UZ-04-C


URTEAN ZEHARREKO IV. DOMEKA

C urtean

 (Fray MARCOS)

I. Irakurgaia

Profeta izentatu zindudazan,
nire mezua herriei iragartzeko.

Jeremias Profetaren liburutik

Jr 1, 4-5. 17-19

    Josias erregearen egunetan, honan berba egin eustan Jaunak:

«Amaren sabelean sortu aurretik aukeratu zindudazan;
jaio aurretik sagaratu zindudazan eta profeta izentatu,
nire mezua herriei iragartzeko.
Zu egon prest
Nik aginduko deutsudan guztia hareei adierazotera joateko.
Ez izan hareen bildurrik;
bestela, zeuri sartuko deutsut Nik hareenganako bildurra.
Gotorleku egiten zaitut gaur,
burdinazko zutabe eta brontzezko hesi,
herrialde guztiaren aurka.
Burruka egingo deutsue, baina ez zaitue menperatuko;
zeugaz izango nozu-eta, zu libratzeko».

    Halan dino Jaunak.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 71 [70], 1-2. 3-4a. 5-6ab. 15ab eta 17 (R/. ik. 15ab)

R/.   Nire ahoak iragarriko dau, Jauna,
        zure salbamena.

V/.   Zugan babesten naz, Jauna,
ez nadila behin be lotsagarri geratu.
Libratu nagizu eta atara onik, zuzena zara-eta,
makurtu nigana belarria eta salbatu nagizu. R/.

V/.   Izan zakidaz harkaitz babesle,
nora jo izan dagidan beti;
ni salbatzea erabagi dozu,
Zeu zaitut-eta neure hatx eta gaztelu.
Ene Jainko, askatu nagizu gaiztoaren eskutik. R/.

V/.   Zeu zaitut-eta, Jauna, neure itxaropen,
Zeu, ene Jauna, neure konfiantza gaztetatik.
Zeu izan zaitut euskarri amaren sabeletik,
Zeu neure indar amaren erraietatik. R/.

V/.   Nire ahoak egun osoan iragarriko dau
zure salbazino-asmoa eta -egintza.
Ene Jainko, gaztetatik irakatsi deustazu,
eta gaur arte iragarri ditut zure egintza harrigarriak. R/.

 

II. Irakurgaia

          II. irakurgai hau era laburrean ik. honen ondoren.

Hiru gauza honeek diraue orain: sinismenak, itxaropenak eta maitasunak;
baina hiruretan handiena maitasuna da.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo epistolatik   

1 Ko 12, 31–13, 13

    Senideok: Gura izan egizuez dohairik onenak. Eta orain bide bikainagoa adierazo nahi deutsuet. Nahiz eta gizakien eta aingeruen hizkuntzetan hitz egin, maitasunik ez badot, brontze soinulari eta ezkila tintinlari besterik ez naz. Nahiz eta profezia dohaia izan, nahiz eta misterio guztiak eta munduko jakintza guztiak ezagutu eta mendiak lekuz aldatzeko adinako sinismena izan, maitasunik ez badot, ez naz ezer. Dodan guztia behartsuen artean banatu eta neure gorputza erretzeraino emonda be, maitasunik ez badot, ez deust ezertarako balio.
    Maitasuna eroapen handikoa da eta bihozbera; ez dau bekaizkeriarik, ez handiusterik, ez harropuzkeriarik. Ez da lotsabakoa, ez berekoia, ez hasarrekorra; kaltea ez dau gogoan hartzen. Ez da bidebakokeriaz pozten, egiaz baino. Maitasunak dana parkatzen dau, dana sinisten, dana itxaroten, dana ondo eroaten.
    Maitasuna ez da sekula amatatzen. Profezia dohaia desagertuko da, hizketa arrotzez hitz egitea amaituko, jakintza be desagertuko. Erdizkakoa da-eta gure ezaguera, erdizkakoa gure profezia; eta, bete-betekoa heltzean, desagertu egingo da erdizkakoa. Ume nintzanean, ume lez berba egiten neban, ume lez sentitzen neban, ume lez pentsatzen. Gizon egin nazanean, itzi egin ditut ume-gauzak. Orain dana ilun ikusten dogu, ispiluan lez; orduan, aurrez aurre ikusiko dogu. Orain erdizka ezagutzen dot; orduan, oso-osoan ezagutuko dot, Jainkoak ni ezagutzen nauan lez.
    Hiru gauza honeek diraue orain: sinismenak, itxaropenak eta maitasunak; baina hiruretan handiena maitasuna da.

Jaunak esana.

 

 

          II. irakurgaia era laburrean.

Hiru gauza honeek diraue orain: sinismenak, itxaropenak eta maitasunak;
baina hiruretan handiena maitasuna da.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo epistolatik   

l Ko 13, 4-13

    Senideok: Maitasuna eroapen handikoa da eta bihozbera; ez dau bekaizkeriarik, ez handiusterik, ez harropuzkeriarik. Ez da lotsabakoa, ez berekoia, ez hasarrekorra; kaltea ez dau gogoan hartzen. Ez da bidebakokeriaz pozten egiaz baino. Maitasunak dana parkatzen dau, dana sinisten, dana itxaroten, dana ondo eroaten.
    Maitasuna ez da sekula amatatzen. Profezia dohaia desagertuko da, hizketa arrotzez hitz egitea amaituko, jakintza be desagertuko. Erdizkakoa da-eta gure ezaguera, erdizkakoa gure profezia; eta, bete-betekoa heltzean, desagertu egingo da erdizkakoa. Ume nintzanean, ume lez berba egiten neban, ume lez sentitzen neban, ume lez pentsatzen. Gizon egin nazanean, itzi egin ditut ume-gauzak. Orain dana ilun ikusten dogu, ispiluan lez; orduan, aurrez aurre ikusiko dogu. Orain erdizka ezagutzen dot; orduan, oso-osoan ezagutuko dot, Jainkoak ni ezagutzen nauan lez.
    Hiru gauza honeek diraue orain: sinismenak, itxaropenak eta maitasunak; baina hiruretan handiena maitasuna da.

Jaunak esana.

       

Aleluia               

Ik. Lk 4, 18

R/.   Aleluia.

V/.   Behartsuei Barri Ona emotera bialdu nau Jaunak,
        katiguei askatasuna iragartzera. R/.

 

Ebanjelioa      

Jesus ez da, Elias eta Eliseo lez,
judeguei bakarrik bialdua izan.

  Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik         

Lk 4, 21-30

        Aldi haretan, Jesus honan hasi jaken hitz egiten: «Gaur bete da, orain entzun dozuen Liburu Santuko berba hau». Guztiek Jesusen alde berba egiten eben eta harrituta egozan Jainkoaren onginahiaz esaten zituanakaitik. Baina hau inoen: «Ez ete da, ba, hau Joseren semea?»
        Orduan, Jesusek esan eutsen: «Harako esaera ha gogoratu eragingo deustazue, hurrean: “Sendagile, osatu zeure burua”, eta esango: “Egizuz hemen be, zeure herrian, Kafarnaumen egin ei dituzun gauzak”». Eta gehitu eban: «Hara bene-benetan dinotsuet: Ez da profetarik bere herrian onartua danik. Benetan dinotsuet: Bazan emakume alargunik asko Israelen Eliasen sasoian, hiru urte eta sei hilabetez euria egin barik egonik, lurralde guztian gosete gorria izan zanean; halan be, Jainkoak ez eutson hareetako inori bialdu Elias, Sidon herrialdeko Sareptako alargunari baino. Eta bazan legenardunik asko Israelen Eliseo profetaren sasoian; halanda guzti be, ez zan hareetako inor osatu, Siriako Naaman baino».
        Honeek entzutean, sinagogan egozan guztiak amorruz bete ziran. Eta jagirik, Jesus herritik kanpora atara eta herria jasota egoan mendiko trokara eroan eben, handik behera botatzeko asmotan. Baina Jesus hareen erditik igaro eta bere bidetik joan zan.

Jaunak esana.

(HITZALDIA)


(LAGUNGARRIAK)

 

URTEAN ZEHARREKO  IV.  DOMEKEA  /C

Sarrera agurra

     Senideok: ondo etorri urtean zeharreko laugarren domeka honetako liturgia ospatzera. Ageriko bizitzan sartzeaz bat Jesus gure maisuak aurkitu ebazan oztopoak mahairatuko jakuz: haren egintza batzuk txalotzen dabezan arren, haren bizikereak eta emoten dauzan azalpenek susmoak eta gorrotoa ere sortuazoten dabe bere herritarren artean. Honen aurrean, gure bizikereak zer dinon aztertuko dogu, ba, haren jarraitzaile zintzo izan gura badogu, behintzat. Abestu daigun, jai-giroan sartzeko.

 

Sarrera-abestia

GOAZEN GUZTIOK BATERA Jaunarekin egotera.
Goazen guztiok batera Jaunarekin egotera.

     1 Pozik alkartu gaitezen Aita dogu-ta laguntzen.

     2 Seme-alaba bezela zaindu gagizuz Zuk, Jauna.

     3 Entzun daizala Jaun onak gure poz eta negarrak.

 

Damu-otoitza

     Jesusen osakuntzak eta jakituria txalotzen dogunok, behar bada ez doguz hain eredugarri haren bizikerea eta haren azalpenak, gure bizikerea salatu egiten dabelako. Hartu daigun babes Jainkoaren errukian:

—Jesus Jauna, gure artean Jainkoaren errukia zabaltzen dozuna, erruki, Jauna.

—Jesus Jauna, katiguen askapena iragarten dozuna, Kristo, erruki.

—Jesus Jauna, itsuei ikusmena eta ahulei adorea emoten deutsezuna, erruki, Jauna.

 

Lehenengo irakurgaiari

     Profetea geure bizikerarako eredu izan daiteke: Jainkoaren zerbitzari izatea ez jako errez egiten, baina, harek ez deutsola huts egingo eta eutsiko deutsola jakitean, aurrera egingo dau bildur barik.

 

Erantzun salmoa (Sal 70,1-2.3-4.5-6ab.15ab eta 17)

 R/.     Nire ahoak iragarriko dau, Jauna, zure salbamena.

 

Bigarren irakurgaiari

     Gauza asko egin geikez gure jainkozaletasuna agertzeko eta indartzeko; baina bat dogu beharrezko, ha barik beste guztiak ezer ez dira. Harek besteengana garoaz, euretaz arduratzeko. Entzun!

 

Ebanjelioari

     Beti txalotzen dogu Jesus, ala entzungor egiten deutsagu gure geldokeria eta arduragabekeria salatzen deuskuzanean? Egin deiogun harrerea ebanjelioari, Aleluia abestuz, zutunik. 


ESKARIAK

† Besteak maitatzea ahalbidetzen dau Jainkoak gugan. Jo daigun otoitzera gure bildurretatik atara eta gaurko profeta egin gaizan:

—Elizearen alde: ausardiaz salatu daian, batez ere, bere barruan eta bere seme-alabengan dagoan ustelkeria, besteen ustelkeriak salatzean entzuna izan daiten, eskatzen deutsugu, Jauna.

—Gure gizarteak sufritzen dauzan bidegabekeria handienetan geuk ere badogula zerikusirik autortu daigun eta alkarri lagundu hareik salatzen eta hareetatik urteten, eskatzen deutsugu, Jauna.

—Gure kontsumo eta eralgikeriak Natura hondatu eta mundua gal-zorian itzi dauala gogotan hartu daigun, kontsumoa murriztu eta ekoizpen iraunkorrak sustatzeko, eskatzen deutsugu, Jauna.

—Mundu honek behar dauzan profeta salatzaileak, itxaropen emoileak eta txikienen maitaleak sortu daitezan gure artean, Jesusen testigu izatera ere bultzatu gaiezan, eskatzen deutsugu, Jauna.

—Elizkizunotan alkartzen garanok gure bizitzako eredu Jesus izatea bilatu daigun eta haren maitasunaz maitatzea, eskatzen deutsugu, Jauna.

† Maitasunez eta errukiz inguratzen eta blaitzen gaituzun Jainko Jauna: atara gaizuz gure bildur eta alperkerietatik, eta egin gaizuz gaurko profeta. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.

—Amen.

 

JAUNARTZERAKO

Zabal, otoi, Jauna, nere begiak,
ikus ditzaten zure bihotzaren miragarriak.
Bide-bazterrean bait nago itsu,
senda nazazu: Zu, nere Jauna, Zu ikus zaitzadan.

Zabal, otoi, Jauna, nere eskuak:
beude zabalik, ta piztu bitzate bihotz ahulduak.
Gaitz guztien gaindi, noan zurekin;
har ni eskutik, gurutzera ere joan ahal nadin.

Zabal, otoi, Jauna, nere bihotza,
entzun dezadan, behartsuen deian, Kristoren boza.
Askorentzat, Jauna, zu hila zaude;
egon nerekin; inoiz gal ez nadin pitz nigan fede.

 

OHARRAK

 

Azkenean

Kanta Jaunari kantu barri, kanta guztiok herriz-herri,
kanta Jaunaren izenari, mundu guztia poz-kantari.

Gora Jainkoa zeruetan, goratu danok eleizetan,
goratu baita  aingeruek eta goratu lurrekoek.