UZ-12-C

 URTEAN ZEHARREKO XII. DOMEKA

C urtean

I. Irakurgaia

Zulatu ebenari begiratuko deutsoe.

Zakariasen Profezia liburutik

Za 12, 10-11; 13, 1

    Hauxe dino Jaunak: «Onginahi- eta otoitz-espiritua isuriko dot Daviden ondorengoen gainera eta Jerusalemgo bizilagunen gainera; niri begiratuko deuste, zulatu ninduen honi. Dolu egingo dabe, seme bakarragaitik lez; negar samina egingo dabe, lehen-semeagaitik egiten dan lez. Egun haretan handia izango da dolua Jerusalemen, Hadad-Rimon jainkoari Megidoko lautadan egiten jakona lakoa. Egun haretan iturburu bat sortuko da, Daviden ondorengoen eta Jerusalemgo bizilagunen pekatua eta kutsadura garbitzeko».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 63 [62], 2. 3-4. 5-6. 8-9 (R/. 2c)

R/.   Zure egarriz daukat gogoa, Jauna, ene Jainkoa.

V/.   Jainko, Zu ene Jainko,
goizetik nabilkizu bila,
zure egarriz daukat gogoa, zure gogo biziz ni nazan guztia,
lur idor, agor, ur bakoa lez. R/.

V/.   Holan egon nahi dot santutegian Zuri begira,
zure indarra eta ospea ikusiz.
Bizia baino ederragoa da-eta zure maitasuna,
goratuko zaitue nire ezpanek. R/.

V/.   Holan nahi zaitut bedeinkatu neure bizitzan,
eskuak jaso zure izenean.
Jakirik gozoenez lez naz asetuko,
eta nire ezpanek poz-oihuz zaitue goratuko. R/.

V/.   Zeu izan zaitut-eta laguntzaile;
pozez egingo dot oihu zure hegoen kerizpean.
Zuri lotuta nago osorik,
eta zure eskumak deust eusten. R/.

 

II. Irakurgaia

Kristogan bateatuak zarien guztiok
Kristoz jantzita zagoze.

San Paulo Apostoluak Galaziarrei egindako epistolatik

Ga 3, 26-29

    Senideok: Guztiok Jainkoaren seme-alaba zarie, Kristo Jesusengan dozuen sinismenari esker.
    Izan be, Kristogan bateatuak zarien guztiok Kristoz jantzita zagoze. Ez da orain bereizketarik judeguaren eta judegu ez danaren artean, esklaboaren eta librearen artean, gizonezkoen eta emakumezkoen artean; zuek guztiok bat zarie-eta Kristo Jesusengan. Eta Kristorenak bazarie, Abrahamen ondorengo zarie, Jainkoaren agintzariaren oinordeko.

Jaunak esana.

 

Aleluia

Jn 10, 27

R/.   Aleluia.

V/.   Nire ardiek entzuten dabe nire ahotsa, dino Jaunak;
        Nik ezagutzen ditut,
        eta hareek jarraitu egiten deuste. R/.

 

Ebanjelioa

Zu, Jainkoaren Mesias zara.
Gizonaren Semeak asko sufridu beharra dau.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lk 9, 18-24

    Behin baten Jesusek otoitzean bakarrik ziharduala, ikasleak hurreratu jakozan, eta Jesusek itaundu eutsen: «Nor nazala dino jenteak?» Hareek erantzun eutsoen: «Batzuek Joan Bateatzailea zarala; beste batzuek Elias; besteek, barriz, antxinako profetaren bat biztu dala». Jesusek, orduan: «Eta zuek, nor nazala dinozue?» Pedrok erantzun eutson: «Jainkoaren Mesias».
    Jesusek inori ez esateko agindu eutsen zorrotz. Eta esan eutsen, gainera, ikasleei: «Gizonaren Semeak asko sufridu beharra dauka; zaharrek, abadeburuek eta lege-maisuek gaiztotzat hartuko dabe eta hil, baina hirugarren egunean biztu egingo da».
    Eta hauxe esan eutsen guztiei: «Nire ondoren etorri gura dauanak uko egin beio bere buruari, hartu begi eguneroko bere kurutzea eta jarraitu beist. Izan be, bere bizia salbatu gura dauanak galdu egingo dau; baina bere bizia Nigaitik galtzen dauanak salbatu egingo dau».

Jaunak esana.