zala, Liburu
Santuek esan eben lez; Pedrori agertu jakola, eta ondoren Hamabiei; gero,
bostehun eta gehiago senideri agertu jakon batera –horreetako gehienak bizirik
dagoz oraindino, batzuk hil badira be–; gero, Santiagori agertu jakon, ondoren
apostolu guztiei.
Beste guztiei agertu ondoren, neuri be
agertu jatan, sasoia baino lehen jaiotako umea lakoa nazan honi.
Izan be, apostoluetan txikiena naz ni,
apostolu-izenik be merezi ez dauana, Jainkoaren Eleizea pertsegitu neban-eta.
Baina nazan hau Jainkoak bere graziaz egin nau, eta haren grazia ez da nigan
fruturik bakoa izan; gainerako apostolu guztiek baino lan gehiago egin dot,
egin be; ez, ostera, nik, ezpadaze, Jainkoak nigaz, bere graziaz.
Holan, bada, bai hareek eta bai nik, horixe
da iragartzen dogun mezua, eta horixe zuek sinistu dozuena.
Jaunak esana.
II. irakurgaia era laburrean.
Horixe
da iragartzen dogun mezua,
eta
horixe zuek sinistu dozuena.
San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo epistolatik
1 Ko 15, 3-8. 11
Senideok: Nik hartu nebana bera eskualdatu
neutsuen lehenengotatik, hau da, Kristo gure pekatuakaitik hil zala, Liburu
Santuek esan eben lez; hobiratu egin ebela eta hirugarren egunean biztu egin
zala, Liburu Santuek esan eben lez; Pedrori agertu jakola, eta ondoren
Hamabiei; gero, bostehun eta gehiago senideri agertu jakon batera –horreetako
gehienak bizirik dagoz oraindino, batzuk hil badira be–; gero, Santiagori
agertu jakon, ondoren apostolu guztiei.
Beste guztiei agertu ondoren, neuri be
agertu jatan, sasoia baino lehen jaiotako umea lakoa nazan honi.
Holan, bada, bai hareek eta bai nik, horixe
da iragartzen dogun mezua, eta horixe zuek sinistu dozuena.
Jaunak esana.
Alelui
Mt 4, 19
R/. Aleluia.
V/. Zatoze
Nigaz, dino Jaunak,
eta
giza arrantzale egingo zaituet. R/.
Ebanjelioa
Dana itzirik, jarraitu egin eutsoen.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 5, 1-11
Aldi haretan, jentea gainera etorkion
Jesusi, Jainkoaren hitza entzuteko; Genesaret laku-ertzean egoan Jesus. Txalupa
bi ikusi zituan ur-bazterrean geldi; arrantzaleak, ontzietatik jatsita, sareak
garbitzen ebiltzan. Igon eban txalupa hareetako batera, Simonenera, eta
lehorretik apur bat aldentzeko eskatu eutson. Gero, jesarri eta txalupatik
jenteari irakasten jardun eban.
Berbaldia amaitzean, esan eutson Simoni: «Jo
itsaso zabalera eta bota sareak arrantzurako». Simonek erantzun eutson: «Maisu,
gau osoan eginahalak egin eta ez dogu ezer harrapatu; halan be, Zeuk dinozun
ezkero, bota egingo dodaz sareak». Halan egin eben eta, hainbesteko
arrain-piloa harrapatu eben ze, sareak lehertzeko zorian egozan. Beste
txalupako lagunei keinu egin eutsien laguntzera etortzeko; etorri ziran, eta
txalupa biak bete ebezan, ia-ia hondoratzeraino.
Gertatua ikusirik, Jesusen oinetan ahuspeztu
zan Simon Pedro, esanez: «Alde nigandik, Jauna, pekataria naz-eta». Egon be,
zur eta lur egozan Simon eta harekin ziran guztiak, egineko arrantzuagaitik,
eta gauza bera gertatzen jaken Simonen arrantzu-lagun ziran Zebedeoren seme
Santiagori eta Joani be. Baina Jesusek esan eutson Simoni: «Ez bildurrik izan,
hemendik aurrera giza arrantzale izango zara».
Hareek txalupak lehorrera atara zituen eta,
dan-dana itzirik, jarraitu egin eutsoen.
Jaunak esana.
HOMILIA
Senideok: hauxe litzateke gaurko galderea, geure buruari egin beharrekoa, Liturgiak eskeini deuskun Jainkoaren berbearen arabera: Banaz Jainkoaren berbearen egarri? Banago Jesusi entzuteko irrikaz?
Hauxe dalako ebanjelioaren hasieran esan jakuna: edonondik etorten ei jakozan Jesusi hari entzutearren. Hurreratuko gintxakoz geu ere arretaz? Zer esango leuskigu? Eta, batez ere, zer eskatuko edo aginduko leuskigu?
Onartzen badogu Jesusek Jainkoaren Erreinua iragarri ebala, eta iragarketa hori egiteko lagunen bila dabilala, Jesus gizon-emakumeen arazoek arduratuta bizi dala esan geike, eta, harei erantzuteko, Jainkoagana joten dauala; Jainkoak gizakion ona eta zoriona baino gura ez dauzalako.
— Hori ondorioetan agertzen da. Eta Jesusen iragarpenaren ondorioak ez dira, ba, mirestekoak, ez-eta arrakastatsuegiak be… Bai: baztertuengana hurreratu zan, gaixo batzuk osatu zitun, Legeak gaitzetsiei askapena iragarri eutsen eta pekatari askori parkamena luzatu eutsen…, baina kurutzean hil eben eta hantxe amaitu zan dana.
Bai? Ala jarraitzaileen bizitza bizibarritu egin zan? Hauxe da sinisten doguna, eta haren berbea entzun eta Jainkoaren Erreinua iragarteari ekiteak merezi dauala uste dogu.
— Munduak sufritzen dauan GOSEA aitatzen jaku gaur, eta Esku Alkartuak erakundeak horren ezabatzean diharduan lanari bultza egiteko laguntza eskatzen jaku. Gure laguntzak ez dau GOSEAren arazoa konponduko. Eta, horregaitik, ez dauala merezi uste izan behar dogu? Ala, gure laguntzaz, Jainkoaren Erreinuaren iragarle garala uste izan behar dogu?
Arazoak konpondu guran… Trumpek, Netanyahuk, Elon Muskek eta ahaltsu, dirutsu eta enparauek dihardue? Israel eta Palestinaren arteko gatazkaren konponbidea, palestinarrak euren lurraldetik atara eta han-hor-hemen sakabanatuak izatea dala uste dabe. Horrela Israeldarrak bakean bizi izango dirala-ta.
Halantxe izango da, behar bada. Baina zelan geratzen dira Palestinarrak?
Hau da, senideok: ahaltsu eta aberatsei jaramon egin ezkero, zelan geratzen dira pobreak, gaixoak, gauza ez diranak, ezgaituak…, gizakien arteko gehiengoa, eta, hareen artean, gosez bizi diranak?
— Jainkoak ez deutso erreparatzen gure iraganari. Dei egiten deusku bere Semearen bidez.
Isaias aho zikineko zan, eta harriduraz hartzen dau Jainkoagandiko deia; eta aldatzeko eta bialdua izateko prestutasuna agertu eban.
Paulok aurrean erabili ebazan Jesusen jarraitzaileak, baina Berbiztuaren esanetara jarriz, haren iragarle sutsu bihurtu zan.
Pedrok, atxakia lez, bere makaltasuna agertzen deutso Jesusi; baina prest dago haren esanetara jarteko…
Ze atxakia jarten deutsagu guk Jesusen deiari?: Zaharregiak garala?; astirik ez daukagula?; beste batek hobeto egingo dauala?... Eta Jesusen jarraitzaile garala dinogu!
Autortu daigun, senideok: ez da gure eginbeharra munduko arazoak konpontzea, Jainkoaren Erreinua iragartea eta gauzatzea baino. Eta hori —beste ezer ez bada be, hori— geure esku dago. Uste osoa Jesusengan jarri eta atxakiak alde batera itzi behar!