UZ11_A-B-C


URTEAN ZEHARREKO XI. DOMEKA

A urtean

(PPTX

 (Fray Marcos)

I. Irakurgaia

Abade-erreinu izango zaituet eta Neuri sagaratutako herri.

Urteera liburutik

Ur 19, 2-6a

    Egun hareetan, israeldarrek Sinai basamortura heldu eta han ipini eben kanpalekua, mendiaren aurrez aurre.
    Jainkoagana igon eban Moisesek. Jaunak menditik dei egin eta esan eutson: «Hitz egin Jakoben ondorengoei, israeldarrei, eta adierazo hau: "Ikusi dozue zer egin deutsedan egiptoarrei, eta zuek zelan eroan zaituedan arrano-hegoetan eta Neugana ekarri. Orain, beraz, nire esana betetzen badozue eta nire ituna gordetzen, zeuok izango zaituet herri guztien artean neure jaubetza berezia, nirea da-eta lur osoa; abade-erreinu izango zaituet eta Neuri sagaratutako herri"».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 100 [99], 2. 3. 5 (R/. 3c)

 

R/.   Jaunaren herri gara eta haren larreko artalde.

V/.   Lurtar guztiok, egin irrintzi Jaunari,
zerbidu egizue Jauna pozaren pozez,
sartu zaiteze oihu alaiz haren aurrera. R/.

V/.   Jakizue Jauna dala Jainkoa,
harek egin gaitu, harenak gara,
haren herri eta haren larreko artalde. R/.

V/.   «Ona da-eta Jauna,
haren maitasuna betikoa,
haren leialtasuna gizaldiz gizaldikoa». R/.

 

II. Irakurgaia

Jainkoak beragaz adiskidetu baginduzan
bere Semearen heriotzari esker,
zenbatez gehiago ez ete gaitu salbatuko haren biziari esker!

San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako epistolatik

Erm 5, 6-11

    Senideok: Oraindino pekatupean indar barik gengozala, Kristo, Jainkoak erabagitako sasoian, gaiztoen alde hil zan. Nekez onartuko leuke norbaitek pertsona zuzen baten alde hiltzea; halan be, pertsona on baten alde badaiteke norbait hiltzeko prest egotea.
    Baina Kristo, ondino gu pekatari ginala, hil zan gure alde; honan erakusten dau Jainkoak guri deuskun maitasuna.
    Orain Jainkoak Kristoren odolaz zintzotzat hartu gaituala, zenbatez gehiago ez ete gaitu salbatuko zigorretik beraren bitartez!
    Arerio ginala, Jainkoak beragaz adiskidetu baginduzan bere Semearen heriotzari esker, zenbatez gehiago, behin adiskidetu ezkero, ez ete gaitu salbatuko haren biziari esker! Askoz gehiago, harrotu be egiten gara Jainkoaz Jesu Kristo gure Jaunari esker, honen bitartez Jainkoagaz adiskidetzea lortu dogu-eta dagoeneko.

Jaunak esana.

 

Aleluia

Mk 1, 15

R/.   Aleluia.

V/.   Hurrean da Jainkoaren erregetza, dino Jaunak:
        bihotz-barritu zaiteze eta sinistu Barri Ona. R/.

 

Ebanjelioa

Jesusek bere hamabi ikasleei dei egin
eta bialdu egin ebazan.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 9, 36–10, 8

    Aldi haretan, jentetza ikustean, erruki izan eban Jesusek, nekatua eta lur jota egoan ha jentea, artzainik bako ardiak lez. Orduan, ikasleei esan eutsen: «Uzta ugaria da, baina langileak gitxi. Erregutu, bada, uzta-jabeari, bialdu dagizan beharginak bere uztara».
    Jesusek, hamabi ikasleei dei eginik, ahalmena emon eutsen espiritu txarrak botatzeko eta gatx eta gaixotasun guztiak osatzeko.
    Hona hemen hamabi apostoluen izenak: lehenengo Simon, Pedro deritxona, eta honen anaia Andres; Santiago Zebedeorena eta honen anaia Joan; Felipe eta Bartolome, Tomas eta Mateo zergalaria, Santiago Alfeorena eta Tadeo, Simon Zelote eta Judas Iskariote, Jesus saldu ebana.
    Hamabi horreek bialdu zituan Jesusek, ohar honeek eginez: «Ez joan jentilen lurraldeetara, ez sartu Samariako herrialdean be, ezpada ze zoaze Israel herriko ardi galduetara. Bidean zoazeela, iragarri hurrean dala zeruetako erreinua. Osatu egizuez gaixoak, biztu hildakoak, garbitu legenardunak, bota deabruak. Hutsean hartu dozue, emon hutsean.

Jaunak esana.



(F. Marcos)

URTEAN ZEHAR XI. DOMEKA

B urtean

I. Irakurgaia

Zuhaitz txikia goratu egiten dot Nik.

Ezekielen Profezia liburutik

Ez 17, 22-24

    Honan berba egiten dau Jainko Jaunak:
«Zedro garaiaren adaburutik hartuko dot Neuk be,
kimu bat hartuko dot haren adar-puntatik,
eta mendi garai eta bikain baten landatuko.
Israelgo mendi garaian landatuko dot;
adarrak zabalduko ditu eta frutua emongo,
zedro bikain bihurtuko.
Mota guztietako hegaztiak biziko dira bertan
eta habia egingo haren kerizpean.

Basoko zuhaitz guztiek jakingo dabe
Nik, Jaunak, zuhaitz garaia beheratu
eta txikia goratu egiten dodala,
zuhaitz hezea igartu eta igarra heze-barritu.
Nik, Jaunak, esandakoa bete egingo dot».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 92 [91], 2-3. 13-14. 15-16 (R/. ik. 2a)


R/.  
Bai ederra, Jauna, Zu gorestea!

V/.   Bai ederra, Jauna, Zu gorestea
eta zure izena, Goi-goiko, kantuz ospatzea,
goizean zure maitasuna iragartzea
eta gauean zure leialtasuna! R/.

V/.   Zintzoa palmondoa lez garatuko da,
Libanoko zedroa lez haziko;
Jaunaren etxean landatua,
gure Jainkoaren atarietan garatuko da. R/.

V/.   Zaharturik be emongo dau frutua,
mardul eta heze iraungo dau,
Jauna zuzena dala iragartzeko,
nire harria, gaiztakeriarik ez dauana. R/.

 

II. Irakurgaia

Gorputzean nahiz gorputzetik kanpo,
Jaunari atsegingarri izaten ahalegintzen gara.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako bigarren epistolatik

2 Ko 5, 6-10

    Senideok: Uste onez beteak gagoz beti, jakinik, gorputz honetan bizi garan bitartean, Jaunagandik erbesteratuak gagozala. Sinismenaren argiak gidatzen gaitu, eta ez ikusten dogunak. Uste onez gagoz, bai, baina nahiago geunke gorputz honetatik erbesteratuak izan, Jaunagaz bizitzera joateko.
    Edozelan be, gorputzean nahiz gorputzetik kanpo, Jaunari atsegingarri izaten ahalegintzen gara; guztiok Kristoren auzitegian agertu behar dogu-eta, nork bere ordaina hartzeko, gorputzean bizi zala egindako onaren ala txarraren arabera.

Jaunak esana.

 

Aleluia      

R/.   Aleluia.

V/.   Hazia Jainkoaren hitza da;
        ereilea, barriz, Kristo;
        honi entzuten deutsanak betiko bizia izango dau.  R/.

 

Ebanjelioa

Hazi guztietan txikiena da
eta barazki guztiak baino handiagoa egiten da.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik

Mk 4, 26-34

    Aldi haretan, Jesusek esan eutson jenteari: «Jainkoaren erreinua gizonak lurrean hazia ereitean gertatzen danaren antzekoa da; ha lo nahiz iratzarririk egon, gau eta egun, hazia erne eta garatu egiten da, harek zelan ez dakiala. Lurrak berez emoten dau frutua: lehenengo landarea, gero galburua eta, azkenik, burua bete garau. Eta garia heltzean, igitaiaz ekiten jako, uztaroa da-eta».
    Beste hau be esan eutsen: «Zeren antzeko dala esango geunke Jainkoaren erreinua? Zein parabolaren bidez adierazo geinke? Mostaza-haziaren antzekoa da: lurrean ereitean, hazi guztietan txikiena da; erein eta gero, ostera, gora egiten dau eta beste ortuari guztiak baino handiago egiten da; eta hain handiak dira botatzen dituan adarrak ze, txoriek habia egiten dabe haren gerizpean».
    Holako parabola askoren bidez iragartzen eutsen Jesusek mezua, hareek ulertzeko eran. Ez eutsen ezer irakasten parabola bidez izan ezik; baina bere ikasleei, bakarrean, guztiaren esangurea adierazten eutsen.

Jaunak esana.


 

URTEAN ZEHAR XI. DOMEKA

C urtean

I. Irakurgaia

Parkatu deutsu Jaunak zure pekatua;
ez zara hilko.

Samuel bigarren liburutik

2 Sm 12, 7-10. 13

    Egun hareetan, Natan profetak esan eutson Davidi: «Hona zer dinotsun Jaunak, Israelen Jainkoak: "Neuk igurtzi zaitut Israelgo errege, eta Saulen eskuetatik askatu; zeure nagusiaren etxea emon deutsut eta haren emazteak zeure besoetan ipini; Israelgo eta Judako erreinuak emon deutsudaz. Eta hori gitxi balitz, askoz handiagoak be emongo deutsudaz. Zergaitik gitxietsi dozu Jaunaren esana, haren begietan oker dana eginez? Amondarren eskuz hilarazo dozu Urias hitita ezpataz, eta haren emaztea zeure emazte egin. Horregaitik, Urias hititaren emaztea zeure emazte eginez Ni gitxietsi nozulako, ez jatzu inoiz be burrukarik faltako etxean"».
    Davidek esan eutson Natani: «Pekatu egin dot Jaunaren aurka». Eta Natanek Davidi: «Jaunak, halan be, parkatu deutsu pekatua; ez zara hilko».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 32 [31], 1-2. 5. 7 eta 11 (R/. ik. 5c)

R/.   Parkatu, Jauna, nire pekatuaren errua.

V/.   Zorionekoa hobena kendu
eta pekatua parkatu deutsoena.
Zorionekoa Jaunak errurik botatzen ez deutsana,
barruan maltzurkeriarik ez dauana. R/.

V/.   Orduan, autortu neutsun neure pekatua,
neure errua ez neutsun ezkutatu.
Esan neban: «Autortuko deutsat Jaunari neure hobena»,
eta Zuk parkatu zeunstan neure pekatuaren errua. R/.

V/.   Zeu zaitut babesleku, arriskutik libratzen nozu,
askapen-kantuz inguratzen.
Poztu eta alaitu Jaunagan, zintzoak,
egin pozez oihu, bihotz zuzeneko guztiok. R/.

 

II. Irakurgaia

Honezkero ez naz neu bizi, Kristo bizi da nigan.

San Paulo Apostoluak Galaziarrei egindako epistolatik

Ga 2, 16. 19-21

    Senideok: Badakigu Jainkoak ez dauala gizakia zintzotzat hartzen legea betetzeagaitik, Jesu Kristogan sinisteagaitik baino; eta guk Kristo Jesusengan sinistu dogu, Jainkoak Kristoganako fedeagaitik zintzotzat hartu gagizan, eta ez legea betetzeagaitik. Izan be, Jainkoak ez dau inor zintzotzat hartzen legea betetzeagaitik.
    Ni legeak eroan ninduan legeagazko lokarria etetera, Jainkoarentzat bizitzeko. Kristogaz kurutzeratuta nago, eta honezkero ez naz neu bizi, Kristo bizi da nigan. Eta bere bizia nire alde emoteraino maitatu ninduan Jainkoaren Semeaganako sinismenean oinarriturik bizi dot oraingo neure giza bizitza. Ez dot Jainkoaren onginahia alperreko bihurtu nahi. Baina egia balitz Jainkoak legea betetzeagaitik hartzen gaituala zintzotzat, alperrik hil izango zan Kristo.

Jaunak esana.

          

Aleluia

1 Jn 4, 10b

R/.   Aleluia.

V/.   Jainkoak gu maite izan gaitu,
        eta bere Semea
        gure pekatuen parkamen-oparitzat bialdu dau. R/.

 

Ebanjelioa

          Ebanjelio hau era laburrean ik. honen ondoren.

Hainbesteko maitasuna agertzen dauanean,
pekatu asko parkatu jakon seinale da.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lk 7, 36–8, 3

    Aldi haretan, fariseu batek bazkaltzera gonbidatu eban Jesus. Joan zan, bada, Jesus fariseuaren etxera eta mahaian jarri zan. Honetan, emakume bat, herrian pekatari lez ezaguna, Jesus fariseuaren etxean bazkaltzen zala jakinik, bertara joan zan, harzurizko ontzi bat ukendu eroiala. Jesusen atzean, oinen ondoan, jarri zan negarrez, eta haren oinak malkoz bustitzen hasi zan; gero, uleaz lehortu eta mosukatu ostean, ukenduz igurtzi eutsozan.
    Hori ikusirik, konbidatu eban fariseuak inoan bere barruan: «Benetan profeta balitz, jakin beharko leuke zer-nolakoa dan bera ikutzen diharduan emakumea, pekataria da-eta».
    Jesusek esan eutson: «Simon, badot zerbait zuri esateko». Harek erantzun: «Esaizu, Maisu».
    «Mailegu-emoile batek zordun bi zituan: batak bostehun denario zor eutsozan, eta besteak berrogeta hamar. Nondik ordaindu ez eukela, parkatu egin eutsen biei. Bietako zeinek izango ete dau maiteen?» Simonek erantzun eutson: «Gehien parkatu jakonak, nik uste». Jesusek esan eutson: «Zuzen dinozu».
    Eta, emakumeagana bihurturik, Simoni esan eutson: «Ikusten dozu emakume hau? Zuenean sartu nazanean, zuk ez deustazu oinak garbitzeko urik emon; honek, ostera, malkoz busti deustaz oinak eta bere uleaz lehortu. Zuk ez nozu mosua emonez agurtu; hau, ostera, sartu danetik ez da gelditu nire oinei mosu emoten. Zuk ez deustazu burua olioz igurtzi; honek, ostera, oinak ukenduz igurtzi deustaz. Hauxe dinotsut, beraz: hainbesteko maitasuna agertzen dauanean, pekatu asko parkatu jakon seinale da; gitxi parkatu jakonak maitasun gitxi agertzen dau».
    Eta emakumeari esan eutson: «Parkatuak dituzu pekatuak».
    Beste bazkaltiarrak euren artean esaten hasi ziran: «Nor ete dogu pekatuak parkatzen dituan hau?» 

    Baina Jesusek esan eutson emakumeari: «Zeure sinismenak salbatu zaitu. Zoaz bakean».
    Honen ondoren herriz herri eta auzorik auzo ibili zan Jesus, Jainkoaren erregetzaren Barri Ona iragartzen. Beragaz zituan Hamabiak, baita espiritu gaiztoetatik eta gatxetatik osatu zituan andra batzuk be: Maria Magdalena –honengandik zazpi deabru bota zituan–, Joana –Herodesen etxejagole Kusaren andrea–, Susana eta beste asko; honeek euren ondasunez laguntzen eutsien Jesusi eta honen ikasleei.

Jaunak esana.



           Ebanjelioa era laburrean.

Hainbesteko maitasuna agertzen dauanean,
pekatu asko parkatu jakon seinale da.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lk 7, 36-50

    Aldi haretan, fariseu batek bazkaltzera gonbidatu eban Jesus. Joan zan, bada, Jesus fariseuaren etxera eta mahaian jarri zan. Honetan, emakume bat, herrian pekatari lez ezaguna, Jesus fariseuaren etxean bazkaltzen zala jakinik, bertara joan zan, harzurizko ontzi bat ukendu eroiala. Jesusen atzean, oinen ondoan, jarri zan negarrez, eta haren oinak malkoz bustitzen hasi zan; gero, uleaz lehortu eta mosukatu ostean, ukenduz igurtzi eutsozan.
    Hori ikusirik, konbidatu eban fariseuak inoan bere barruan: «Benetan profeta balitz, jakin beharko leuke zer-nolakoa dan bera ikutzen diharduan emakumea, pekataria da-eta».
    Jesusek esan eutson: «Simon, badot zerbait zuri esateko». Harek erantzun: «Esaizu, Maisu».
    «Mailegu-emoile batek zordun bi zituan: batak bostehun denario zor eutsozan, eta besteak berrogeta hamar. Nondik ordaindu ez eukela, parkatu egin eutsen biei. Bietako zeinek izango ete dau maiteen?» Simonek erantzun eutson: «Gehien parkatu jakonak, nik uste». Jesusek esan eutson: «Zuzen dinozu».
    Eta, emakumeagana bihurturik, Simoni esan eutson: «Ikusten dozu emakume hau? Zuenean sartu nazanean, zuk ez deustazu oinak garbitzeko urik emon; honek, ostera, malkoz busti deustaz oinak eta bere uleaz lehortu. Zuk ez nozu mosua emonez agurtu; hau, ostera, sartu danetik ez da gelditu nire oinei mosu emoten. Zuk ez deustazu burua olioz igurtzi; honek, ostera, oinak ukenduz igurtzi deustaz. Hauxe dinotsut, beraz: hainbesteko maitasuna agertzen dauanean, pekatu asko parkatu jakon seinale da; gitxi parkatu jakonak maitasun gitxi agertzen dau». Eta emakumeari esan eutson: «Parkatuak dituzu pekatuak».
    Beste bazkaltiarrak euren artean esaten hasi ziran: «Nor ete dogu pekatuak parkatzen dituan hau?»
    Baina Jesusek esan eutson emakumeari: «Zeure sinismenak salbatu zaitu. Zoaz bakean».     

Jaunak esana