UZ30_A-B-C


URTEAN ZEHARREKO XXX. DOMEKA

A urtean

I. Irakurgaia

Alargunari eta umezurtzari kalterik egiten badeutsazue,
sutuko da nire hasarrea zuen aurka.

Urteera liburutik

Ur 22, 20-26

    Honan dino Jaunak: «Ez txarto erabili, ez zapaldu etorkina, zuek be etorkin izan zarie-eta Egipton.
    Ez egin kalterik alargunari eta umezurtzari; izan be, kalte egiten badeutsazue, hareek Nigana laguntza eske deadar egitean, entzun egingo deutset-eta, sutuko da nire hasarrea eta ezpataz hilko zaituet; orduan, zuen emazteak bihurtuko dira alargun, eta zuen seme-alabak umezurtz.
    Zuekin bizi dan nire herriko behartsuren bati dirua aurreratzen badeutsazu, ez izan zeken beragaz, ez ezarri interesik. Zeure lagun hurkoari soingainekoa hartzen badeutsazu bahituran, bihurtu egiozu eguzkia sartzerako; ez dau-eta hori beste estalkirik. Zegaz babestuko da, bestela, lo egiteko? Laguntza eske deadar egitean, entzun egingo deutsat, errukiorra naz-eta Ni».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 18 [17], 2-3b. 3c-4. 47 eta 51ab (R/. 2)


 

R/.   Maite zaitut, Jauna, neure indar!

V/.   Maite zaitut, Jauna, neure indar!
Jauna da nire hatx, nire gaztelu,
bera nire askatzaile. R/.

V/.   Nire Jainko, nire harkaitz babesgarri,
nire babeski eta salbazino-indar,
nire gordeleku goragarri.
Dei egin neutsan Jaunari,
eta salbatu ninduan arerioakandik. R/.

V/.   Gora Jauna! Bedeinkatua nire harkaitza!
Goratua nire Jainko salbatzailea,
garaipen handiak emon deutsoz erregeari,
maitasuna agertu deutso bere igurtzitakoari. R/.

 

II. Irakurgaia

Sasijainkoak itzi zenduezan,
Jainkoa zerbitzeko
eta haren Semearen zain egoteko.

San Paulo Apostoluak Tesalonikarrei egindako lehenengo epistolatik

1 Ts 1, 5c-10

    Senideok: Ondo dakizue zuen artean egin genduan guztia zuen onerako izan zana. Eta zuek gu eta Jauna eredutzat hartu ginduzuezan, Espiritu Santuaren pozez onartu zenduen-eta Jainkoaren mezua, atsekabe askoren artean izanik be. Holan, eredu izan zarie Mazedoniako eta Akaiako fededun guztientzat.
    Izan be, zuenetik zabaldu da Mazedoniara eta Akaiara Jaunaren mezua; eta eskualde horreetara ez ezik, bazter guztietara be heldu da Jainkoagan dozuen sinismenaren entzutea, guk ezer esan beharrik barik. Hatan be, hareek kontatzen dabe zelako harrerea egin zeunskuen zuengana joan ginanean eta zelan, sasijainkoak itzirik, Jainko bizi eta egiazkoagana bihurtu zinien, bera zerbitzeko eta zerutik etorriko dan haren Seme Jesusen zain egoteko. Jainkoak hildakoen artetik biztu eban Jesus, eta honek askatu gaitu etortzekoa dan hasarre-zigorretik.

Jaunak esana.

       

Aleluia

Jn 14, 23

R/.   Aleluia.

V/.   Ni maite nauanak gordeko dau nire hitza, dino Jaunak;
        nire Aitak maite izango dau,
        eta Aita eta biok harengana etorriko gara. R/.

 

Ebanjelioa

Maitatu egizu Jauna zeure Jainkoa
eta lagun hurkoa zeure burua lez.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 22, 34-40

    Aldi haretan, Jesusek saduzearrak berba barik itzi zituala jakitean, alkarregaz batu ziran fariseuak, eta euren arteko legegizon batek azpikeriaz itaundu eutson Jesusi: «Maisu, zein da legeko agindurik nagusiena?»
    Jesusek erantzun: «Maitatu egizu Jauna zeure Jainkoa bihotz-bihotzez, gogo osoz eta adimen guztiz”. Hauxe da agindurik nagusiena eta lehenengoa. Eta bigarrena horren parekoa da: “Maitatu lagun hurkoa zeure burua lez”. Agindu bi honeetan oinarritzen dira Liburu Santu guztiak».

Jaunak esana.

 

       

URTEAN ZEHARREKO XXX. DOMEKA

B urtean

I. Irakurgaia

Itsuak eta herrenak ekarriko ditut.

Jeremias Profetaren liburutik

Jr 31, 7-9

    Honan dino Jaunak:
«Egin oihu pozaren pozez Jakoben herriagaitik,
egin irrintzi herrien buru danagaitik.
Egin oihu, goratu Jauna, esanez:
"Salbatu dau Jaunak bere herria,
Israelen bizirik geldituak".

Begira, iparraldetik ekarriko ditut,
lurreko azken mugetatik batuko.
Jentetza izugarria bihurtuko da:
horreen artean itsuak eta herrenak,
umedunak eta umea izan barriak batera.
Negar eta otoitz artean ekarriko ditut.
Ondo ureztaturiko ibarretan zehar eroango ditut,
estropezurik egingo ez daben bide zelaian zehar,
Aita izango naz Israelentzat,
nire lehen-seme izango da bera».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 126 [125], 1-2b. 2c-3. 4-5. 6 (R/. ik. 3)

R/.   Gugaz handikiro jokatu dau Jaunak;
        hau da poza daukaguna!

V/.   Jaunak Sionen zoria aldatu ebanean,
amesetan lez gengozan.
Barrez bete jakun orduan ahoa,
poz-oihuz mihina. R/.

V/.   Jentil-herrietan be esan eben:
«Handikiro jokatu dau Jaunak hareen alde».
Handikiro jokatu dau Jaunak gure alde,
eta pozarren gagoz! R/.

V/.   Aldatu, Jauna, gure zoria,
euri-jasek basamortua lez.
Malkoz erein ebenek
pozez batzen dabe. R/.

V/.   Negarrez joan ziran,
hazi-zorroa eroanez;
poz-oihuka datoz,
gari-azaoak ekarriz. R/.

 

II. Irakurgaia

Abade zara Zu,
Melkisedek lez, betiko.

Hebrearrei egindako epistolatik

Heb 5, 1-6

    Abade nagusia gizonen artetik hartua eta Jainkoaren aurrean gizon-emakumeen ordezkari izateko jarria izaten da, pekatuakaitik emoitzak eta opariak eskeintzeko.
    Badaki ezjakinez eta okerbideratuez errukitzen, bera be giza makaltasunaz inguratuta dagoan ezkero. Horregaitik, bere pekatuakaitik be opariak eskeini behar ditu, herriaren pekatuakaitik lez. Eta ezin dau inork abade nagusitzaren ohorea beretzat hartu, Jainkoak deiturik ez bada, Aaronek lez.
    Holan, Kristok be ez eutson berak emon bere buruari abade nagusitzaren ospea, Jainkoak baino, honan berba egin eutson-eta:

«Nire Seme zara Zu,
Neuk zaitut gaur sortu».

    Beste salmo baten be hau esaten deutso:

«Abade zara Zu, Melkisedek lez, betiko».

Jaunak esana.

       

Aleluia

Ik. 2 Tm 1, 10

R/.   Aleluia.

V/.   Kristo Jesus gure salbatzaileak heriotza ezereztu dau
        eta bizia argitu Barri Onaren bidez. R/.

 

Ebanjelioa

Ikusi dagidala, Maisu!

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik

Mk 10, 46-52

    Aldi haretan, Jesus ikasleekin eta jentetza handiagaz Jerikotik urtetean, Bartimeo itsua, Timeoren semea, eskean egoan bide-ertzean jarrita. Jesus Nazaretarra zala jakitean, deadarka hasi zan: «Daviden Seme, Jesus, erruki zakidaz!» Askok gogor egiten eutson isildu eragiteko; baina harek indartsuago egiten eban oihu: «Daviden Seme, erruki zakidaz!»
    Jesusek gelditu eta itsuari dei egiteko agindu eban. Deitu eutsoen, esanez: «Izan bihotz! Jagi, deika dabilkik». Bere soingainekoa jaurtiz, salto baten zutundu eta Jesusengana joan zan. Jesusek itaundu eutson: «Zer nahi dozu Nik zuri egitea?» Itsuak erantzun: «Ikusi dagidala, Maisu!» Jesusek esan eutson: «Zoaz, zeure sinismenak osatu zaitu». Une haretan bertan berreskuratu eban ikusmena, eta Jesusen ondorik joian bidean.

Jaunak esana. 



URTEAN ZEHARREKO XXX. DOMEKA

C urtean

I. Irakurgaia

Apalaren otoitzak hodeiak zulatzen ditu.

Siraken liburutik

Si 35, 15b-17. 20-22a (gr. 12-14. 16-18)

    Epailea da Jauna,
eta ez dau harengan eraginik inoren izenak:
ez dau alderdikeriarik egiten behartsuaren kontra
eta entzuten dau zapalduaren eskaria.
Ez dau umezurtzaren erregua mespretxatzen,
ezta negarti doakion alarguna be.

Jaunak gogo onez hartzen dau bera zerbitzen dauana,
eta honen eskaria zeruraino heltzen da.
Apalaren otoitzak hodeiak zulatzen ditu
eta ez dau onik bere helmugara heldu arte;
ez dau atzera egiten, Goi-goikoak esku hartu
eta errubakoei justizia egin arte.

Jaunak esana

 

Erantzun salmoa

Sal 34 [33], 2-3. 17-18. 19 eta 23 (R/. 7a)

R/.   Dohakabeak oihu egin eban, eta Jaunak entzun.

V/.   Bedeinkatuko dot aldi oro Jauna,
nire ahoan beti haren gorespena.
Harro nago Jaunagaz,
entzun begie apalek eta poztu beitez. R/.

V/.   Gaizkileen aurka Jaunaren aurpegia,
lurretik ezabatzeko hareen oroipena.
Deadar egiten dabe zintzoek, eta Jaunak entzun,
larrialdi guztietatik libratzen ditu. R/.

V/.   Hurrean dabe Jauna bihotz-hausiek,
salbatzen ditu barru-jausiak.
Jaunak askatzen dau bere zerbitzarien bizia,
harengan babesten diranek ez dabe zigorrik izango. R/.

 

II. Irakurgaia

Honezkero zain daukat garaipenaren koroa.

San Paulo Apostoluak Timoteori egindako bigarren epistolatik

2 Tm 4, 6-8. 16-18

    Anaia maitea: Ni neure bizia opari eskeintzeko zorian nago; gainean dot mundu honetatik joateko ordua. Burruka ona egin dot, amaitu dot lasterketa, gorde dot sinismena. Honezkero zain dot garaipenaren koroa, Jaunak, epaile zuzenak, azken egunean emongo deustan koroa; eta niri ez ezik, baita haren agerraldia maitasunez itxaroten daben guztiei be.
    Nire auziko lehenengo defentsan ez eban inok urten nire alde; bakarrik itzi ninduen danek; Jainkoak ez deiela kontuan hartu. Baina Jauna neugaz izan neban eta indartu egin ninduan, nire bidez mezua osorik iragarria izan eiten eta jentil guztiek entzun egien. Berak atara ninduan lehoiaren ahotik. Jaunak atarako nau gatx guztitik eta salbatuko, zeruko bere erreinura eroanez. Berari aintza gizaldien gizaldietan. Amen.

Jaunak esana.

          

Aleluia

2 Ko 5, 19

R/.   Aleluia.

V/.   Jainkoak ziharduan Kristogan mundua beragaz adiskidetzen,
        eta geuri emon deusku adiskidetzearen mezua. R/.

 

Ebanjelioa

Zergalaria Jainkoagaz adiskideturik bihurtu zan etxera;
fariseua, barriz, ez.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lk 18, 9-14

    Aldi haretan, parabola hau esan eutsen Jesusek euren buruak zintzotzat hartzen eta besteak gitxitzat jotzen ebezan batzuri: «Gizon bik igon eben tenplura otoitz egitera, bata fariseua eta bestea zergalaria. Fariseuak, zutunik, holan egiten eban otoitz bere barruan: “Eskerrak emoten deutsudaz, ene Jainko, besteen modukoa ez nazalako: lapur, gaizkile, adulteriogile; ezta horko zergalari horren modukoa be. Astean bitan egiten dot barau, eta daukadazan guztien hamarrenak emoten ditut”.
    Zergalaria, barriz, urrun geldituta, ez zan begiak zerura jasotzera be ausartzen, ezpada ze, bular joka ebilen, esanez: “Ene Jainko, erruki zakioz pekatari honi!”
    Hara zer dinotsuedan: azkeneko hau Jainkoarekin adiskidetuta bihurtu zan etxera; bestea, barriz, ez. Izan be, bere burua goratzen dauana beheratu egingo dau Jainkoak, eta bere burua beheratzen dauana goratu».

Jaunak esana.