URTEAN ZEHARREKO X. DOMEKA
C urtean
I. Irakurgaia
Bizi da zure semea.
Erregeak lehenengo liburutik
1 Erg 17, 17-24
Egun hareetan, gaixotu egin zan Sareptako
alargunaren semea, oso larri gaixotu be, arnasa barik gelditzeraino. Emakumeak
esan eutson Elias profetari: «Ez dot zugaz ezer be jakin nahi, Jainkoaren
gizon! Nire okerren oroipena barritzera eta nire semea hiltzera etorri ete
zara?»
Eliasek erantzun eutson: «Ekarri egidazu
semea». Hartu eutson umea altzotik, eroan eban gora, bera bizi zan gelara, eta
bere ohean ipini eban. Ondoren, honan egin eutson dei Jaunari: «Jauna, ene
Jainkoa, ni bere etxean hartu nauan alargun hau be atsekabetu egin behar ete
dozu, semea hilarazo?» Gero, hiru bider etzun zan umearen gainean eta oihu egin
eutson Jaunari, esanez: «Jauna, ene Jainkoa, otoi, etorri dakiola barriro ume
honi bizi-arnasa».
Entzun eban Jaunak Eliasen deia eta etorri
jakon bizi-arnasa umeari eta berbiztu egin zan. Eliasek, orduan, umea hartu,
goiko gelatik jatsi eta amari emon eutson, esanez: «Hona! Bizi da zure semea».
Emakumeak esan eutson Eliasi: «Orain badakit
Jainkoaren gizona zarana, eta zuk dinozuna egiaz Jaunaren hitza dana».
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 30 [29], 2 eta 4. 5-6. 11-12a eta 13b (R/. ik. 2a)
R/. Goratuko zaitut, Jauna, onik atara nozulako.
V/. Goratzen zaitut, Jauna, onik atara nozulako,
arerioei
nire lepotik pozten itzi ez deutsezulako.
Jauna,
Herio-lezatik atara nozu,
zulora
jaisteko nengoala bizibarritu. R/.
V/. Kanta Jaunari, haren fededunok,
goratu
egizue, haren santutasuna gogoratuz.
Une
baterako da haren hasarrea,
bizi
guztirako haren onginahia.
Arratsean
negarra da gurean,
poz-oihua
goizean. R/.
V/. Entzun, Jauna, eta erruki nitaz,
izan
zakidaz laguntzaile, Jauna.
Negarra
dantza bihurtu deustazu,
Jauna,
ene Jainkoa, eskerrak emongo deutsudaz beti. R/.
II. Irakurgaia
Gogoko izan
eban bere Semea niri agertzea,
haren Barri Ona jentilei iragarri neien.
San Paulo Apostoluak Galaziarrei egindako epistolatik
Ga 1, 11-19
Senideok: Jakin behar dozue nik iragarri
deutsuedan Barri Ona ez dala gizakien asmakizuna, ez dot-eta inongo
gizakirengandik hartu edo ikasi; Jesu Kristok agertu eustan.
Ezaguna dozue, izan be, noizbaiteko nire
jokabidea judaismoan: zein gogor pertsegitu neban Jainkoaren eleiz alkartea,
bera hondatu nahirik. Judaismoaren barruan, neure adineko herritar askori
aurrea hartzen neutsan, geure asaben ohiturak betetzen askoz sutsuago nintzan-eta.
Baina Jainkoak, jaio baino lehen bereizi eta
bere onginahiaz dei egin eustanak, gogoko izan eban bere Semea niri agertzea,
honen Barri Ona jentilei iragarri neien. Nik, orduan, ez neutsan
hazur-maminezko inori aholkurik eskatu, ez neban ni baino lehenagotik apostolu
ziranen bila igon be Jerusalemera; behingoan Arabia aldera jo neban; gero,
Damaskora bihurtu nintzan barriro.
Handik hiru urtera, Pedro ezagutzera
Jerusalemera igon eta hamabost egun egin nebazan beragaz. Beste apostolurik ez
neban ikusi, Jaunaren anaia Santiago izan ezik.
Jaunak esana.
Aleluia
Lk 7, 16
R/. Aleluia.
V/. Profeta handia sortu da gure artean,
eta
Jainkoa bere herria salbatzera etorri da. R/.
Ebanjelioa
Gazte, zuri dinotsut: jagi!
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 7, 11-17
Aldi haretan, Nain izeneko herrira joan zan
Jesus, bere ikasleak eta jente asko lagun zituala. Herriko sarrerara hurreratu
zanean, hildako bat, ama alargun baten seme bakarra, eroien lur emotera.
Herriko jente asko joian amagaz.
Hau ikustean, errukitu egin jakon Jauna eta
esan eutson: «Ez egin negarrik!» Hurreraturik, hilkutxa ikutu eban, eta
eroienak gelditu egin ziran. Orduan, esan eban: «Gazte, zeuri dinotsut: jagi!»
Jagi zan hildakoa eta berbetan hasi, eta Jesusek amari emon eutson.
Bildurrak hartu zituan danak eta Jainkoa
goresten eben, esanez: «Profeta handia sortu da gure artean». Eta beste hau be
bainoen: «Bere herria salbatzera etorri da Jainkoa».
Judean eta inguruko lurralde guztian zabaldu
zan gertaera honen barria.
Jaunak esana.