UZ19_A-B-C


URTEAN ZEHARREKO XIX. DOMEKA

A urtean

(Fray MARCOS)

I. Irakurgaia

Zagoz zutunik mendian, Jaunaren aurrean.

Erregeak lehenengo liburutik        

1 Erg 19, 9a. 11-13a

    Egun hareetan, Elias Horebera, Jainkoaren mendira, etorri eta hango hartzulo baten gelditu zan. Jaunak esan eutson: «Urten eta zagoz zutunik mendian, Jaunaren aurrean; Jauna igaroko da».
    Jaunaren aurretik haize zakar indartsuak jo eban, mendiak urratzen eta harkaitzak zartatzen ebazala; baina Jauna ez egoan haizean. Haizearen ondoren, lurrikara izan zan; baina Jauna ez egoan lurrikaran. Lurrikararen ondoren sua; baina Jauna ez egoan suan. Suaren ondoren haize fin baten hotsa.
    Entzun ebanean, Eliasek aurpegia estaldu eban soingainekoaz; gero, urten eta zutunik gelditu zan hartzulo aurrean.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 85 [84], 9ab eta 10. 11-12. 13-14 (R/. ik. 8)

 

R/.   Jauna, zeure onginahia erakutsi eiguzu,
        zeure salbamena emoiguzu.

V/.   Entzungo dot Jainkoak dinoana:
Jaunak bakea agintzen deutse bere herriari eta fededunei.
Hurrean dabe salbazinoa begirune deutsoenek;
bai, gure lurraldean kokatuko da Jaunaren aintza. R/.

V/.   Maitasunak eta leialtasunak alkar dabe aurkitzen,
justiziak eta bakeak alkar besarkatzen.
Leialtasuna lurretik da ernetzen,
justizia zerutik jaisten. R/.

V/.   Jaunak emongo dau euria,
eta gure lurrak ekarriko bere uzta.
Haren aurretik joango da justizia,
haren pausuei jarraituko deutse ongizateak. R/.

 

II. Irakurgaia

Madarikatua izatea be onartuko neuke,
nire odoleko senideen onerako.

San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako epistolatik

Erm 9, 1-5

    Senideok: Egia dinot –Kristo dot lekuko–, ez dinot guzurrik; neure konzientziak be, Espiritu Santuak argituta, halan autortzen deust: handia da nire nahigabea, etenbakoa nire bihotzeko mina.
    Ni neu madarikatua, Kristogandik aldendua, izatea be onartuko neuke, hori nire odoleko senideen onerako balitz. Israelen ondorengoak dira eta Jainkoak seme-alabatzat hartu ebazan; eurek dabez Jainkoaren presentzia aintzatsua, itunak, legea, kultua eta agintzariak; eurenak dira asabak eta, giza jatorriari dagokionez, eurengandik dator Kristo, gauza guztien gainetik dagoan Jainkoa. Bedeinkatua izan bedi gizaldietan. Amen.

Jaunak esana.

       

Aleluia

Sal 130 [129], 5

R/.   Aleluia.

V/.   Jaunaren zain nago,
        haren hitza dot itxaroten. R/.

 

Ebanjelioa

Agindu egidazu ur gainean Zeugana joateko.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 14, 22-33

    Jentea ase ondoren, ontzian sartuazo zituan Jesusek bere ikasleak eta bere aurretik bestaldera joateko agindu eutsen, berak jenteari agur egin bitartean. Jentea bialdu eta gero, mendira igon eban Jesusek berak bakarrik, otoitz egitera. Ilundu ebanean, han egoan bakarrik. Txalupa, ordurako, lehorretik urrun joian, olatuek astindua, haizea kontra eban-eta.
    Goizaldera, Jesus hareengana joan zan, ur gainean oinez. Ikasleak, ur gainean ibiltzen ikusi ebenean, ikaratu egin ziran, mamuren bat zalakoan, eta bildurraren bildurrez deadarka hasi ziran. Baina Jesusek behingoan egin eutsen berba: «Izan bihotz! Neu naz; ez bildur izan!» Orduan Pedrok esan eutson: «Jauna, benetan Zeu bazara, agindu eidazu ur gainean Zeugana joateko». Jesusek erantzun: «Zatoz!»
    Pedro ontzitik jatsi eta Jesusengana abiatu zan, ur gainean oinez. Baina, haizearen indarra igartzean, bildurra sartu jakon eta, urperatzen hasirik, deadar egin eban: «Jauna, salbatu nagizu!» Behingoan Jesusek eskua emon eta heldu egin eutson, esanez: «Sinismen gitxiko hori! Zergaitik izan dozu zalantza?»
    Ontzira igon ebenean, haizea gelditu egin zan. Eta ontzian egozanak Jesusen aurrean ahuspez jarri ziran, esanez: «Benetan be Jainkoaren Semea zara Zu!»

Jaunak esana.

 


URTEAN ZEHARREKO XIX. DOMEKA

B urtean

(Fray Marcos)

I. Irakurgaia

Janari haren indarrez,
Jainkoaren mendiraino ibili zan.

Erregeak lehenengo liburutik

1 Erg 19, 4-8

    Egun hareetan, Eliasek egun bateko bidea egin eban basamortuan zehar. Azkenean, ipuru baten azpian jesarri zan eta heriotza opa izan eutson bere buruari, esanez: «Nahiko dot, Jauna! Kendu egidazu bizia, ez naz-eta neure gurasoak baino hobea». Ondoren, ipuruaren kerizpean etzun eta loak hartu eban.
    Horretan, aingeru batek ikutu eta esan eutson: «Jagi eta jan». Begiratu eban Eliasek eta sutopil erre barria eta ontzi bat ur ikusi ebazan bere buru ondoan. Jan eta edan ondoren, etzun egin zan barriro.
    Etorri jakon bigarrenez Jaunaren aingerua, ikutu eta esan eutson. «Jagi eta jan, bide luzea dozu-eta oraindino». Jagi zan Elias, jan eta edan eban, eta janari haren indarrez berrogei egun eta berrogei gau ibili zan Horeberaino, Jainkoaren mendiraino.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 34 [33], 2-3. 4-5. 6-7. 8-9 (R/. 9a)

R/.   Dastatu eizue eta ikusi zein ona dan Jauna.

V/.   Bedeinkatuko dot aldi oro Jauna,
nire ahoan beti haren gorespena.
Harro nago Jaunagaz,
entzun begie apalek eta poztu beitez. R/.

V/.   Handietsi nigaz batera Jauna,
goratu daigun alkarregaz haren izena.
Jaunagana jo neban, eta harek erantzun,
bildur guztietatik ninduan libratu. R/.

V/.   Begiratzen deutsoenak distiratsu egongo dira,
ez jake aurpegia lotsaz gorrituko.
Dohakabeak dei egin eban, eta Jaunak entzun,
eta estualdi guztietatik eban salbatu. R/.

V/.   Kanpaturik dago Jaunaren aingerua
hari begirune deutsoenen inguruan,
eta libratzen ditu.
Dastatu eizue eta ikusi zein ona dan Jauna;
zorionekoa harengan babesten dana. R/.

 

II. Irakurgaia

Bizi zaiteze maitasunean, Kristoren antzera.

San Paulo Apostoluak Efesoarrei egindako epistolatik

Ef 4, 30–5, 2

    Senideok: Ez nahigabetu Jainkoaren Espiritu Santua, horregaz markatu zaitue-eta Jainkoak, askapen-egunean zuek bereizteko. Kendu zeuen artetik garrazkeria, hasarrea, gorrotoa, garrasiak, irainak eta bestelako gaiztakeria guztiak. Izan zaiteze alkarrentzat on eta bihozbera, alkarri parkatuz, Jainkoak zuei Kristoren bitartez parkatu eutsuen lez.
    Izan zaiteze, beraz, Jainkoaren antzeko, haren seme-alaba maite zarien ezkero. Bizi zaiteze maitasunean, Kristoren antzera, berak maite izan ginduzan eta bere burua gure alde emon eban, Jainkoak atseginez onartzen dauan oparitzat eskeiniz.

Jaunak esana.

 

Aleluia

Jn 6, 51

R/.   Aleluia.

V/.   Neu naz zerutik jatsi dan ogi bizia, dino Jaunak;
        ogi honetatik jaten dauana betiko biziko da. R/.

 

Ebanjelioa

Neu naz zerutik jatsi dan ogi bizia.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik

Jn 6, 41-51

    Aldi haretan, Jesusen aurka marmarka hasi ziran entzuleak, «Neu naz zerutik jatsitako ogia» esan ebalako, eta hauxe inoen: «Ez ete dogu, ba, hau Jesus, Joseren semea? Ez ete ditugu, bada, ezagutzen honen aita-amak? Zelan dino, orain, zerutik jatsia dala?»
    Jesusek erantzun eutsen: «Ez jardun marmarka zeuon artean. Ezin da inor Nigana etorri, bialdu nauan Aitak erakartzen ez badau; eta Neuk biztuko dot hori azken egunean. Hauxe dino profeten liburuak: “Jainkoaren ikasle izango dira danak”. Aitari entzun eta harek irakatsia bereganatzen dauana Neugana dator. Horrek ez dau esan gura inork Aita ikusi dauanik; Jainkoagandik etorri danak bakarrik ikusi dau Aita.
    Bene-benetan dinotsuet: Sinisten dauanak betiko bizitza dauka. Neu naz bizia emoten dauan ogia. Zuen gurasoek mana jan eben basamortuan eta, halan be, hil egin ziran. Hauxe da zerutik jaisten dan ogia; honetatik jaten dauana ez da hilko. Neu naz zerutik jatsia dan ogi bizia; ogi honetatik jaten dauana betiko biziko da. Eta Nik emongo dodan ogia neure haragia da, mundua bizi dadin emona».

Jaunak esana.


URTEAN ZEHARREKO XIX. DOMEKA

C urtean

I. Irakurgaia

Egintza bat beraz gure arerioak zigortu zenduzan,
eta gu ohorez bete ginduzuzan, Zeugana deituz.

Jakituria liburutik

Jkt 18, 6-9

    Aldez aurretik emon jaken gure asabei
pazko-gauaren barri,
sinistu ebezan promesak, sendoak zirala ikustean,
adore izan egien.
Zintzoentzat salbazino
eta arerioentzat hondamendi izan zan gau haren zain
egon zan zure herria.
Izan be, egintza bat beraz gure arerioak zigortu zenduzan
eta gu ohorez bete ginduzuzan, Zeugana deituz.

Zintzoen seme-alaba fededunek
sakrifizioak eskeintzen ebezan ezkutuan,
eta danek, aho batez, lege santu hau ezarri eben:
aldi onetan nahiz txarretan alkarturik egongo zirala zintzoak.
Eta orduan bai, kantatzen ebezan asaben gorazarreak.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 33 [32], 1 eta 12. 18-19. 20 eta 22 (R/. ik. 12b)


R/.
   Bai dohatsu
        Jaunak bere oinorde aukeratu dauan herria.

V/.   Egin poz-oihu, zintzook, Jaunari,
zuzenei dagokie, izan be, ha gorestea.
Zorionekoa, Jauna Jainko dauan nazinoa,
harek bere ondaretzat aukeratu dauan herria. R/.

V/.   Jauna arduratzen da begirune deutsoenez,
haren maitasunean itxaroten dabenez,
hareek heriotzatik libratzeko
eta gosetean bizirik gordetzeko. R/.

V/.   Guk Jaunagan dogu esperantza,
bera dogu laguntzaile eta babesle.
Betor gugaz, Jauna, zure maitasuna,
Zugan dogu-eta jarria itxaropena. R/.

 

II. Irakurgaia

          Irakurgai hau era laburrean ik. honen ondoren.

Arkitekto eta egile Jainkoa bera dauan uria itxaron eban.

Hebrearrei egindako epistolatik

Heb 11, 1-2. 8-19

    Senideok: Itxaroten dogunaren oinarria da sinismena, ikusten ez diranen segurtasuna. Sinismenagaitik onetsi ebazan Jainkoak gure asabak.
    Sinismenari esker, Abraham, Jainkoaren deiari erantzunez, ondaretzat hartu behar eban lurraldera abiatu zan, nora joian jakin barik. Sinismenaren indarrez atzerritar moduan bizi izan zan agindutako lurraldean; oihal-txaboletan bizi izan zan, Jainkoaren agintzari bera hartu eben Isaak eta Jakob lez; eta hori, oinarri sendoa dauan uria, arkitekto eta egile Jainkoa bera dauan uria, itxaroten ebalako.
    Sinismenari esker hartu eban ondorengoa ekartzeko indarra, bere emazte Sara agorra izan eta berak be sasoia joana eban arren, agintzaria egin eutsona fidagarria zala sinistu eban-eta. Holan, gizon bakarragandik –eta berau horretarako hilik egoala–, ondorengoak sortu ziran, zeruko izarrak baizen ugari eta itsasbazterreko hondarrak baizen kontaezin.
    Horreek guztiak Jainkoak agindudako ondasunak eskuratu barik hil ziran; baina sinismenaren argitan urrunera ikusi eta agurtu egin ebezan, holan lur honetan erromes eta arrotz zirala autortuz; izan be, honan berba egiten dabenek garbi adierazoten dabe aberriaren bila dabiltzala. Itzi eben lurraldea gogoan izan balebe, izango eben egokiera hara bihurtzeko. Baina lur hobea eben gogoko, zerukoa. Horregaitik, Jainkoak ez dau «hareen Jainko» deitua izateko lotsarik, uri bat be prestatu eutsen-eta.
    Sinismenari esker eskeini eban opari Abrahamek Isaak, Jainkoak probatu ebanean. Bera, agintzariak hartu ebazana, prest egoan bere seme bakarra eskeintzeko, nahiz eta seme horretaz esana eutson Jainkoak: «Isaaken bidez izango dozuz ondorengoak». Uste bizia eban Abrahamek Jainkoa gai dala hildakoak bizteko be; horregaitik, semea berreskuratzea Jainkoaren ahalmenaren ezaugarri izan jakon.

Jaunak esana.



          II. irakurgaia era laburrean.

Arkitekto eta egile Jainkoa bera dauan uria itxaron eban.

Hebrearrei egindako epistolatik

Heb 11, 1-2. 8-12

    Senideok: Itxaroten dogunaren oinarria da sinismena, ikusten ez diranen segurtasuna. Sinismenagaitik onetsi ebazan Jainkoak gure asabak.
    Sinismenari esker, Abraham, Jainkoaren deiari erantzunez, ondaretzat hartu behar eban lurraldera abiatu zan, nora joian jakin barik. Sinismenaren indarrez atzerritar moduan bizi izan zan agindutako lurraldean; oihal-txaboletan bizi izan zan, Jainkoaren agintzari bera hartu eben Isaak eta Jakob lez; eta hori, oinarri sendoa dauan uria, arkitekto eta egile Jainkoa bera dauan uria, itxaroten ebalako.
    Sinismenari esker hartu eban ondorengoa ekartzeko indarra, bere emazte Sara agorra izan eta berak be sasoia joana eban arren, agintzaria egin eutsona fidagarria zala sinistu eban-eta. Holan, gizon bakarragandik –eta berau horretarako hilik egoala–, ondorengoak sortu ziran, zeruko izarrak baizen ugari eta itsasbazterreko hondarrak baizen kontaezin.

Jaunak esana.


Aleluia

Mt 24, 42a. 44

R/.   Aleluia.

V/.   Zagoze zuhur,
        gitxien uste dozuen orduan
        etorriko jatzue-eta Gizonaren Semea. R/.

 

Ebanjelioa

          Ebanjelio hau era laburrean ik. honen ondoren.

Egon prest zeuok be.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lk 12, 32-48

    Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Ez bildur izan, ene artaldetxu hori ze, gogoko izan dau zuen Aitak erreinua zeuei emotea.
    Saldu zeuen ondasunak eta emon limosna. Pilotu egizuez zeruan hondatuko ez diran ondasunak, hutsik egingo ez deutsuen altxorra; izan be, hara ez da lapurrik hurreratzen, ezta han sitsak jaten be. Ze, zuen altxorra non, zuon bihotza han.
    Zagoze prest, jantziak lotuta eta kriseiluak biztuta; izan zaiteze nagusia ezteguetatik noiz bihurtuko zain dagozan morroiak bezalakoak, heldu eta atea jo baizen laster edegitzeko prest dagozan morroien modukoak.
    Zorionekoak morroi horreek, nagusiak, heltzean, itxaroten aurkitzen baditu! Egia dinotsuet: erropak aldaturik, mahaian jesarriazoko ditu eta zerbitzen hasiko jake. Eta gauerdian nahiz goizaldean badator eta holan aurkitzen baditu, zorionekoak hareek!
    Hartu gogoan hau: etxeko nagusiak, lapurra zein ordutan etorriko dan jakingo baleu, ez leuke etxea zulatzen itziko. Egon prest zeuok be ze, gitxien uste dozuen orduan etorriko da Gizonaren Semea».
    Pedrok itaundu eutson: «Jauna, guretzat ala danentzat esan dozu parabola hau?»
    Jaunak erantzun: «Izan zaiteze etxejagole zintzo eta zentzunduna lakoak, nagusiak, bere orduan behar dan janaria banatzeko, morroien buru ipini dauana lakoak. Zorionekoa morroi hori, nagusiak, heltzean, agindua egiten aurkitzen badau! Benetan dinotsuet: bere ondasun guztien buru ipiniko dau. Baina morroia, nagusia atzeratu egingo dalakoan, morroi-lagunak eta neskameak jotzen eta jan-edanean eta mozkorkerian hasten bada, gitxien uste dauan egunean eta gitxien uste dauan orduan etorriko jako nagusia, gogor zigortuko dau eta emongo deutso zintzo ez diranek merezidu dabena.
    Nagusiaren nahia zein dan jakin arren, gauzak harek gura dauan lez eratzen edo egiten ez dituan morroiak zigor gogorra izango dau; nagusiaren borondatea zein dan jakin barik, zigorra merezidu dauan zeozer egiten dauanak, barriz, biguna. Asko emon jakonari, asko eskatuko jako; eta askoren ardura emon jakonari, oraindik kontu handiagoa eskatuko».

Jaunak esana.



          Ebanjelioa era laburrean.

Egon prest zeuok be.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lk 12, 35-40

    Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: Zagoze prest, jantziak lotuta eta kriseiluak biztuta; izan zaiteze nagusia ezteguetatik noiz bihurtuko zain dagozan morroiak bezalakoak, heldu eta atea jo baizen laster edegitzeko prest dagozan morroien modukoak. Zorionekoak morroi horreek, nagusiak, heltzean, itxaroten aurkitzen baditu! Egia dinotsuet: erropak aldaturik, mahaian jesarriazoko ditu eta zerbitzen hasiko jake. Eta gauerdian nahiz goizaldean badator eta holan aurkitzen baditu, zorionekoak hareek!
    Hartu gogoan hau: etxeko nagusiak, lapurra zein ordutan etorriko dan jakingo baleu, ez leuke etxea zulatzen itziko. Egon prest zeuok be ze, gitxien uste dozuen orduan etorriko da Gizonaren Semea».

Jaunak esana.