UZ29_A-B-C

(Fray Marcos)


URTEAN ZEHARREKO XXIX. DOMEKA

A urtean

 I. Irakurgaia

Eskutik heldu deutsat Zirori,
nazinoak haren menpean jartzeko.

Isaias Profetaren liburutik

Is 45, 1. 4-6

    Honan berba egiten deutso Jaunak Ziro erregeari, berak aukeratu eta sagaratuari:

«Eskutik heldu deutsut, nazinoak zure menpean jartzeko
eta erregeei soinetik armak kentzeko;
zure aurrean urietako ateak guztiz zabaltzeko.
Jakob neure zerbitzariagaitik,
Israel neure aukeratuagaitik deitu deutsut zeure izenaz
eta bete zaitut ohorez, zuk Ni ezagutzen ez nozun arren.
Neu naz Jauna, eta ez da besterik;
ez da jainkorik, Neu baino.
Aginpidez jantzi zaitut, zuk Ni ezagutzen ez nozun arren,
sortaldetik sartaldera jakin dagien ez dala inor Ni besterik.
Neu naz Jauna, eta ez da besterik».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 96 [95], 1 eta 3. 4-5. 7-8. 9-10ac (R/. 7b)


R/.   Goratu Jaunaren ospea eta indarra.

V/.   Kanta Jaunari kantu barria,
kanta Jaunari, lur osoa!
Zabaldu haren ospea nazinoetan,
haren mirariak herri guztietan. R/.

V/.   Handia da-eta Jauna, guztiz goragarria,
jainko guztien aldean bildurgarria.
Ez dira ezer atzerritarren jainko guztiak;
Jaunak, ostera, zeruak ditu egin. R/.

V/.   Goratu Jauna, munduko herriok,
goratu Jaunaren ospea eta indarra,
goratu Jaunaren izen ospetsua!
Sartu haren tenpluan eskeintzak eroanez. R/.

V/.   Gurtu Jauna, ha santutasunez agertzean,
ikaratu zaitez, lur osoa, haren aurrean.
Esaizue nazinoetan: «Errege da Jauna,
herriak zuzenbidez ditu epaitzen». R/.

 

II. Irakurgaia

Gogora ekartzen doguz
zuen sinismena, maitasuna eta itxaropena.

San Paulo Apostoluak Tesalonikarrei egindako lehenengo epistolatik

1 Ts 1, 1-5b

    Paulok, Silvanok eta Timoteok, Jainko Aitagaz eta Jesu Kristo Jaunagaz bat eginik dagoan Tesalonikako eleiz alkarteari: grazia eta bakea zuei.
    Eskerrak emoten deutsaguz beti Jainkoari zuek guztiokaitik, gure otoitzetan gogoan zaitueguzala. Jainko gure Aitaren aurrean gogora dakargu etenbako zuen sinismen ekintzailea, zuen maitasun ahalegintsua eta Jesu Kristo gure Jaunagan dozuen itxaropen iraunkorra.
    Badakigu, senideok, Jainkoaren maiteok, berak aukeratu zaituela. Izan be, guk zuei iragarritako Barri Ona ez geuntsuen hitz hutsez emon. Baita Espiritu Santuaren indar beteaz be.

Jaunak esana.

       

Aleluia

Flp 2, 15d-16a

R/.   Aleluia.

V/.   Izarrek munduan lez egiten dozue argi gizarte honetan,
        bizia emoten dauan mezuari sendo eutsiz. R/.

 

Ebanjelioa

Emon Zesarrena Zesarri,
eta Jainkoarena Jainkoari.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 22, 15-21

    Aldi haretan, fariseuek alkar hartu eben, itaun bat eginez Jesusi tranpa jartzeko. Horretarako, ikasle batzuk bialdu eutsoezan, Herodesen alderdikoekin, itauntzera: «Maisu, badakigu egiazale zarana eta Jainkoaren bidea behar bezala irakasten dozuna, ze Zuk ez deutsazu begiratzen gizakiaren itxurari. Emoiguzu, bada, zeure eretxia: bidezkoa da Zesarri zerga ordaintzea ala ez?»
    Jesusek, hareen azpikeria igarriz, esan eutsen: «Zergaitik zatorkidaze zirika, itxurazaleok? Ea, erakutsi zerga-txanpona». Hareek denario bat aurkeztu eutsoen. Jesusek itaundu eutsen: «Norenak dira irudi eta izen honeek?» Hareek erantzun: «Zesarrenak».
    Jesusek, orduan: «Emon, bada, Zesarrena Zesarri, eta Jainkoarena Jainkoari».

Jaunak esana.

 

URTEAN ZEHARREKO XXIX. DOMEKA

B urtean

 I. Irakurgaia

Pekatuen ordainetan bizia emon ebala,
izango ditu ondorengoak.

Isaias Profetaren liburutik    

Is 53, 10-11

    Jaunak oinazez josi nahi izan eban.
Pekatuen ordainetan bizia emon ebala,
izango ditu ondorengoak eta bizitza luzea,
eta haren bitartez Jaunaren nahia burutuko da.
Hainbat neke jasan ondoren,
argia ikusiko dau eta asea izango da.
Ikasi dauanaren bidez,
nire zerbitzari zuzenak asko egingo ditu zuzen,
hareen gaiztakeriak bere gain hartu ebazan-eta.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 33 [32], 4-5. 18-19. 20 eta 22 (R/. ik. 22)

R/.   Betor gugana, Jauna, zure maitasuna,
        Zeugan dogu-eta geure uste ona.

V/.   Zuzena da Jaunaren hitza,
fidagarria harek egin dauan guztia.
Justizia eta zuzenbidea dau maite,
Jaunaren maitasunaz dago lurra betea. R/.

V/.   Jauna arduratzen da begirune deutsoenez,
haren maitasunean itxaroten dabenez,
hareek heriotzatik libratzeko
eta gosetean bizirik gordetzeko. R/.

V/.   Guk Jaunagan dogu esperantza,
bera dogu laguntzaile eta babesle.
Betor gugaz, Jauna, zure maitasuna,
Zugan dogu-eta jarrita itxaropena. R/.

 

II. Irakurgaia

Hurreratu gaitezan konfiantza osoz
Jainkoaren graziaren tronura.

Hebrearrei egindako epistolatik

Heb 4, 14-16

    Senideok: Gure abade nagusi handia, Jesus, Jainkoaren Semea, zeruetan sartua dogun ezkero, eutsi deiogun autortzen dogun sinismenari; izan be, gure abade nagusia ez da gure makaltasunaz errukitu ezin leiken norbait, ha be, gu lez, gauza guztietan probatua izan da-eta, pekatuan izan ezik. Hurreratu gaitezan, bada, konfiantza osoz Jainkoaren graziaren tronura, errukia lortu eta preminaldian laguntza izan daigun.

Jaunak esana.

          

Aleluia

Mk 10, 45

R/.   Aleluia.

V/.   Gizonaren Semea besteen zerbitzari izatera etorri da
        eta bere bizia danen alde ordainsari emotera. R/.

 

Ebanjelioa

          Ebanjelio hau era laburrean ik. honen ondoren.

Gizonaren Semea
bere bizia danen alde ordainsari emotera etorri da.

  Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik

Mk 10, 35-45

    Aldi haretan, Santiagok eta Joanek, Zebedeoren semeek, Jesusengana inguratu eta esan eutsoen: «Maisu, eskatuko deutsuguna Zuk guri egitea gura genduke». Jesusek itaundu eutsen: «Zer gura dozue, bada, Nik zuei egitea?» Eta hareek: «Jesarri gaitezala bata zure eskuman eta bestea ezkerrean, Zu zeure aintzara heltzean».
    Jesusek esan eutsen: «Ez dakizue zer eskatzen zabiltzen. Gauza ete zarie Nik edan behar dodan kaliza mingotsa edateko, edo Nik urperatu behar dodan uretan murgiltzeko?» «Bai, gauza gara!», erantzun eutsoen.
    Jesusek, orduan: «Nik edan behar dodan kaliza mingotsa, bai, edango dozue, baita Nik urperatu behar dodan uretan urperatuko be; baina nire eskoi-ezkerretan jesartze hori ez dago nire esku inori emotea; Jainkoak norentzat dauan prestatuta, hari emongo jako».
    Beste hamarrak, hori entzutean, hasarre jarri ziran Santiagoren eta Joanen aurka. Jesusek dei egin eta esan eutsen: «Dakizuenez, herrien buruzagiek menpean hartzen ditue herriak eta handikiek euren agintea ezartzen deutsie. Ez dau holan izan behar zuen artean. Zuen artean handi izan gura dauana izan bedi zuen zerbitzari, eta zuen artean lehenengo izan gura dauana izan bedi danen morroi. Ze, Gizonaren Semea be ez da zerbidua izatera etorri, zerbitzari izatera baino, eta bere bizia danen alde ordainsari emotera».

Jaunak esana.

 


          Ebanjelioa era laburrean.

Gizonaren Semea
bere bizia danen alde ordainsari emotera etorri da.

  Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik

Mk 10, 42-45

    Aldi haretan, Jesusek, ikasleei dei egin eta esan eutsen: «Dakizuenez, herrien buruzagiek menpean hartzen ditue herriak eta handikiek euren agintea ezartzen deutsie. Ez dau holan izan behar zuen artean. Zuen artean handi izan gura dauana izan bedi zuen zerbitzari, eta zuen artean lehenengo izan gura dauana izan bedi danen morroi. Ze, Gizonaren Semea be ez da zerbidua izatera etorri, zerbitzari izatera baino, eta bere bizia danen alde ordainsari emotera».

Jaunak esana.


 

URTEAN ZEHARREKO XXIX. DOMEKA

C urtean

I. Irakurgaia

Moisesek besoei goian eusten eutsenean,
israeldarrak ziran garaile.

Urteera liburutik

Ur 17, 8-13

    Aldi haretan, amalektarrek israeldarrei eraso eutsien Refidimen. Orduan, Moisesek esan eutson Josueri: «Aukeratu gizon batzuk eta urten amalektarren kontra burrukara. Bihar tontorraren gainean zutunik egongo naz ni, Jainkoaren makila eskuan».
    Moisesek esan eban lez egin eban Josuek eta amalektarren kontra burrukari ekin eutson. Bitartean, Moisesek, Aaronek eta Hur-ek tontor gainera igon eben. Moisesek besoei goian eusten eutsenean, israeldarrak ziran garaile; behera jausten jakozanean, ostera, amalektarrak.
    Moisesi besoak nekatu jakozanean, harri bat hartu eta azpian ipini eutsoen, bertan jesarri zedin. Aaronek eta Hur-ek haren besoei eutsi eutsien, alde banatatik. Honan, Moisesen besoek sendo iraun eben, eguzkia sartu arte. Eta Josuek amalektarrak garaitu ebazan eta ezpataz birrindu.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 121 [120], 1-2. 3-4. 5-6. 7-8 (R/. ik. 2)

R/.   Gure laguntza, Jaunaren izena,
        zeru-lurrak egin dituanarena.

V/.   Mendietara ditut jasotzen begiok:
nondik etorriko ete jat laguntza?
Laguntza Jaunagandik datorkit,
zeru-lurrak egin ebazan harengandik. R/.

V/.   Jaunak ez deutsu jausten itziko,
zure zaintzailea ez dago lo.
Ez da inoiz lo egoten
Israelen zaintzailea. R/.

V/.   Jauna dozu zaintzaile, Jauna kerizpe,alboan dozu beti.
Ez deutsu gatxik egingo eguzkiak egunez,
ezta iretargiak be gauez. R/.

V/.   Jaunak zainduko zaitu gatx guztitik,
zainduko dau zure bizia.
Jaunak zainduko ditu zure ibilera guztiak
aurrerantzean betiko. R/.

 

II. Irakurgaia

Jainkoaren gizona guztiz horniduta dago,
eta edozein eginbehar onetarako prest.

San Paulo Apostoluak Timoteori

2 Tm 3, 14–4, 2

    Anaia maitea: Iraun sendo, ikasi eta sinistu dozun guztian; hartu gogoan norengandik ikasi dozun eta Liburu Santuak umetatik ezagutzen dozuzala. Liburu Santuek emongo deutsue, Kristo Jesusenganako sinismenaren bidez, salbazinora daroan jakituria. Liburu Santuetan idatzita dagoan guztia Jainkoak inspiratua da, eta irakasteko, arrazoiak emoteko, okerrak zuzentzeko eta biziera zuzenean hezteko baliagarria; holan, Jainkoaren gizona guztiz horniduta dago, eta edozein eginbehar onetarako prest.
    Jainkoaren aurrean eta, errege lez agertuz, biziak eta hilak epaitzera etorriko dan Kristo Jesusen aurrean erregutzen deutsut: iragarri Jainkoaren hitza; ekin sasoia danean eta ez danean, emon arrazoiak, agiraka egin eta aholkatu, zeure pazientzia guztia eta irakasteko gaitasuna erabiliz.

Jaunak esana.

       

Aleluia

Heb 4, 12

R/.   Aleluia.

V/.   Bizia da Jainkoaren hitza, bizia eta eraginkorra,
        eta barruko pentsamentuak eta asmoak aztertzen ditu. R/.

 

Ebanjelioa

Jainkoak egingo deutse justizia
deadarka dabilkozan bere aukeratuei.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lk 18, 1-8

    Aldi haretan, eten barik egin behar ebela otoitz eta ez ebela itxaropena galdu behar adierazoteko, parabola hau esan eutsen Jesusek:  «Bazan uri baten epaile bat, ez Jainkoari bildurrik, ez gizakiari begirunerik ez eutsona. Bazan uri berean emakume alargun bat be. Berau epaile harexengana joaten zan, eskatzera: “Egidazu justizia aurkariagazko auzian”. Luzaroan epaileak ez eutson jaramonik egin gura izan, baina azkenean bere barruan esan eban: “Ez deutsat Jainkoari bildurrik, ez gizakiari begirunerik; baina, alargun hau gogaikarri jatanez, egingo deutsat justizia, behingoz bakean itzi nagian”».
    Eta holan amaitu eban Jaunak: «Begira zer dinoan epaile zuzentasun bakoak. Eta Jainkoak, ez ete deutse justizia egingo, gau eta egun deadarka dabilkozan bere aukeratuei? Itxaroten eukiko ete ditu luzaroan? Justizia behingoan egingo deutsela dinotsuet. Baina Gizonaren Semeak, etorriko danean, aurkituko ete dau sinismenik munduan?»

Jaunak esana.