UZ-34-C


Urtean Zeharreko XXXIV. eta azken Domeka

JESU KRISTO GURE JAUNA,
DIRAN GUZTIEN ERREGEA

C urtean

I. Irakurgaia

David Israelgo errege igurtzi eben.

Samuel bigarren liburutik

2 Sm 5, 1-3

    Egun hareetan, Israelgo leinu guztiek Hebronera Davidengana etorri eta esan eutsoen: «Zeure odolekoak gaituzu. Lehenago be, Saul gure errege zanean, zeuk gidatzen zenduzan Israelen joan-etorriak. Gainera zuri esana deutsu Jaunak: "Zeuk gidatuko dozu nire herri Israel eta zeu izango zara israeldarren agintaria"».
    Etorri ziran, beraz, israeldarren buruzagi guztiak David erregeagana Hebronera, eta honek hitzarmena egin eban hareekin Hebronen, Jaunaren aurrean. Eta hareek Israelgo errege igurtzi eben.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 122 [121], 1-2. 4-5 (R/. ik. 1b)

R/.   Goazen pozik Jaunaren etxera!

V/.   Ha poza nirea, esan eustenean:
«Goazen Jaunaren etxera!»
Hona orain nire oinak
zure ateetan, Jerusalem. R/.

V/.   Hara igoten dabe leinuek, Jaunaren leinuek,
Israelen lege danez, Jaunaren izena gorestera.
Han dagoz ezarriak auzi-mahaiak,
Daviden jauregiko mahaiak. R/.

 

II. Irakurgaia

Bere Seme maitearen erreinura aldatu gaitu.

San Paulo Apostoluak Kolosarrei egindako epistolatik

Kol 1, 12-20

    Senideok:
Eskerrak emoten deutsaguz Aitari,
argiaren erreinuan
bere santuentzat prestaturik dituan ondasunetan
parte izateko gai egin gaituanari.
Ilunpearen menpetik atara gaitu,
eta bere Seme maitearen erreinura aldatu;
honengan dogu askapena,
honengan pekatuen parkamena.

Jainko ikusezinaren irudi da Kristo,
sorkari guztietan lehen-sortua.
Haren bidez sortu ebazan Jainkoak
zeru-lurretan diran gauza guztiak,
agiri diranak eta ez diranak:
munduan eragina daben ahalmenak,
nagusitzak, aginteak eta botereak;
sortua izan dan guztiak Kristo dau eredu eta helburu.
Gauza guztiak baino lehenagokoa da ha,
eta berari esker diraue.

Bera da gorputzaren buru, Eleizearena, hain zuzen be.
Bera da hasiera, hildakoen artetik lehen-biztua,
gauza guztietan ha izan dadin lehenengoa;

Jainkoak nahi izan dau-eta
bere izaeraren betea Kristogan egotea,
eta honen bidez gauza guztiak beragaz adiskidetzea,
Kristok kurutzean isuritako odolaz bakeak eginez
zeruko eta lurreko gauza guztiekin.

Jaunak esana.

 

Aleluia

Mk 11, 9. 10

R/.   Aleluia.

V/.   Bedeinkatua Jaunaren izenean datorrena!
        Bedeinkatua datorren erreinua,
        gure aita Daviden erreinua! R/.

 

Ebanjelioa

Jesus, gogoratu zaitez nitaz,
zeure erreinura heltzean.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lk 23, 35-43

    Aldi haretan, agintariek burlaka ziharduen Jesusi, esanez: «Besteak salbatu jozak; salbatu dagiala bere burua, Jainkoaren Mesias, Aukeratua, bada».
    Soldaduek be burla egiten eutsoen; hurreraturik, ozpina eskeintzen eutsoen, esanez: «Judeguen erregea bahaz, salbatu egik heure burua!» Gainean idazkun hau eukan: HAU JUDEGUEN ERREGEA DA.
    Kurutzetik dindilizka egozan gaizkileetariko bat Jesusi irainka ebilkon: «Hi ez haz, ba, Mesias? Salbatu egik heure burua eta salbatu gagizak geu be!»
    Baina besteak agiraka egin eutson, esanez: «Zigorra jasoten hagoala be ez deutsak bildurrik Jainkoari ala? Gurea legezkoa dok, ze, geure eginakaitik merezia joaguk; baina honek ez jok ezelako okerrik egin». Gero, esan eban: «Jesus, gogoratu zaitez nitaz, zeure erreinura heltzean».
    Jesusek erantzun eutson: «Benetan dinotsut: gaur Neugaz izango zara paradisuan».

Jaunak esana.