UZ-28-C


URTEAN ZEHARREKO XXVIII. DOMEKA

C urtean

I. Irakurgaia

Naaman bihurtu zan barriro Eliseogana,
eta Jauna goratu eban.

Erregeak bigarren liburutik

2 Erg 5, 14-17

    Egun hareetan, jatsi zan Naaman siriarra Jordan ibaira eta zazpi bider murgildu zan, Jainkoaren gizonak agindu lez, eta legenarra desagertu eta umetxuarena baizen garbi gelditu jakon haragia.
    Orduan, Jainkoaren gizonagana bihurtu zan bere lagun-talde osoagaz eta, haren aurrean zutunik, esan eutson: «Orain badakit ez dala munduan Jainkorik Israelena baino. Otoi, onartu egizu zerbitzari honen esku-erakutsia». Eliseok erantzun eutson: «Ala Jauna, zerbitzari nauana! Ez dot ezer hartuko». Naamanek hartzeko eta hartzeko esan arren, Eliseok ez eban hartu nahi izan.
    Orduan, Naamanek: «Ezezkoan zagozan ezkero, itzi egiozu, behintzat, zeure zerbitzari honi, mando bik eroan leikien lurra hartzen; gaurtik aurrera ez deutso-eta zure zerbitzariak erre-oparirik eta sakrifiziorik ezelako jainkori eskeiniko, Jaunari izan ezik».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 98 [97], 1. 2-3b. 3c-4 (R/. ik. 2)


R/.
   Agertu dau Jaunak nazinoen aurrean
        beragandiko garaipena.

V/.   Kanta Jaunari kantu barria,
egintza harrigarriak egin ditu-eta;
garaipena emon deutso bere eskumeak,
bere beso santuak. R/.

V/.   Bere garaipena ezagutuazo dau Jaunak,
bere salbazino-egintza agertu nazinoen aurrean.
Ez da ahaztu bere maitasunaz,
Israel herriari deutson leialtasunaz. R/.

V/.   Munduko bazter guztiek ikusi dabe
gure Jainkoaren garaipena.
Egin irrintzi Jaunari, lur osoa,
egin poz-oihu eta kantu, jo soinua. R/.

 

II. Irakurgaia

Haregaz sufritzen badogu,
haregaz izango gara errege.

San Paulo Apostoluak Timoteori egindako bigarren epistolatik

2 Tm 2, 8-13

    Anaia maitea: Izan gogoan Jesu Kristo, Daviden jatorritik sortua, hilen artetik biztua. Hau da nik irakasten dodan Barri Ona eta honegaitik nago neketan, gaizkile lez katez lotua; baina Jainkoaren hitza ez dago katez lotua. Horregaitik, dana jasaten dot Jainkoak aukeratu dituanen onerako, horreek be Kristo Jesusek emoten dauan salbazinoa eta betiko aintza lortu dagien.

    Sinisgarria da adierazpen hau:

Haregaz hiltzen bagara, beragaz biziko gara;
haregaz sufritzen badogu, beragaz izango gara errege;
ha ukatzen badogu, berak be ukatu egingo gaitu;
gu leialak ez bagara be, harek leial dirau,
ezin daualako bere burua ukatu.

Jaunak esana.

 

Aleluia

1 Ts 5, 18

R/.   Aleluia.

V/.   Emon eskerrak beti,
        horixe nahi dau-eta zuentzat Jainkoak
        Kristo Jesusengan. R/.

 

Ebanjelioa

Ez ete da izan atzerritar hau besterik
Jainkoa goratzera etortzeko?

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lk 17, 11-19

    Behin baten, Jesus Jerusalemera bidean, Samarian eta Galilean zehar joian. Herritxu baten sartzean, hamar legenardunek urten eutsoen bidera. Urrun geldituta, deadarka esan eutsoen: «Jesus, Maisu, erruki zakiguz!» Jesusek, ikustean, esan eutsen: «Joan eta azaldu abadeakana». Bidean joiazala, garbi gelditu ziran.
    Hareetariko bat, osatuta egoala oharturik, deadarka Jainkoa goratuz bihurtu eta Jesusen oinetara ahuspez jausi zan, eskerrak emonez. Samariarra zan bera.
    Jesusek esan eban: «Ez dira hamarrak garbi gelditu ala? Non dira beste bederatziak? Ez ete da izan atzerritar hau besterik Jainkoa goratzera etortzeko?» Gero, esan eutson: «Jagi eta zoaz; zeure sinismenak salbatu zaitu».

Jaunak esana