UZ01_Jaunaren Bateoa

 Urtarrilaren 6aren ondorengo domekan

JAUNAREN BATEOA

A - B - C urteetan

(Fray MARCOS)

 

Aukerako irakurgaiak

I. Irakurgaia

Jaunaren aintza agertuko da
eta gizaki guztiek ikusiko dabe.

Isaias Profetaren liburutik

Is 40, 1-5. 9-11

     «Kontsolatu egizue, kontsolatu nire herria, dino Jainkoak.
Egin berba bihotzera Jerusalemi, egiozue oihu:
betea dauala bere morroialdia, ordaindua bere erruen zorra,
Jaunaren eskutik hartu dau-eta bere pekatu guztien ordain betea».

 Ahots bat dabil oihuka:
«Prestatu basamortuan bidea Jaunari;
zelaitu eremuan galtzada gure Jainkoari.
Bete daitezala haranak, beheratu mendi eta muinoak;
bardindu daitezala malkarrak, zelaitu lur-maldak.
Orduan Jaunaren aintza agertuko da,
eta gizaki guztiek batera ikusiko dabe
—Jaunak berak esan dau—».

 Igon mendi-gailurrera, Siongo mezularia;
egin deadar handi, Jerusalemgo mezularia;
egin deadar, ez bildur izan.
Esan Judako uriei:
«Hona hemen zuen Jainkoa.
Hara, indarrez jantzita dator Jainko Jauna,
eta haren besoa nagusi da.
Hara, beragaz dakar garaipen-agiria
eta bere aurretik berak askaturiko herria.
Artzainak lez zaintzen dau artaldea:
bildotsak besoan hartu eta altzoan eroaten ditu,
ardi-ama barriak arduraz gidatzen».
 

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 104 [103], 1b-2. 3-4. 24-25. 27-28. 29-30 (R/. 1)

 

R/.   Bedeinkatu begi nire arimak Jauna!
        Ene Jainko, bai handia zarala!

 V/.   Jauna, ene Jainkoa, bai handia zarala!
        Distiraz eta handitasunez zagoz jantzita,
        argiz inguratuta, soinekoz lez.
        Oihal-txabola lez zabaltzen dozu zerua. R/.
 

V/.   Uren gainean jasotzen dozuz zeure goi-gelak,
        zeure karroza egin hodeiak,
        haize-hegaletan zabiltz.
        Haizeak dozuz mezulari,
        sugarra zerbitzari. R/.

 V/.   Bai ugariak, Jauna, Zuk eginak!
        Danak jakituriaz egin dozuz,
        zure sorkariz betea dago lurra.
        Horra itsasoa, handi eta zabal;
       
hor dabiltz bor-bor, ezin konta ahala,
        bizidun txiki eta handiak. R/.

V/.   Danak zure zain dagoz,
        bere sasoian Zuk jaten emoteko zain;
        Zuk emon, eta hareek harrapatzen dabe,
        Zuk eskua zabaldu, eta ondasunez betetzen dira. R/.

 V/.   Zuk aurpegia gorde, eta hareek ikara dira,
       
Zuk arnasa kendu, eta hil egiten dira,

       
hauts izatera bihurtzen.

       
Zuk arnasa bialdu, eta barriro sortzen dira,

       
barritu egiten dozu lurbira. R/.

 

II. irakurgaia

Salbatu egin gaitu, jaiotza barria emoten dauan garbikuntzaz
eta Espiritu Santuak eragiten dauan barrikuntzaz.

San Paulo Apostoluak Titori egindako epistolatik

Tt 2, 11-14; 3, 4-7

     Anaia maitea: Agertu da Jainkoaren onginahia, gizon-emakume guztien salbazinorako. Honek Jainko bako bizitzari eta munduko grina txarrei uko egiten irakasten deusku, eta neurriz, zuzentasunez eta jainkozaletasunez mundu honetan bizitzen, gure itxaropen zoriontsua noiz beteko zain, Jesu Kristo Jainko handia eta gure salbatzailea aintzaz beterik noiz agertuko zain. Harek bere burua emon eban gugaitik, gu gaiztakeria guztietatik askatu eta garbi egiteko, haren herri berezi izan gaitezan, on egin zale.
     Jainko gure salbatzailearen bihotz ona eta onginahia agertu danean, salbatu egin gaitu; ez guk egindako zuzenbidezko egintzakaitik, bere errukiagaitik baino, jaiotza barria emoten dauan garbikuntzaz eta Espiritu Santuak eragiten dauan barrikuntzaz. Espiritu hori oparo isuri deusku Jainkoak, Jesu Kristo gure salbatzailearen bitartez. Holan, onginahi hutsez Jainkoak zuzen egin gaituala, itxaroten dogun betiko biziaren oinordeko egin gara.

Jaunak esana.

 

Aleluia

Ik. Lk 3, 16

R/.   Aleluia.

V/.   Badator ni baino ahaltsuago dana,
        esan eban Joan Bateatzaileak;
        harek Espiritu Santuaz eta suz bateatuko zaitue. R/.

 

Ebanjelioa

Jesus be bateatu zan.
Eta otoitzean ziharduala, zerua zabaldu zan.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lk 3, 15-16. 21-22

     Aldi haretan, herria zain-zain egoan eta danak ziharduen pentsatzen ez ete zan Joan Bateatzailea Mesias izango. Joanek guztiei jakin eragin eutsen: «Nik urez bateatzen zaituet; baina badator ni baino ahaltsuago dana eta ni ez naz inor haren oinetakoen lokarriak askatzeko be. Harek Espiritu Santuaz eta suz bateatuko zaitue.
     Herri guztia bateatzen ebilen baten, Jesus be bateatu zan. Eta otoitzean ziharduala, zerua zabaldu zan, eta Espiritu Santua jatsi jakon gainera uso-irudian. Eta berbots hau etorri zan zerutik: «Zeu zara nire Semea, nire maitea; Zeu zaitut atsegin».

Jaunak esana.

 

 

 (LAGUNGARRIAK)

 

JAUNAREN BATEOA /C

Urtean zeharreko I. domekea

Sarrera-oharra

    Ondo etorri, senideok, Gabon jaiei amaierea eta Urtean Zeharreko Liturgi aldiari hasierea emoten deutsen Jaunaren Bateoa ospatzera. Pekatariekin lerrotuta, Joanen damu-bateoa hartzen dau Jesusek; zerua zabaltzen dau; Jainkoagazko hartu-emonetan sartzen gaitu… Ez daigun galdu aukera hau. Jarraitu deiogun Liturgia hau ospatuz.

Sarrera abestia

Bateoko uretan, Jauna, gaituzu
pekaturako hil ta zeuretzat biztu.

 —Bateoagaitik, / eskerrik asko,
seme-alaba egin / gaituzulako.

—Bateoan ginan / hil Jesusegaz
geroztik gaitezan / bizi beragaz.

 

Damu-otoitza

    Aurkeztu gaitezan, damutasunez, Jaunaren aurrean, gure pekatuetatik askatzeko egiten da-ta bat pekatariekaz:

—Jesus Jauna, Espirituak bultzatua zarana, erruki, Jauna.
—Jesus Jauna, aldi eta egoerei adi zagozena, Kristo, erruki.
—Jesus Jauna, damu-bateoa hartu eta zeruak zabaltzen deuskuzuzana, erruki, Jauna.

Lehenengo irakurgaiari

    Jaunaren morroiaren irudira hurreratuko gaitu Isaiasek, eta guk, irudi horretan, Jesus ikusiko dogu. Geuretu daigun haren eginkizuna.

Erantzun salmoa

 

Bigarren irakurgaiari

    Pedro apostoluak bere hitzaldian Jesus Jaunaren eginkizunaren barri emongo deusku: geure eginkizun izan daiteke Espirituaren esanetara jarten bagara.

 

Ebanjelioari

    Harrigarria da Joan ebanjelariak emoten dauan Jesusi buruzko autorkuntza; baina pozgarria eta asegarria ere bai. Egin deiogun harrerea Aleluia abestuz, zutunik.

 

ESKARIAK

† Jainkoak gugandik hur eta geure artean izateaz gain gure lokarrietatik askatu gura gaitula ikusten dogu. Jo daigun eskale bere errukira.

 

—Elizearen alde: pekatarientzako, aldenduentzako eta itxaropenik aurkitzen ez dabenentzako ere euren egoeratik askatzeko indar izan daiten, egin daigun otoitz.

—Zorion iturria ondasunak metatzean ikusten dabenek Espirituaren argitasuna aurkitu daien eta haren esanetara jarteko adorea izan daien, egin daigun otoitz.

—Zahar, pobre, gaiso eta bazterkuntzea jasaten dabenek itxaropena eta laguntza aurkitu daien Jesus Jaunaren jarraitzaile garala dinogunongan, egin daigun otoitz.

—Zor jakon begiramena eskuratu daian emakumeak, eta bere duintasunean jarria izan daiten bai Elizan, bai gizartean eta baita erakunde guztietan ere, egin daigun otoitz.

—Eukaristiaren mahaira hurreratzeko aukerea dogunok Espirituaren esanetara jarri gaitezan, behartsuekaz eta sufritzen dabenekaz bat egiteko, egin daigun otoitz. 

† Zure Seme Jesusengan seme-alaba egiten gaituzun Jainko Jauna: geure ondoan sumatu zaiguzala gure egunerokotasunean. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.

—Amen.

 

Jaunartzerako

ZU GABE, JESUS, NORA joango gara gu?
Zuk betiko bizitzako hitzak, Jauna, dituzu.

1 Zu gure maisu zaitugu, zu gure gidari
zure hitza guretzat indar eta argi.

2 Maitasunezkoa dogu, Jauna, zure hitza
Zu zaitugu egia, bidea, bizia!

 

Azkenean

    Jesus, munduko argia.
    Jesus, zinezko egia.
    Jesus, betiko bizia.