UZ-18-C

URTEAN ZEHARREKO XVIII. DOMEKA

C urtean

I. Irakurgaia

Zer gelditzen jako gizakiari
egin dauan hainbeste lan eta eginahaletatik?

Kohelet liburutik

Koh 1, 2; 2, 21-23

    Huskeria hutsa –dino Koheletek–,
huskeria hutsa, dana huskeria da. 

    Izan be, jazotzen da batek buruz, egoki eta trebetasunez lan egin ondoren, ezer egin ez dauanari dana itzi beharra. Hau be huskeria da eta oker handia. Zer gelditzen jako gizakiari eguzkipean egin dauan hainbeste lan eta eginahaletatik? Egunero atsekabea besterik ez dau, eta bere lanetan nekea; gauez be ez dau atsedenik haren bihotzak. Hau be huskeria da.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 90 [89], 3-4. 5-6. 12-13. 14 eta 17 (R/. ik. 1)

R/.   Jauna, gure ihesleku Zeu izan zara
        gizalditik gizaldira.

V/.   Gizakia hautsera bihurtuarazoten dozu,
esanez: «Bihurtu lehenera, gizakiok».
Bai, mila urte zure begietan
atzo igaro zan eguna adina,
gaualdi bat adina. R/.

V/.   Hor daroazuz gizakiak,
amesa lez dira;
ernetzen dira goizean bedarra lez;
goizean erne eta loratzen da-eta,
arratsaldean zimeldu eta igartzen. R/.

V/.   Irakatsi egiguzu geure egunen kontua eroaten,
zuhurtasunaren muinaz jaubetu gaitezan.
Bihurtu zakiguz, Jauna! Noiz arte?
Errukitu zaitez zeure zerbitzariez. R/.

V/.   Asetu gaizuz goizero zeure maitasunaz,
poztu gaitezan eta zoriontsu izan geure egun guztietan.
Betor gugana Jaunaren, gure Jainkoaren, gozotasuna
eta sendotu begi harek gure eskuen lana;
sendotu dagiala, bai, gure lana. R/.

 

II. Irakurgaia

Bilatu egizuez zeruko gauzak, han dago-eta Kristo.

San Paulo Apostoluak Kolosarrei egindako epistolatik

Kol 3, 1-5. 9-11

    Senideok: Kristogaz berbiztu zarien ezkero, bilatu egizuez zeruko gauzak, han dago-eta Kristo, Jainkoaren eskumaldean jesarrita. Bilatu egizuez goiko gauzak, eta ez lurrekoak, hilda zagozelako, eta zuen bizia Kristogaz dago Jainkoagan gordeta. Kristo, zuen bizia, agertuko danean, zuok be aintzatsu agertuko zarie haregaz batera.
    Hilarazo egizuez, beraz, zeuen barruan mundu honen araberako jarrerak: lizunkeria, lohikeria, nahikeria eta grina txarrak eta idolatria dan diru-gosea. Ez esan alkarri guzurrik, izaera zaharra eta honen araberako jokabidea erantzi eta barria jantzi dozuen ezkero; izaki barri zarie, beraren egile dan Jainkoaren irudira erabarrituz doana, ezaguera beteagora heltzeko. Hor ez dago honezkero ez greziarrik eta ez judegurik, ez erdaindurik eta ez erdainbakorik, ez kulturadunik eta ez kulturabakorik, ez esklaborik eta ez librerik; Kristo da guztia, eta guztiengan bizi da.

Jaunak esana.

          

Aleluia

Mt 5, 3

R/.   Aleluia.

V/.   Zorionekoak gogoz behartsu diranak,
        eurena dabe-eta Jainkoaren erreinua. R/.

 

Ebanjelioa

Norentzat izango dok pilatu doana?

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lk 12, 13-21

    Aldi haretan, jente arteko batek esan eutson Jesusi: «Maisu, esaiozu nire anaiari senipartea nigaz erdibana egiteko».
Jesusek erantzun eutson: «Lagun, nork jarri nau Ni zuen artean epaile edota ondasun-banatzaile?» Eta jenteari esan eutson: «Kontuz! Gorde zeuen burua diru-gosetik ze, ondasunek ez deutsoe inori bizia segurtatzen, ugariak izanda be».
    Gero, parabola hau kontatu eutsen: «Gizon aberats bati lurrak uzta handia emon eutson. Eta holantxe pentsatzen hasi zan berekautan: “Zer egin, ze ez daukat uzta non jasorik”.
    Eta  beretzat  esan  eban:  “Badakit zer egin:  garautegi zaharrak bota eta handiagoak egingo dodaz eta hareetan jasoko dodaz garia eta gainerakoak. Gero, esango deutsat neure buruari: “Ea, mutil! Badaukak hor gordeta urteetarako nahiko ondasunik; hartu atseden, jan, edan eta ondo bizi!”
    Baina Jainkoak esan eutson: “Burubako halakoa! Gaur gauean bertan hil behar dok. Norentzat izango dok pilotu doana?”»
    Eta holantxe amaitu eban Jesusek: «Horra zer gertatzen jakon, Jainkoarentzat aberats izan beharrean, ondasunak beretzat pilotzen dituanari».

Jaunak esana.