UZ08_A-B-C


URTEAN ZEHARREKO VIII. DOMEKA

A urtean

(Fray Marcos)

I. Irakurgaia

Ni ez naz zutaz ahaztuko.

Isaias Profetaren liburutik

Is 49, 14-15

    Sionek esaten eban:
«Baztertua nauka Jaunak, ahaztua nire Jaubeak.
Ahaztu ete daiteke ama bere umetxuaz
edota ukatu ete leikio bere sabeleko umeari errukia?
Bada, ama umeaz ahaztuko balitz be,
Ni ez naz zutaz ahaztuko!»

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 62 [61], 2-3. 6-7. 8-9b (R/. ik. 6a)

R/.   Jainkoagan bakarrik dau atseden nire barruak.

V/.   Jainkoagan bakarrik dau atseden nire barruak,
harengandik datorkit-eta salbazinoa.
Ha bakarrik nire harri eta salbazino,
bera nire gotorleku; ez naz kili-kolo egongo. R/.

V/.   Ene barrua, Jainkoagan bakarrik izan atseden,
harengandik datorkit-eta itxaropena.
Ha bakarrik nire harri eta salbazino,
bera nire gotorleku: ez naz kili-kolo egongo. R/.

V/.   Jainkoagan nire salbazinoa eta ohorea,
Jainkoa nire harkaitz sendoa eta babeslekua.
Izan konfiantza harengan eten barik, haren herri zarienok,
zabaldu hari zeuen bihotza. R/.

 

II. Irakurgaia

Jaunak agertuko ditu bihotzeko asmo gordeak.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo epistolatik

1 Ko 4, 1-5

    Senideok: Hartu gagiezala guztiek Kristoren zerbitzaritzat eta Jainkoaren misterioen administratzailetzat. Eta administratzaileari leiala izatea eskatzen jako.
    Niri dagokidanez, ez deust bape ardura zuek edo edozein giza auzitegik ni epaitzeak. Neuk be ez dot epaitzen neure burua. Egia da kontzientziak ez nauala ezertan salatzen; baina horrek ez dau esan gura neure burua errubakotzat daukadanik, ze Jaunak nau epaitzen.
    Ez dagizuela, beraz, ordua baino lehen epaitu. Itxaron Jauna etorri arte. Harek argituko dau ilunpean ezkutaturik dagoana, harek agertuko bihotzeko asmo gordeak. Eta, orduan, bakotxak merezi dauana jasoko dau Jainkoagandik.

Jaunak esana.

 

Aleluia

Heb 4, 12

R/.   Aleluia.

V/.   Bizia da Jainkoaren hitza, bizia eta eraginkorra,
        eta barruko pentsamentuak eta asmoak aztertzen ditu. R/.

 

Ebanjelioa

Ez kezkatu biharko egunaz.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 6, 24-34

    Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Ezin da inor nagusi biren morroi izan; izan be, bata gorroto izango dau eta bestea maiteko, edota batari leial izango jako eta bestea ez dau aintzat hartuko. Ezin zarie Jainkoaren eta diruaren morroi izan.
    Horregaitik dinotsuet: Ez kezkatu bizitzeko zer jango edota gorputza zerez jantziko. Ez ete da bizia janaria baino gehiago, eta gorputza jantzia baino gehiago? Begira zeruko hegaztiei: ez dabe ereiten, ez uztarik batzen, ez garaian pilotzen; halan be, zeruko zuen Aitak janaritzen ditu. Ez ete dozue zuek hareek baino askoz gehiago balio?
    Asko arduratuta be, zuetariko nork luzatu leike apurtxu bat bizitza? Eta jantziaz, zergaitik arduratu? Begira zelan hazten diran loreak zelaietan: ez dira lanean nekatzen, ez dabe iruten; baina, egia esan, Salomon bera be, bere ospe guztian, ez zan janzten horreetariko bat baizen apain.
    Beraz, gaur bedarlekuan dagoan eta bihar surtan erreko dan bedarra Jainkoak holan janzten badau, zenbat gehiago zuek, sinismen gitxikook? Ez arduratu, bada, zer jango, zer edango, zer jantziko dozuen pentsatuz. Jentilak arduratu ohi dira horreez guztiez. Zeruko zuen Aitak badaki horreen guztien beharra dozuena. Bilatu lehenengo Jainkoaren erreinua eta beronen zuzentasuna, eta gainerako guztia gehigarri emongo deutsue Jainkoak. Ez arduratu, bada, biharko egunaz, ze biharko egunak be ekarriko dau bere ardura. Nahiko ditu egun bakotxak bere buruhausteak».

Jaunak esana.


URTEAN ZEHARREKO VIII. DOMEKA

B urtean

I. Irakurgaia

Neure emazte egingo zaitut betiko.

Oseasen Profezia liburutik

Os 2, 16b. 17b. 21-22

    Honan berba egiten dau Jaunak:
«Basamortura eroango dot Nik neure herria
eta bihotzera hitz egingo deutsat.
Han bere gaztaroan lez erantzungo deust,
Egiptotik igon ebanean lez.

Neure emazte egingo zaitut betiko;
neure emazte egingo justiziaz eta zuzenbidez,
maitasunez eta errukiz.
Leialtasunez egingo zaitut neure emazte,
eta zuk Jauna ezagutuko dozu».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 103 [102], 1-2. 3-4. 8 eta 10. 12-13 (R/. 8a)

R/.   Bihozbera eta errukiorra da Jauna.

V/.   Bedeinkatu begi nire arimak Jauna,
nire barru osoak haren izen santua.
Bedeinkatu begi nire arimak Jauna,
ez bedi ahaztu haren mesedeaz. R/.

V/.   Erru guztiak deutsuz parkatzen,
gatx guztiak osatzen;
zure bizia hilobitik askatzen dau,
maitasunez eta errukiz koroatzen zaitu. R/.

V/.   Bihozbera eta errukiorra da Jauna,
hasarregatxa eta onginahiz betea.
Ez gaitu erabiltzen gure pekatuek merezi lez,
ez deusku ordaintzen geure erruen arabera. R/.

V/.   Zelan sortaldea sartaldetik urrun,
halan ditu harek gure hobenak gugandik urruntzen.
Zelan aita seme-alabentzat errukior,
halan Jauna begirune deutsoenentzat bihozbera. R/.

 

II. Irakurgaia

Zuek Kristoren gutuna zarie,
geuk idatzia.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako bigarren epistolatik

2 Ko 3, 1b-6

    Senideok: Gomendio-gutunak behar ete doguz zuentzat edo zuengandik, beste hainbatek lez? Zuek zarie gure errekomendazino-eskutitza, geure bihotzean idatzita daroaguna eta jente guztiak ezagutu eta irakurri dauana. Garbi dago, izan be, zuek Kristoren eskutitza zariela, guk idatzia, eta ez tintaz, Jainko biziaren Espirituaz baino; ez harri-losatan, haragi-losatan baino, bihotzean hain zuzen be.
    Hau da Kristori esker Jainkoagan dogun konfiantza. Ez gu geurez ezertarako gai garala uste dogulako; gaitasuna Jainkoagandik datorkigu-eta; izan be, berak egin gaitu itun barriaren zerbitzari izateko gai. Itun hori ez da legearen letra hutsean oinarritzen, Espirituaren indarrean baino, legearen letrak hil egiten dau-eta; Espirituak, barriz, bizia emoten.

Jaunak esana.

 

Aleluia

St 1, 18

R/.   Aleluia.

V/.   Aitak, halan nahita, bizia emon deusku egiaren mezuaz,
        sorkari guztien artean lehenengoak izan gaitezan. R/.

       

Ebanjelioa

Senar barria eurekin dabe.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik

Mk 2, 18-22

    Aldi haretan, Joan Bataiatzailearen ikasleek eta fariseuek barau-eguna eben. Jesusengana joan eta esan eutsoen: «Zelan egiten dabe barau Joanen ikasleek eta fariseuek, eta zure ikasleek ez?»
    Jesusek erantzun eutsen: «Ezteguetara deituek egin ete leikie barau, senar barria eurekin dabela? Senar barria eurakaz daben bitartean, ezin leikie barau egin. Etorriko jake, bai, senar barria kenduko deutsien eguna; orduan, egun haretan, egingo dabe barau.
    Inork ez deutsa josten jantzi zaharrari oihal gordinezko adabakirik; ostantzean, adabaki barriak jantzi zaharra behartu, eta tarratada handiagoa egiten da. Ez dau inork sartzen ardao barririk be zahagi zaharretan; ardaoak zahagiak lehertu egingo leukez eta, orduan, ez ardo eta ez zahagi. Ardao barria zahagi barrietan».

Jaunak esana.


 


URTEAN ZEHARREKO VIII. DOMEKA

C urtean

 (Fray MARCOS)

I. Irakurgaia     

Ez goratu inor hitz egiten entzun baino lehen.

Siraken liburutik

Si 27, 5-8 (gr. 4-7)

    Galbaheari eragindakoan, hondarrak gelditzen dira,
eta azterketa egitean, gizakiaren akatsak.
Labeak probatzen ditu lapikogilearen ontziak,
eta giza arrazoiketak gizakiaren balioa.
Frutuak erakusten dau zelan zaindu daben arbola,
eta hitzak gizakiaren pentsamoldea.
Ez goratu inor hitz egiten entzun baino lehen,
horretan probatzen dira-eta gizakiak.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 92 [91], 2-3. 13-14. 15-16 (R/. 2a)

R/.   Bai ederra, Jauna, Zu gorestea.


 
V/.
   Bai ederra, Jauna, Zu gorestea
eta zure izena, Goi-goiko, kantuz ospatzea,
goizean zure maitasuna iragartzea
eta gauean zure leialtasuna. R/.

V/.   Zintzoa palmondoa lez garatuko da,
Libanoko zedroa lez haziko;
Jaunaren etxean landatua,
gure Jainkoaren atarietan garatuko da. R/.

V/.   Zaharturik be emongo dau frutua,
mardul eta heze iraungo dau,
Jauna zuzena dala iragartzeko,
nire harkaitza, txarkeriarik ez dauana. R/.

 

II. Irakurgaia   

Garaipena emoten deusku,
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo epistolatik   

1 Ko 15, 54-58

    Senideok: Gure izate ustelkorra bizi ustelezinez jantziko danean, eta izate hilkorra hilezkortasunez, orduan beteko da Liburu Santuak dinoana: «Behin betiko garaitua izan da heriotza. Non dok, herio, heure garaipena? Non heure eztena?» Heriotza dakarren eztena pekatua da, eta pekatuak legetik hartzen dau bere indarra. Eskerrak Jainkoari, garaipena emon deuskulako Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez!
    Beraz, ene senide maiteok, iraun sendo, asmoz aldatu barik, Jaunaren lanean gero eta gogotsuago, jakinik Jaunak ez dauala zuen nekea saririk barik itziko.

Jaunak esana.

 

Aleluia               

Flp 2, 15d-16a

R/.   Aleluia.

V/.   Izarrek munduan lez egiten dozue argi gizarte honetan,
        bizia emoten dauan mezuari sendo eutsiz. R/.

 

Ebanjelioa

Ahoak esan, bihotzari gainezka dariona esaten dau.

  Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik         

Lk 6, 39-45

    Aldi haretan, Jesusek parabola hau esan eutsen ikasleei: «Izan ete daiteke itsua itsuaren gidari? Ez ete dira biak zulora jausiko? Ikaslea ez da irakaslea baino gehiago, baina ondo eskolaturiko ikaslea bere irakaslearen bestekoa izango da.
    Zelan ikusten dozu senidearen begiko samarra eta zeure begiko habeaz konturatzen ez? Zelan esan zeinkio senideari: “Adiskide, itzidazu begian dozun samarra ataratzen”, zuk zeurean dozun habea ikusten ez dozula?
    Itxurazalea halakoa! Atara lehenengo zeure begitik habea, eta orduan ikusiko dozu garbi, senidearen begitik samarra ataratzeko.
    Ez da zuhaitz onik frutu txarra emoten dauanik, ezta zuhaitz txarrik be frutu ona emoten dauanik. Bere frutuetatik igartzen jako zuhaitzari; elorritik ez da ikorik batzen, ezta sasitik mahatsik hartzen be. Ona danak ona ataratzen dau bere barruko ondasun-altxorretik, eta gaiztoak gatxa bere txarkeria altxorretik; ze, ahoak esan, bihotzari gainezka dariona esaten dau».

Jaunak esana.