URTEAN ZEHARREKO XVII. DOMEKA
C urtean
I. Irakurgaia
Ez zaitez
hasarratu, ene Jauna,
hizketan
jarraitzen badot.
Hasiera liburutik
Has 18, 20-32
Egun hareetan, Jaunak esan eban: «Izugarria
da Sodomaren eta Gomorraren kontrako salakuntza, eta larriegia uri horreen
pekatua. Salakuntza hori egia ala guzurra dan ikusi behar dot».
Gizasemeek handik urten eta Sodomarantz jo
eben; Abraham, barriz, Jaunaren aurrean zutunik gelditu zan. Hurreraturik, esan
eutson Abrahamek: «Benetan, errubakoa be galdu egin behar ete dozu errudunagaz
batera? Beharbada, badira berrogeta hamar errubako urian. Horreek be galdu egin
behar ete dozuz? Ez ete deutsazu parkatuko uriari berrogeta hamar errubako
horreekaitik? Ospa zugandik holakorik egitea, errubakoa errudunagaz batera
hilazotea! Zelan jokatuko dozu, bada, bardin batagaz zein besteagaz? Zuk ez
holakorik! Munduaren epaileak ez ete dau zuzenbiderik egingo?»
Jaunak erantzun eutson: «Sodomako uri
barruan berrogeta hamar errubako aurkitzen baditut, uri osoari parkatuko
deutsat hareekaitik».
Eta Abrahamek barriro: «Ausardia da benetan
hauts eta errauts nazan honek neure Jaunari hitz egitea. Jazo leiteke berrogeta
hamarrera heltzeko bost falta izatea; uri osoa hondatuko ete dozu bost
horreekaitik?» «Ez –erantzun eutson Jaunak–, ez dot hondatuko, urian berrogeta
bost aurkitzen baditut». Oraindino be Abrahamek: «Jazo leiteke berrogei
besterik ez izatea». Jaunak erantzun: «Ba, ez dot hondatuko berrogei
horreekaitik».
Orduan, Abrahamek esan eutson: «Ez zaitez
hasarratu, ene Jauna, hizketan jarraitzen badot. Jazo leiteke hogeta hamar
besterik ez izatea». «Ez dot hondatuko, hogeta hamar aurkitzen baditut»,
erantzun eutson Jaunak. Abrahamek barriro: «Badakit ausartegia nazala; baina
jazo leiteke hogei besterik ez izatea». Jaunak erantzun: «Ez dot hondatuko
hogei horreekaitik». Eta Abrahamek: «Ez hasarratu, Jauna, beste behin berba
egiten badeutsut. Jazo leiteke hamar besterik ez izatea». Jaunak erantzun
eutson: «Ez dot hondatuko hamar horreekaitik».
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 138 [137], 1-2a. 2b-3. 6-7. 8 (R/. 3a)
R/. Dei egin neutsunean, erantzun zeunstan, Jauna.
V/. Eskerrak emoten deutsudaz, Jauna,
bihotz-bihotzez,
nire
hitzak entzun dozuzalako;
kantuz
goratzen zaitut aingeruen aurrean,
eta
zure tenplu santurantz begira ahuspezten naz. R/.
V/. Eskerrak emoten deutsadaz zure izenari,
zure
maitasun eta leialtasunagaitik,
parebakoak
egin dozuz-eta
zeure
izena eta promesa.
Dei
egin neutsunean, erantzun zeunstan,
kemena
bizkortu bihotzean. R/.
V/. Gorena da, bai, Jauna,
baina
umilari deutso begiratzen;
harroari,
barriz, urrunetik igartzen.
Larrialdian
aurkitzean,
bizia
babesten deustazu arerioen amorruaren aurrean,
eskua
luzatu eta salbatzen nozu. R/.
V/. Dana egingo dau Jaunak nire alde.
Jauna,
zure maitasuna betikoa,
ez
itzi bertan behera zeure eskuen lana! R/.
II. Irakurgaia
Jainkoak
biziazo egin zaitue Kristogaz batera,
pekatu guztiak
parkaturik.
San Paulo Apostoluak Kolosarrei egindako epistolatik
Kol 2, 12-14
Senideok: Bateoaren bidez, Kristogaz
hobiratuak izan zarie, eta biztu be, harengan biztu zarie, ha hildakoen artetik
biztu eban Jainkoaren ahalmenean sinistuz.
Sasoi baten, hilda zengozen zeuen
pekatuakaitik eta erdainbakoak izateagaitik; baina Jainkoak biziazo egin zaitue
Kristogaz batera, pekatu guztiak parkaturik. Gu gatxesten ginduzan epai-agiria
hondatu egin dau eta, kurutzean josiz, ezereztu.
Jaunak esana.
Aleluia
Erm 8, 15c
R/. Aleluia.
V/. Seme-alaba egiten zaituen Espiritua hartu
dozue,
eta
Espirituaren bidez «Abba!», hau da, «Aita!»,
dei
egiten deutsagu Jainkoari. R/.
Ebanjelioa
Eskatu, eta emongo deutsue Jainkoak.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 11, 1-13
Aldi haretan, Jesus otoitzean egoan leku
baten; amaitu ebanean, ikasleetariko batek esan eutson: «Jauna, irakatsi eiguzu
otoitz egiten, Joanek bere ikasleei irakatsi eutsen lez».
Jesusek esan eutsen: «Otoitz egitean, esaizue:
“Aita, santu izan bedi zure izena,
etor bedi zure erreinua,
emoiguzu egunean eguneko ogia,
eta parkatu gure pekatuak
geuk be zor deuskuen guztiei parkatzen
deutsegun ezkero,
eta ez eiguzu itzi tentazinoan jausten”».
Gero, esan eutsen: «Jo dagigun, zuetariko
batek lagun bat daukala eta gauerdian datorkiola, esanez: “Adiskide, emoidazak
hiru ogi, bihurtuko deuazat-eta; lagun bat etorri jatak bidaian eta ez jaukat
zer eskeini”. Emon dagigun, besteak barrutik erantzuten deutsola: “Itzi nagik bakean!
Atea itxita jagok, eta umeak eta ni oheratuak; ezin naitekek emotera jagi”.
Hauxe dinotsuet: adiskidea daualako ez bada be, aspergarri izan ez dakion
behintzat, jagi eta emon egingo deutso behar dauana».
Hauxe dinotsuet, beraz: «Eskatu, eta emongo deutsue
Jainkoak; bilatu, eta aurkituko dozue; jo atea, eta zabalduko deutsue; ze,
eskatzen dauanak hartu egiten dau, bilatzen dauanak aurkitu, eta atea jotzen
dauanari zabaldu egiten jako. Zuetariko nonork, aita izanik, semeak arraina
eskatuta, sugea emongo ete deutso arrainaren ordez? Edota arrautza eskatuta,
eskorpioia emongo ete deutso? Halandaze, zuek, gaiztoak izanik be, zeuen
seme-alabei gauza onak emoten badakizue, zenbat gehiago ez ete deutse zeruko
zuen Aitak Espiritu Santua emongo eskatzen deutsoenei!»
Jaunak esana.