UZ-24-C


URTEAN ZEHARREKO XXIV. DOMEKA

C urtean

I. Irakurgaia

Jaunak atzera egin eban
bere herriari egindako amenazutik.

Urteera liburutik

Ur 32, 7-11. 13-14

    Egun hareetan, Jaunak esan eutson Moisesi: «Jatsi zaitez menditik, pekatu egin dau-eta Egiptotik atara zenduan zeure herriak. Laster asko okertu dira agindu neutsen bidetik. Zekor-irudia egin dabe, eta haren aurrean ahuspeztu eta opariak eskeini deutsoez, esanez: "Hau da zure jainkoa, Israel, Egiptotik atara zinduzana"».
    Jaunak esan eutson gainera: «Ikusten dot herri hau burugogor dala; itzi egidazu, bada; nire hasarrea horreen aurka sutu eta hondatu egingo ditut, eta zugandik herri handi bat sortuarazoko dot».
    Moisesek, ostera, honan otoitz egin eutson Jaunari, bere Jainkoari: «Jauna, zelan jarriko zara, bada, hasarre-sutan, hain ahalmen handiz eta esku indartsuz Egiptotik atara zenduan zeure herri honen aurka?
    Gogoratu egizuz zeure zerbitzariak, Abraham, Isaak eta Israel, eta zeure buruagaitik hareei egin zeuntsen zin hau: "Zuen ondorengoak zeruko izarrak baizen ugari egingo ditut, eta agindu deutsuedan lurralde hau guztia betiko ondaretzat emongo deutset"».
    Halan, Jaunak atzera egin eban bere herriari egindako amenazutik.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 51 [50], 3-4. 12-13. 17 eta 19 (R/. ik. Lk 15, 18)

R/.   Jagi eta banoa neure aitagana.

V/.   Erruki nitaz, ene Jainko, zeure maitasunaz,
hondatu nire hobena zeure neurribako errukiaz.
Garbitu nagizu zeharo neure errutik,
garbitu neure pekatutik. R/.

V/.   Ene Jainko, sortu bihotz garbia nigan,
barritu arnasa sendoa nire barruan.
Ez nagizu bota zeure aurretik,
ez kendu niri zeure arnasa santua. R/.

V/.   Edegi, Jauna, nire ezpanak,
eta nire ahoak iragarriko dau zure gorespena.
Damuz hausitako espiritua da
Jainkoak nahi dauan sakrifizioa;
Zuk ez dozu gitxiesten, ene Jainko,
bihotz hausia eta umildua. R/.

 

II. Irakurgaia

Jesu Kristo pekatariak salbatzera etorri zan.

San Paulo Apostoluak Timoteori egindako lehenengo epistolatik

1 Tm 1, 12-17

    Anaia maitea: Eskerrak emoten deutsadaz Kristo Jesus geure Jaunari, bere apostolu-zerbitzua nire gain izteko fidagarri aurkitu naualako eta indarra emon deustalako niri, beraren kontra biraolari, pertsegitzaile eta iraintzaile izan nintzan honi; baina nitaz errukitu egin zan Jainkoa, neu sinisbakoa izanik ez nenkian-eta zer egiten nenbilen. Eta gainezka agertu eustan geure Jaunak bere onginahia, Kristo Jesusengan dogun sinismena eta maitasuna emonez.
    Sinisgarria eta guztiok onartzekoa da doktrina hau: Kristo Jesus pekatariak salbatzera etorri zala mundura. Eta inor ez ni baino pekatariagorik; horrexegaitik, hain zuzen, lortu neban errukia, Jesu Kristok bere pazientzia lehenengo nigan erakutsi egian eta betiko bizia izateko harengan sinistuko ebenentzat eredu izan nendin.
    Gizaldien Erregeari, beraz, Jainko hilezkor, ikusezin eta bakarrari, ospe eta aintza gizaldi eta gizaldietan. Amen.

Jaunak esana.

          

Aleluia

2 Ko 5, 19

R/.   Aleluia.

V/.   Jainkoak ziharduan Kristogan mundua beragaz adiskidetzen,
        eta geuri emon deusku adiskidetzearen mezua. R/.

 

Ebanjelioa

          Ebanjelio hau era laburrean ik. honen ondoren.

Jainkoak be poz handiagoa hartzen dau
bihotz-barritzen dan pekatari batengaitik.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lk 15, 1-32

    Aldi haretan, zergalari eta pekatariak hurreratzen jakozan Jesusi, entzutera. Eta fariseuak eta lege-maisuak marmarrean hasi ziran, esanez: «Honek ondo hartzen ditu pekatariak, eta jan be egiten dau eurakaz».
    Orduan, parabola hau esan eutsen Jesusek: «Zuetariko bat, ehun ardi izan eta bat galtzen bajako, ez ete da beste laurogeta hemeretziak larrean itzirik, galdutakoaren bila joaten aurkitu arte? Eta, aurkitzean, lepoan hartzen dau poz-pozik eta, etxera heltzean, lagunak eta auzokoak batu eta esaten deutse: “Poztu zaiteze nigaz, galdutako ardia aurkitu dot-eta”.
    Ba, egia esan: «Jainkoak be poz handiagoa hartzen dau bihotz-barritzen dan pekatari bategaitik bihotz-barritu beharrik ez daben laurogeta hemeretzi zintzoakaitik baino.
    Eta zein emakumek, zidarrezko hamar txanpon izan eta bat galtzen bajako, ez dau, kriseilua biztuta, etxea garbitu eta ardura guztiz bilatzen aurkitu arte? Eta aurkitzean, adiskideak eta auzokoak batu eta esaten deutse: “Poztu zaiteze nigaz ze, aurkitu dot galdutako txanpona”.
    Hara zer dinotsuedan: Bardin poztuten da Jainkoa bere aingeruakaz bihotz-barritzen dan pekatari bategaitik».
    Beste hau be esan eutsen Jesusek: «Gizon batek seme bi zituan. Gazteenak esan eutson aitari: “Aita, emoidazu dagokidan ondarea”. Eta aitak banatu egin eutsezan ondasunak. Handik egun gitxira, semerik gazteena, zituan guztiak baturik, urrutiko herrialde batera joan zan, eta han, nasaikerian biziz, ondasun guztiak jan zituan.
    Dan-dana eralgi ebanean, gosete handia sortu zan herrialde haretan eta beharrizana sentitzen hasi zan. Orduan, herrialde haretako bategana joan eta haren morroi jarri zan, eta harek bere lurretara bialdu eban txarrizain. Txarriek jaten ebezan ezkurrez sabela betetzeko gogoa sortzen jakon ze, ez eutson inork jaten emoten.
    Orduan, bere senera bihurtuta, esan eban: “Hamaikatxu behargin bada nire aitarenean, ogi nahikorik daukala, eta ni hemen gosekilik. Jagi, aitagana joan eta esango deutsat: Aita, pekatu egin dot Jainkoaren eta zure aurka. Ez dot gehiago seme izena merezidu. Hartu nagizu zeure beharginetariko bat lez”. Eta jagi eta aitagana abiatu zan.
    Oraindino urrun egoala, ikusi eban aitak eta erruki izan eban, eta, lasterka joanda besarkatu eta mosuka hasi jakon. Semeak esan eutson: “Aita, pekatu egin dot Jainkoaren eta zure aurka. Ez dot gehiago seme izenik merezidu...”.
    Aitak, ostera, esan eutsen morroiei: “Atara behingoan soinekorik ederrena eta jantzi egiozue; ipini eraztuna eskuan eta jantzi oinetakoak; ekarri zekor loditua eta hil; egin daigun jai-bazkaria ze, nire seme hau hilda egoan eta barriro bizi da, galduta egoan eta aurkitu egin dogu”. Eta jaia hasi eben.
    Semerik zaharrena soloan zan. Etxera hurreratzean, soinua eta dantzak entzun zituan, eta, morroi bati deituta, zer gertatzen zan itaundu eutson. Morroiak erantzun: “Zure anaia etorri da eta zuen aitak zekor gizendua hil dau,  semea onik bereganatu daualako”.  Seme zaharrena itzel hasarratu zan, eta ez eban sartu gura. Urten eban aitak eta erreguka hasi jakon. Baina harek erantzun eutson aitari: “Hainbeste urte da zure zerbitzuan nagoala, zure agindurik behin be huts egin barik, eta ez deustazu sekula auma bat be emon lagun artean jateko, eta hori zure semeori, emagalduakaz zure ondasunak jan dituan hori, etorri danean, zekor gizendua hil deutsazu”. Aitak erantzun eutson: “Seme, zu beti zagoz neugaz, eta nirea dan guztia zeurea dozu. Baina egoki zan jai egitea eta poztutea ze, zure anaia hau hilda egoan eta barriro bizi da, galduta egoan eta aurkitu egin dogu”»

Jaunak esana.

 


          Ebanjelioa era laburrean.

Jainkoak be poz handiagoa hartzen dau
bihotz-barritzen dan pekatari batengaitik.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lk 15, 1-10

    Aldi haretan, zergalari eta pekatariak hurreratzen jakozan Jesusi, entzutera. Eta fariseuak eta lege-maisuak marmarrean hasi ziran, esanez: «Honek ondo hartzen ditu pekatariak, eta jan be egiten dau eurakaz».
    Orduan, parabola hau esan eutsen Jesusek: «Zuetariko bat, ehun ardi izan eta bat galtzen bajako, ez ete da beste laurogeta hemeretziak larrean itzirik, galdutakoaren bila joaten aurkitu arte? Eta, aurkitzean, lepoan hartzen dau poz-pozik eta, etxera heltzean, lagunak eta auzokoak batu eta esaten deutse: “Poztu zaiteze nigaz, galdutako ardia aurkitu dot-eta”.
    Ba, egia esan: «Jainkoak be poz handiagoa hartzen dau bihotz-barritzen dan pekatari bategaitik bihotz-barritu beharrik ez daben laurogeta hemeretzi zintzoakaitik baino.
    Eta zein emakumek, zidarrezko hamar txanpon izan eta bat galtzen bajako, ez dau, kriseilua biztuta, etxea garbitu eta ardura guztiz bilatzen aurkitu arte? Eta aurkitzean, adiskideak eta auzokoak batu eta esaten deutse: “Poztu zaiteze nigaz ze, aurkitu dot galdutako txanpona”.
    Hara zer dinotsuedan: Bardin poztuten da Jainkoa bere aingeruakaz bihotz-barritzen dan pekatari bategaitik».

Jaunak esana.