UZ32_A-B-C


URTEAN ZEHARREKO XXXII. DOMEKA

A urtean

I. Irakurgaia 

Nekerik barik aurkitzen dabe jakituria
haren bila dabiltzanek.

 Jakituria liburutik

Jkt 6, 12-16

    Argitsua da jakituria, amatatu ezina haren distira;
nekerik barik ikusten dabe maite dabenek,
baita aurkitzen be haren bila dabiltzanek.
Gogo biziz gura dabenei, aurrea hartzen deutse
eta bere burua ezagutzera emoten.
Haren bila goiz-goizetik doanak ez dau nekerik izango,
ate ondoan aurkituko dau-eta jesarrita.
Haretaz gogoeta egitea da zuhurtasunik handiena;
harengaitik gaua iratzarrik emoten dauana
laster izango da kezkarik barik,
izan be jakituria bera ibiltzen da-eta hara eta hona
beraren duin diranen bila;
onginahiz agertzen jake bideetan
eta euren gogoeta bakotxean aurkezten.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 63 [62], 2. 3-4. 5-6. 7-8 (R/. ik. 2c)


R/.   Zure egarriz daukat gogoa, Jauna, ene Jainkoa.

V/.   Jainko, Zu nire Jainko,
goizetik nabilkizu bila,
zure egarriz daukat gogoa,
zure gogo biziz ni nazan guztia,
lur idor, agor, ur bakoa bezala. R/.

V/.   Holan egon nahi dot santutegian Zuri begira,
zure indarra eta ospea ikusiz.
Bizia baino ederragoa da-eta zure maitasuna,
goratuko zaitue nire ezpanek. R/.

V/.   Holan nahi zaitut bedeinkatu neure bizitzan,
eskuak jaso zure izenean.
Jakirik gozoenez lez naz asetuko,
eta nire ezpanek poz-oihuz zaitue goratuko. R/.

V/.   Gauez ohean Zu zaitut gogoan,
Zuri otoitzean igarotzen ditut orduak,
Zeu izan zaitut-eta laguntzaile;
pozez egingo dot oihu zure hegoen kerizpean. R/.

 

II. Irakurgaia          

          II. irakurgai hau era laburrean ik. honen ondoren.

Jesusegaz bat eginik hil diranak
Jainkoak beragaz hartuko ditu.

San Paulo Apostoluak Tesalonikarrei egindako lehenengo epistolatik

1 Ts 4, 13-18

    Senideok: Ez dogu nahi hildakoen zoriaz zuek ezjakinean egoterik, atsekabetu ez zaitezen, itxaropenik ez dabenen antzera. Jesus hil eta biztu zala benetan sinisten badogu, era berean, Jesusegaz bat eginik hil diranak be Jainkoak beragaz hartuko ditu.
    Hau dinotsuegu Jaunaren berban oinarrituta: guk, Jauna etortzean bizirik izango garanok, ez deutsegu hil diranei aurrea hartuko. Izan be, goiaingeruaren oihuz eta Jainkoaren turuta-hotsez seinalea emonik, Jauna bera jatsiko da-eta zerutik, eta lehenengo, Kristogaz bat eginik hildakoak biztuko dira; gero geu, artean bizirik izango garanok, hareekin batera eroango gaitue hodeietan, airean, Jaunagaz alkartzera. Eta holan, beti Jaunagaz egongo gara. Adoretu egizue, beraz, alkar berba honeekin.

Jaunak esana.

 


          II. irakurgaia era laburrean.

Jesusegaz bat eginik hil diranak
Jainkoak beragaz hartuko ditu.

San Paulo Apostoluak Tesalonikarrei egindako lehenengo epistolatik

1 Ts 4, 13-14

    Senideok: Ez dogu nahi hildakoen zoriaz zuek ezjakinean egoterik, atsekabetu ez zaitezen, itxaropenik ez dabenen antzera. Jesus hil eta biztu zala benetan sinisten badogu, era berean, Jesusegaz bat eginik hil diranak be Jainkoak beragaz hartuko ditu.

Jaunak esana.



Aleluia

Mt 24, 42a. 44

R/.   Aleluia.

V/.   Zagoze erne,
        gitxien uste dozuen orduan
        etorriko jatzue-eta Gizonaren Semea. R/.

 

Ebanjelioa

Badator senargaia; urten eiozue bidera!

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 25, 1-13

    Aldi haretan, Jesusek parabola hau esan eutsen ikasleei: «Zeruetako erreinuagaz, euren kriseiluak eskuetan hartu eta senargaiari bidera urten eutsoen hamar neskatilakaz lez gertatzen da. Neskatiletariko bost zentzunbakoak ziran eta bost zentzundunak. Kriseiluak hartzean, zentzunbakoek ez eben oriorik hartu; zentzundunek, ostera, kriseiluekin batera orioa be hartu eben ontzietan. Senargaiak luzatu egiten ebanez, loguratu egin ziran danak eta loak hartu zituan.
    Gauerdian oihu bat entzun zan: “Badator senargaia; urten eiozue bidera!” Jagi ziran neskatila guztiak, eta euren kriseiluak prestatu ebezan. Orduan, zentzunbakoek esan eutsien zentzundunei: “Emoiguzue orio apur bat, kriseiluak amatatzera joakuz-eta”. Zentzundunek erantzun eutsien: “Ea ez dogun nahikoa geuretzat eta zuentzat; hobe dozue, badaezpada, dendara joan eta erosi”.
    Baina, erostera joanak zirala, senargaia heldu zan, eta prest ziranak ezteguetara sartu ziran harekin. Eta atea itxi eben.
    Heldu ziran, azkenik, beste neskatilak be eta dei egin eben: “Jauna, Jauna, edegi!” Baina harek erantzun eutsen: “Benetan dinotsuet, ez dakit nor zarien”.
    Egon, beraz, gertu, ze ez dakizue, ez eguna, ez ordua».

Jaunak esana.

 

URTEAN ZEHARREKO XXXII. DOMEKA

B urtean

I. Irakurgaia

Emakume alargunak egin eban bere urunetik sutopiltxu bat
eta Eliasi eroan eutson.

Erregeak lehenengo liburutik

1 Erg 17, 10-16

    Egun hareetan, jagi zan Elias profeta eta Sareptara joan zan. Uriko ateetara heldu zanean, emakume alargun bat ikusi eban zotzak batzen. Eliasek deitu eta esan eutson: «Ekarri egidazu ontzian ur-apur bat edateko». Bila joiala, Eliasek atzetik oihu egin eta esan eutson: «Ekarri egidazu, arren, ogi-zati bat be».
    Emakumeak erantzun eutson: «Ala Jauna, zure Jainkoa! Ez dot bape ogirik; eskutada bat urun besterik ez dot katiluan, eta orio-apur bat pitxerrean; zotzak batzen nenbilen, neure semearentzat eta biontzat opil bat egin, jan eta gero hil gaitezan».
    Eliasek esan eutson: «Ez bildurrik izan. Zoaz eta egin esan dozuna; baina egidazu lehenengo niri sutopiltxu bat eta ekarri egidazu. Gero, egingo dozu semearentzat eta zeuretzat. Hau dino-eta Jaunak, Israelen Jainkoak: "Urun-katilua ez da amaituko, ezta orio ontzia agortuko be, Jaunak lurrera euria bialduko dauan egunera arte"».
    Joan zan, bada, emakumea eta egin eban Eliasek esana, eta luzaroan jan eben Eliasek eta ama-semeek. Urun-katilua ez zan amaitu, ezta orio ontzia agortu be, Jaunak Eliasen ahoz esan eban lez.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 146 [145], 6c-7. 8-9a. 9b-10 (R/. ik. 1b)

R/.   Goratu egizu Jauna, nire barrua.

        Edo: Aleluia.

V/.   Betiko eusten deutso Jaunak bere leialtasunari.
Zapalduen eskubideak defendatzen ditu,
gose diranei ogia emoten.
Jaunak askatzen ditu presoak. R/.

V/.   Jaunak zabaltzen ditu itsuen begiak,
Jaunak jasotzen konkortuak,
Jaunak maitatzen zintzoak,
Jaunak ditu etorkinak zaintzen. R/.

V/.   Umezurtzei eta alargunei zutunik deutse eusten,
baina gaiztoen nagusitza iraultzen.
Jauna errege da betieran,
zure Jainkoa, Sion, errege gizaldien gizaldietan! R/.

 

II. Irakurgaia

Kristo, behin bakarrik izan zan opari eskeinia
guztien pekatuak kentzeko.

Hebrearrei egindako epistolatik

Heb 9, 24-28

    Senideok: Kristo ez zan sartu giza eskuz egindako santutegian –egiazkoaren irudi besterik ez zan santutegian–, zeruan bertan baino, orain Jainkoaren aurrean gure alde agertzeko; eta ez zan sartu bere burua behin eta barriro opari eskeintzeko, abade nagusia berea ez dauan odolagaz santutegian urtero sartzen dan lez; osterantzean, hil be askotan hil behar izango eban, munduaren hasieratik. Baina ez, Kristo behin bakarrik agertu da orain, azkenak diran sasoi honeetan, bere buruaren opariaz pekatua ezerezteko.
    Eta gizon-emakumeek behin bakarrik hil behar dabela eta gero auzia izango dala erabagita dagoan lez, halantxe Kristo be: behin bakarrik izan zan opari eskeinia guztien pekatuak kentzeko, eta gero bigarrenez agertuko da, pekatuagaz zerikusirik barik, beraren zain dagozanak salbatzera.

Jaunak esana.

 

Aleluia

Mt 5, 3

R/.   Aleluia.

V/.   Zorionekoak gogoz behartsu diranak,
        eurena dabe-eta Jainkoaren erreinua. R/.

 

Ebanjelioa

          Ebanjelio hau era laburrean ik. honen ondoren.

Alargun behartsu honek
beste guztiek baino gehiago bota dau.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik

Mk 12, 38-44

    Aldi haretan, Jesusek, bere irakatsaldian, esan eutson jenteari: «Zabiltze kontuz lege-maisuakaz! Gogoko dabe harro-harro jantzita ibiltzea eta plazetan jentearen agurrak hartzea; gogoko ditue sinagogetan lehenengo aulkiak eta jai-jatorduetan mahaiburuak. Eta, azkenbako otoitzen atxakiaz, alargunen ondasunak irensten ditue. Holakoek epairik zorrotzena izango dabe».
    Jesus tenpluko dirutegiaren aurrean jarrita egoan, jenteak kutxetara dirua zelan botatzen eban begira. Aberats askok ugari emoten eban. Etorri zan emakume alargun txiro bat be, eta txanpon bi bota zituan, huskeria bat. Jesusek, ikasleei dei egin eta esan eutsen: «Benetan dinotsuet: Alargun behartsu honek beste guztiek baino gehiago bota dau kutxara. Izan be, beste guztiek sobran dabenetik emon dabe; honek, ostera, bere urrian, eukan guztia, bizitzeko behar ebana, emon dau».

Jaunak esana.

 


          Ebanjelioa era laburrean.

Alargun behartsu honek
beste guztiek baino gehiago bota dau.

  Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik

Mk 12, 41-44

    Aldi haretan, Jesus tenpluko dirutegiaren aurrean jarrita egoan, jenteak kutxetara dirua zelan botatzen eban begira. Aberats askok ugari emoten eban. Etorri zan emakume alargun txiro bat be, eta txanpon bi bota zituan, huskeria bat.
    Jesusek, ikasleei dei egin eta esan eutsen: «Benetan dinotsuet: Alargun behartsu honek beste guztiek baino gehiago bota dau kutxara. Izan be, beste guztiek sobran dabenetik emon dabe; honek, ostera, bere urrian, eukan guztia, bizitzeko behar ebana, emon dau».

Jaunak esana.


 


URTEAN ZEHARREKO XXXII. DOMEKA

C urtean

I. Irakurgaia

Munduko Erregeak betiko bizitzarako biztuko gaitu.

Makabearrak bigarren liburutik

2 M 7, 1-2. 9-14

    Egun hareetan, zazpi anaia atxilotu ebezan euren amagaz. Legeak galarazota eukan txarrikia jatera behartu nahirik, idi-zilez egindako zartailuz zigortu ebazan Antioko erregeak.
    Anaia zaharrenak, danen izenean berba eginez, esan eban: «Zer itauntzen deuskuzu? Zer jakin nahi dozu gugandik? Prest gagoz hiltzeko, gure asaben legeak hausi baino lehen».
    Bigarren anaiak be, azken arnasa emotean, esan eban: «Zuk, gaizkile maltzur horrek, oraingo bizia kentzen deuskuzu; baina munduko Erregeak betiko bizitzarako biztuko gaitu beraren legeakaitik hiltzen garanok».
    Gero, irain eta burla egiten hasi ziran hirugarrenari; mihina ataratzeko eskatu eutsoenean, behingoan atara eban eta eskuak be luzatu ebazan kementsu. Eta esan eban gizonki: «Jainkoak emon eustazan gorputz-atal honeek beraren legeakaitik gitxiesten ditut; eta ziur nago beragandik hartuko ditudala barriro». Harriturik gelditu ziran erregea eta beronegaz ziranak gaztearen ausardiaz, huskeriatzat ebazan-eta oinaze-minak.
    Ha hil zanean, oinaze berberaz torturatu eben laugarrena. Hil zorian egoala, esan eban: «Merezi dau giza eskuz hiltzea, Jainkoak berbizteko itxaropena emoten deuskunean. Zuk, ostera, ez dozu bizirako berbizterik izango».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 17 [16], 1. 5-6. 8 eta 15 (R/. 15c)

R/.   Esnatzean zure presentziaz naz asetuko, Jauna.

V/.   Entzun, Jauna, nire justizi eskea,
entzun nire deadarra;
makurtu belarria nire otoitzera,
ez dot engainurik ezpanetan. R/.

V/.   Sendo ditut oinak ezarritako bideetan,
ez dira aldendu nire pausuak zure arrastotik.
Deika nozu, Jainko, erantzuten deustazu-eta;
bihurtu nigana belarria, entzun nire berbea. R/.

V/.   Zaindu nagizu begi-ninia lez,
gorde ni zeure hegoen kerizpean.
Nik, barriz, zuzena nazala,
zure aurpegia dot ikusiko,
esnatzean zure presentziaz naz asetuko. R/.

 

II. Irakurgaia

Jaunak sendotu zagiezala
on dan guztia egitez eta hitzez burutzeko.

San Paulo Apostoluak Tesalonikarrei egindako bigarren epistolatik

2 Ts 2, 16–3, 5

    Senideok: Jesu Kristo gure Jaunak berak eta Jainko gure Aitak –maite izan gaituan eta betiko kontsolamentua eta halako itxaropen zoriontsua doarik emon deuskun Aitak– bete zagiezala adorez eta sendotu, on dan guztia egitez eta hitzez burutzeko.
    Gainerakoan, senideok, egizue otoitz gure alde, Jaunaren mezua bizkor zabaldu dadin eta danek ospez onartu dagien, zuek onartu zenduen lez. Egin otoitz be guk onik urten daigun jente oker eta gaiztoakandik, ez dira-eta danak leialak. Jauna, ostera, leiala da; Berak sendotuko zaitue eta gaiztoakandik gordeko. Zuei dagokizuenez, guk agindutako guztia egiten dozuen konfiantza emoten deusku Jaunak, baita egiten jarraituko dozuena be. Jaunak zuzendu dagiala zuen bihotza Jainkoa maitatzera eta Kristoren itxaropenean irautera.

Jaunak esana.

 

Aleluia

Ap 1, 5a. 6b

R/.   Aleluia.

V/.   Jesu Kristo da hilen arteko lehenengo biztua;
        berari aintza eta agintea gizaldi eta gizaldietan. R/.

 

Ebanjelioa

          Ebanjelio hau era laburrean ik. honen ondoren.

Ez da hildakoen Jainko, biziena baino.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lk 20, 27-38

    Aldi haretan, saduzear batzuk inguratu jakozan Jesusi (saduzearrek ez dabe onartzen hildakoak biztuten diranik). Eta itaundu eutsoen: «Maisu, Moisesek idatzi euskun: “Nonori anaia ezkondua seme-alaba barik hiltzen bajako, ezkondu bedi alargunarekin, anaiari ondorengoa emoteko”. Baziran, behinola, zazpi anaia. Zaharrena ezkondu eta seme-alabarik barik hil zan. Bigarrena eta hirugarrena alargunagaz ezkondu ziran, eta zazpirak bardin. Eta danak seme-alaba barik hil ziran. Azkenik, hil zan emakumea be. Biztuerakoan, zeinen emazte izango da, ze zazpirek izan eben emazte?»
    Jesusek erantzun eutsen: «Mundu honetan gizon-emakumeak ezkondu egiten dira; baina datorren munduan ez dira ezkonduko, hildakoen biztueran parte hartzeko Jainkoak gai aurkituko dituanak, gizaseme nahiz emakume; izan be, ezin leitekez hil, ze, aingeruak lakoak dira eta Jainkoaren seme-alaba, biztueran parte daben ezkero. Gainera, hildakoak biztuten dirala Moisesek berak adierazoten dau, sutan egoan sasiaren pasartean, Jaunari “Abrahamen Jainko, Isaaken Jainko eta Jakoben Jainko” deitzen deutsonean. Ez da hildakoen Jainko, biziena baino, harentzat danak bizirik dagoz-eta».

Jaunak esana.

 


          Ebanjelioa era laburrean.

Ez da hildakoen Jainko, biziena baino.

  Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lk 20, 27. 34-38

    Aldi haretan, saduzear batzuk hurreratu jakozan Jesusi (saduzearrek ez dabe onartzen hildakoak bizten dirala), eta honek holan erantzun eutsen: «Mundu honetan gizon-emakumeak ezkondu egiten dira; baina datorren munduan ez dira ezkonduko, hildakoen biztueran parte hartzeko Jainkoak gai aurkituko dituanak, gizaseme nahiz emakume; izan be, ezin leitekez hil, ze, aingeruak lakoak dira eta Jainkoaren seme-alaba, biztueran parte daben ezkero. Gainera, hildakoak biztuten dirala Moisesek berak adierazoten dau, sutan egoan sasiaren pasartean, Jaunari “Abrahamen Jainko, Isaaken Jainko eta Jakoben Jainko” deitzen deutsonean. Ez da hildakoen Jainko, biziena baino, harentzat danak bizirik dagoz-eta».

Jaunak esana.