UZ-31-C


URTEAN ZEHARREKO XXXI. DOMEKA

C urtean

I. Irakurgaia

Guztiez dozu errukia, izaki guztiak maite dozuz-eta.

Jakituria liburutik

Jkt 11, 22–12, 2

    Jauna, mundu osoa zure aurrean balantzan izpitxua da,
lurrean gelditzen dan goizeko iruntz-tanta.
Guztiez dozu errukia, dana egin zeinkelako,
eta gizakien pekatuei ez ikusiarena egiten deutsezu,
bihotz-barritu daitezan.
Izaki guztiak maite dozuz,
eta ez dozu Zeuk egindako ezer gitxiesten;
zeozeri gorroto izan bazeuntso, ez zeunkean-eta egingo.

Zelan iraungo leuke zeozerk, Zuk gogoko ez bazendu?
Eta zelan jarraituko izaten, Zuk dei eginda sortu ez balitz?

Bihozbera zara Zu izaki guztiekin,
zureak dira-eta, bizidunak maite dozuzan Jaun horrenak,
eta zure espiritu hilezkorra guztiengan dago.
Horregaitik, apurka-apurka zuzenduarazoten dozuz errudunak,
euren pekatuak gogoratuarazoz zuzentzen dozuz,
txarretik urrundu daitezan eta Zugan, Jauna, sinistu dagien.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 145 [144], 1-2. 8-9. 10-11. 13c-14 (R/. 1)

R/.   Nire Jainko, nire errege,
        bedeinkatuko dot zure izena betiere.

V/.   Goratuko zaitut, nire Jainko, nire errege,
bedeinkatuko dot zure izena betiere.
Egunero zaitut bedeinkatuko,
beti dot zure izena goratuko. R/.

V/.   Errukiorra eta bihozbera da Jauna,
hasarregatxa eta onginahiz betea.
Ona da Jauna guztientzat,
errukiz betea bere sorkari guztientzat. R/.

V/.   Goratu zagiezala, Jauna, zeure sorkari guztiek,
bedeinkatu zeure fededunek;
aitatu begie zure erregetza ospetsua,
berba egin begie zure ahalmenaz. R/.

V/.   Fidagarria da Jauna bere hitz guztietan,
leiala bere egintza guztietan.
Jaunak eusten deutse jausteko zorian dagozanei,
eta jasotzen ditu lur joak. R/.

 

II. Irakurgaia

Jesus gure Jaunaren izena goratua izango da zuengan,
eta zuek harengan.

San Paulo Apostoluak Tesalonikarrei egindako bigarren epistolatik

2 Ts 1, 11–2, 2

    Senideok: Otoitzean gagoz beti zuen alde, gure Jainkoak bere deiaren gai egin zagiezan, eta bere ahalmenaz bere betera eroan dagian onerako dozuen gogoa eta zuen sinismenaren jarduera. Holan, Jesus gure Jaunaren izena goratua izango da zuengan, eta zuek harengan, gure Jainkoaren eta Jesu Kristo gure Jaunaren onginahiaren arabera.
    Senideok, Jesu Kristo gure Jaunaren azkeneko etorreraz eta gu haregaz alkartuko garan uneaz, hau eskatzen deutsuegu: ez dagizuela arinegi burua galdu, ezta kezkatu be, Jaunaren eguna gainean dala dinoan goi-agerpen bat edo adierazpen bat nahiz guk egina ei dan gutun bat dala-eta.

Jaunak esana.

 

Aleluia

Ik. Jn 3, 16

R/.   Aleluia.

V/.   Hain maite izan eban Jainkoak mundua,
        bere Seme bakarra emon eutson;
        harengan sinisten dauanak betiko bizia dau. R/.

 

Ebanjelioa

Gizonaren Semea, galdua egoana bilatzera
eta salbatzera etorri da.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lk 19, 1-10

    Aldi haretan, Jesus Jerikon sartu eta herrian zehar joian. Bazan han Zakeo izeneko gizon bat, zergalari-buru zana, oso aberatsa. Jesus nor zan ikusi nahirik ebilen Zakeo, baina ezin eban jentetzagaitik, txikia zan-eta. Arineketan aurrera joan eta ikondo batera igon eban Jesus ikusteko, ze, handik igaro behar eban.
    Jesusek, leku haretara heltzean, gora begiratu eta esan eutson: «Zakeo, jatsi behingoan, gaur zure etxean gelditu behar dot-eta». Behingoan jatsi zan eta pozik hartu eban etxean. Hori ikusirik, danak marmarka hasi ziran: «Pekatari baten etxera joan dok ostatuz».
    Zakeok, ostera, zutunik jarrita, esan eutson Jaunari: «Jauna, neure ondasunen erdiak behartsuei emongo deutsedaz eta, inori ezer ostu badeutsat, lau halako bihurtuko deutsat».
    Jesusek esan eutson: «Gaur salbazinoa etorri da etxe honetara, ze, berau be Abrahamen ondorengoa da. Izan be, Gizonaren Semea galdurik egoana bilatzera eta salbatzera etorri da».

Jaunak esana.