UZ-27-C

 
URTEAN ZEHARREKO XXVII. DOMEKA

C urtean

I. Irakurgaia

Zintzoa bere leialtasunak biziarazoko dau.

Habakuken Profezia liburutik

Hab 1, 2-3; 2, 2-4

    Noiz arte, Jauna, jardun behar dot Zuri erreguka,
Zuk entzun barik?
Noiz arte jardun behar dot oihuka gogorkeriaren aurka,
Zuk salbatu barik?
Zergaitik ikusiarazoten deustazu horrenbeste bidebakokeria?
Zelan egon zeintekez zapalketari begira?
Hondamen eta gogorkeria ugari aurrean,
hasarreak eta burrukak nonahi.

    Orduan, Jaunak erantzun eustan:

«Idatzi egizu agertuko deutsudana,
ezarri taulatxuetan, erraz irakurtzeko eran.
Ikuskari hau ez da beteko epea burutu arte,
baina badoa helbururantz, ez dau huts egingo;
luzatzen bada, zuk itxaron, berandu barik helduko da-eta.
Harroak ez dau bakerik beragan;
zintzoa, ostera, bere leialtasunari esker biziko da».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 95 [94], 1-2. 6-7c. 7d-9 (R/. 7d. 8a)


R/.  
Entzungo ahal dozue gaur Jaunaren berbea:
        «Ez gogortu zeuen bihotza».

V/.   Zatoze, egin deiogun poz-oihu Jaunari,
poz-irrintzi, salbatzen gaituan harriari.
Aurkeztu gakiozan eskerrak emonez,
Egin daigun jai txaloka eta kantari. R/.

V/.   Zatoze, gurtu daigun ahuspezturik,
belaunikatu gaitezan egin gaituan Jaunaren aurrean.
Bera da-eta gure Jainkoa,
eta gu harek larraturiko herria,
haren zainpeko artaldea. R/.

V/.   Entzungo ahal dozue gaur haren ahotsa:
«Ez gogortu bihotza Meriban lez,
Masako egunean basamortuan lez,
tentatu egin ninduen-eta zuen gurasoek,
probatu, Nik eginak ikusi arren». R/.

 

II. Irakurgaia

Ez izan gure Jauna autortzeko lotsarik.

San Paulo Apostoluak Timoteori egindako bigarren epistolatik

2 Tm 1, 6-8. 13-14

    Anaia maitea: Gomendatzen deutsut indarbarritu dagizula nik eskuak ezartzean Jainkoak emon eutsun dohaia, Jainkoak ez deusku-eta bildurti egiten gaituan espiritua emon, indarra eta maitasuna emoten eta geure buruaren jaube egiten gaituan espiritua baino. Ez izan, ba, gure Jauna autortzeko lotsarik, ezta lotsatu be harengaitik kartzelan dagoan honetaz; bestela baino, Jainkoaren indarraz fidaturik, eroan egizuz nekeak nigaz batera Barri Onaren alde.
    Hartu egizuz jarraibidetzat, Kristo Jesusengan oinarritzen diran sinismenaz eta maitasunaz nigandik entzun dozuzan hitz osasungarriak. Zaindu gordailu eder hau, gugan bizi dan Espiritu Santuaren indarraz.

Jaunak esana.

 

Aleluia

1 P 1, 25

R/.   Aleluia.

V/.   Jaunaren hitzak betiko dirau.
        Hitz hau zuei iragarri jatzuen Barri Ona da. R/.

 

Ebanjelioa

Sinismena bazendue!

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lk 17, 5-10

    Aldi haretan, Apostoluek esan eutsoen Jaunari: «Handiagotu sinismena gugan». Jaunak erantzun eutsen: «Sinismena bazendue, mostaza-hazia baizen txikia izanik be, ikondo honi “urten hortik eta landatu itsasoan” esango zeunskioe, eta obedidu egingo leuskizue».
    «Jo daigun, zuetariko batek morroia daukala solo-beharretan edo ardi jagoten. Morroia etxeratzean, “hator behingoan mahaira” esango ete deutso? Ez ete deutso beste hau esango: “Prestatu egidak afaria, jantzi amantala eta zerbidu nagik, nik afaldu bitartean; ondoren, afalduko dok heuk?” Morroiari esker ona zor ete deutso, agindua bete daualako?
    Zuek be gauza berbera: agindutako guztia egin eta gero, esan: “Morroi gauzeztanak gara; egin behar genduana besterik ez dogu egin”».

Jaunak esana.