UZ06_A-B-C


URTEAN ZEHARREKO VI. DOMEKA

A urtean

(Fray Marcos)

(.pptx

I. Irakurgaia

Ez deutsa inori fedebako izateko agindu.

Siraken liburutik

Si 15, 16-21 (gr. 15-20)

    Nahi badozu, gordeko dozuz aginduak,
eta zintzo beteko Jaunaren nahia.
Harek sua eta ura jarri deutsuz aurrean;
nora nahi, hara eroan zeinke eskua.
Bizia eta heriotza dagoz gizakiaren aurrean jarrita;
zer dauan aukeratzen, haxe emongo jako.
Handia da, bai, Jaunaren jakituria,
handia da haren ahalmena eta dana ikusten dau.
Begirune deutsoenengan ditu jarriak begiak,
gizakiak egindako guztia ezagutzen dau.
Ez deutsa inori fedebako izateko agindu,
ezta inori pekatu egiteko baimenik emon be.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 119 [118], 1-2. 4-5. 17-18. 33-34 (R/. 1b)


R/.   Zorionekoak Jaunaren lege-bidean dabiltzanak.

V/.   Zorionekoak jokabide akats bakoa dabenak,
Jaunaren lege-bidean dabiltzanak.
Zorionekoak, haren aginduak betez,
haren bila bihotz-bihotzez dabiltzanak. R/.

V/.   Jauna, legeak ezarri dozuz,
arretaz gorde daiguzan.
Izan beitez sendo nire bideak,
zure arauak betetzeko. R/.

V/.   Egiozu on zeure zerbitzari honi; biziko naz
eta gordeko dot zure hitza.
Edegi nire begiak, ikusi daidazan
zure legearen irakaspen harrigarriak. R/.

V/.   Irakatsi niri, Jauna, zeure arauen bidea,
horri jarraitzea izango dot saria.
Emoidazu ulermena, eta beteko dot zure legea,
bihotz-bihotzez dot gordeko. R/.

 

II. Irakurgaia

Jainkoak betidanik erabagita eukan jakituria
gure aintzarako.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo epistolatik

1 Ko 2, 6-10

    Senideok: Jakituria irakasten deutsegu guk kristau helduei; baina jakituria hori ez da mundu honetakoa, ezta laster galduko diran mundu honetako agintariena be. Guk Jainkoaren jakituria misteriotsua irakasten dogu, harek ezkutuan eukia eta betidanik gure aintzarako erabagita eukana. Mundu honetako agintarietako inork ez dau ezagutu jakituria hori, izan be, ezagutu izan balebe, ez eben kurutzeratuko Jainkoaren aintza beragaz eban Jauna.
    Baina, Liburu Santuak dinoan lez, «inork ikusi eta entzun ez dauana, gizakiari inoiz bururatu ez jakona, Jainkoak bera maite dabenentzat prestaturik eukana», horixe agertu deusku Jainkoak Espirituaren bidez. Espirituak, izan be, guztia aztertzen dau, baita Jainkoaren barru-barrua be.

Jaunak esana.

       

Aleluia

Ik. Mt 11, 25

R/.   Aleluia.

V/.   Bedeinkatua Zu, Aita, zeru-lurren Jauna,
        erreinuari buruzko Barri Ona
        jente apalari agertu deutsazulako. R/.

 

Ebanjelioa

          Ebanjelio hau era laburrean ik. honen ondoren.

Entzuna dozue antxinakoei agindua;
Nik, ostera, hau dinotsuet.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 5, 17-37

    Aldi haretan, Jesusek hauxe esan eutsen bere ikasleei: «Ez uste izan Moisesen legea edota profeten esanak baztertzera etorria nazanik; ez naz baztertzera etorri, euren betera eroatera baino. Benetan dinotsuet: Zeru-lurrek iraungo daben bitartean, legearen letrarik edo zeinurik txikienak be ez dau baliorik galduko, dana bete arte. Beraz, agindurik txikienetako bat hausten dauana eta hausten irakasten, txikiena izango da zeruetako erreinuan; betetzen dauana, barriz, eta betetzen irakasten, handia izango da zeruetako erreinuan. Hara zer dinotsuedan: «Jainkoaren nahia lege-maisuek eta fariseuek baino hobeto betetzen ez badozue, ez zarie sartuko zeruetako erreinuan.
    Entzunda daukazue antxinakoei agindua: “Ez hil inor”, eta norbait hiltzen dauana errudun izango da auzitegian. Nik, ostera, hauxe dinotsuet: Bere senideagaz hasarretzen dana errudun izango da auzitegian; senideari “zoroa” esaten deutsana errudun izango da batzar nagusian, eta “sinistebako” esaten deutsana infernuko surtarako errudun izango da.
    Halandaze, zeure oparia altarean eskeintzean, gogoratzen bajatzu zure senideak badauala zer edo zer zure aurka, itzi oparia han bertan, altara aurrean, eta zoaz lehenengo senideagaz bakeak egitera; etorri orduan eta eskeini zeure oparia.
    Konpondu zaitez lehenbailehen zeure arerioagaz, berarekin auzitegira zoazen bitartean, arerioak epailearen esku jarri ez zagizan, eta epaileak ertzainaren esku, eta giltzapean sartu ez zagiezan. Benetan dinotsut: Ez dozu handik urtengo, harik eta azken txanpona ordaindu arte».
   
Entzuna dozue antxinakoei agindua: “Ez egin adulteriorik”. Nik, barriz, hauxe dinotsuet: Emakumeari lizunkeriaz begiratzen deutsanak egin dau jadanik adulterioa bere bihotzean.
    Eskumako begia galbide bajatzu, atara eta bota zeugandik urruti: hoba dozu gorputz-atal bat galdu, oso-osorik infernura jaurtia izan baino. Eskumako eskua galbide bajatzu, ebagi eta bota zeugandik urrun: hoba dozu gorputz-atal bat galdu, oso-osorik infernura joan baino.
    Agindua dago beste hau be: “Emaztea izten dauanak emon deiola dibortzio-agiria”. Nik, ostera, hauxe dinotsuet: Bere emaztea izten dauanak –legez kontra alkartuak ez badira behintzat– adulteriora bultzatzen dau emaztea; eta itzitako emakumeagaz ezkontzen danak adulterioa egiten dau.
    Entzuna dozue antxinakoei agindu jakena: “Ez egin guzurrezko zinik”, eta “bete Jaunari egindako zinak”. Nik, ostera, hauxe dinotsuet: Ez egin ezelako zinik, ez zeruagaitik ze, Jainkoaren tronua da; ez lurragaitik, haren oin-aulkia da-eta; ezta Jerusalemengaitik be, Errege handiaren uria da-eta. Ez egin zinik zeure buruagaitik be, ze ezin zeinke zeure ule bakar bat be zuri edo baltz bihurtu.
    Zuek esan egizue “bai”, bai danean, eta “ez”, ez danean; gainerakoa gaiztoagandik dator».

Jaunak esana.

 (Homilia)

           Ebanjelioa era laburrean.

Entzuna dozue antxinakoei agindua;
Nik, ostera, hau dinotsuet.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 5, 20-22a. 27-28. 33-34a. 37

    Aldi haretan, Jesusek hauxe esan eutsen bere ikasleei: Hara zer dinotsuedan: «Jainkoaren nahia lege-maisuek eta fariseuek baino hobeto betetzen ez badozue, ez zarie sartuko zeruetako erreinuan.
    Entzunda daukazue antxinakoei agindua: “Ez hil inor”, eta norbait hiltzen dauana errudun izango da auzitegian. Nik, ostera, hauxe dinotsuet: Bere senideagaz hasarretzen dana errudun izango da auzitegian.
    Entzuna dozue antxinakoei agindua: “Ez egin adulteriorik”. Nik, barriz, hauxe dinotsuet: Emakumeari lizunkeriaz begiratzen deutsanak egin dau jadanik adulterioa bere bihotzean.
    Entzuna dozue antxinakoei agindu jakena: “Ez egin guzurrezko zinik”, eta “bete Jaunari egindako zinak”. Nik, ostera, hauxe dinotsuet: esan egizue “bai”, bai danean, eta “ez”, ez danean; gainerakoa gaiztoagandik dator».

Jaunak esana.

 

 

(PPTX)

URTEAN ZEHARREKO VI. DOMEKA

B urtean

(Fray Marcos)

I. Irakurgaia

Bakarrik biziko da legenarduna,
kanpalekutik aparte.

Lebitarrena liburutik

Lb 13, 1-2. 44-46

    Honan berba egin eutsen Jaunak Moisesi eta Aaroni: «Norbaiti narruazalean handituak, zornadurak edota orbanak urteten badeutsa, legenarena lako zauria sortuz, Aaron abadeagana nahiz haren ondorengoetako abade batengana eroango dabe. Legenarduna da; kutsaturik dago, eta halan autortuko dau abadeak buruan dauan gatxagaitik.
    Legenak jota dagoanak jantziak urratuak eroango ditu, ulea harro eta aurpegia erdi estalduta, eta "kutsatua, kutsatua!" oihu egingo dau. Gatxak alde egin arte, kutsatua izango da eta bakarrik biziko, kanpalekutik aparte».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 32 [31], 1-2. 5. 11 (R/. 7)



R/.   Zeu zaitut babesleku,
        askapen-kantuz inguratzen nozu.

V/.   Zorionekoa hobena kendu
eta pekatua parkatu deutsoena.
Zorionekoa Jaunak errurik leporatzen ez deutsana,
barruan maltzurkeriarik ez dauana. R/.

V/.   Orduan, autortu neutsun neure pekatua,
neure errua ez neutsun ezkutatu.
Esan neban: «Autortuko deutsat Jaunari neure hobena»,
eta Zuk parkatu zeunstan neure pekatuaren errua. R/.

V/.   Poztu eta alaitu Jaunagan, zintzook,
egin pozez oihu, bihotz zuzeneko guztiok. R/.

 

II. Irakurgaia

Izan zaiteze nire antzeko,
ni Kristoren antzeko nazan lez.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo epistolatik

1 Ko 10, 31–11, 1

    Senideok: Nahiz jan, nahiz edan, nahiz beste edozer egiten dozuela, egizue dana Jainkoaren aintzarako. Ez izan jausbide, ez judeguentzat, ez jentilentzat, ez Jainkoaren eleiz alkartearentzat be. Ni be guztiei gauza guztietan atsegin emoten ahalegintzen naz, eta ez dot bilatzen neure ona, besteena baino, guztiak salbatu daitezan.
    Izan zaiteze nire antzeko, ni Kristoren antzeko nazan lez.

Jaunak esana.

          

Aleluia

Lk 7, 16

R/.   Aleluia

V/.   Profeta handia sortu da gure artean,
        eta Jainkoa bere herria salbatzera etorri da. R/.

 

Ebanjelioa

Alde egin eutson legenak, eta garbi gelditu zan.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik

Mk 1, 40-45

    Aldi haretan, legenardun bat etorri jakon erreguka Jesusi eta, belaunikaturik, esan eutson: «Nahi badozu, garbitu naikezu». Jesusek, errukiturik, eskua luzatu eta ikutu egin eban, esanez: «Gura dot, izan zaitez garbi». Orduan bertan alde egin eutson legenak, eta garbi gelditu zan.
    Jesusek bialdu egin eban, zorrotz aginduz: «Kontuz gero! Ez esan inori ezer. Baina zoaz, agertu abade nagusiagana eta, ezaugarri izan dagien, eskeini garbikuntzaren ordainez Moisesek agindutakoa».
    Ha, ostera, urten ebaneko, gertatua iragartzen eta zabaltzen hasi zan oihuka, eta harrezkero ezin zan Jesus inongo herritan agirian sartu, eta kanpoan gelditzen zan, leku bakartietan. Halan be, edonondik etorkion jentea.

Jaunak esana.


 

URTEAN ZEHARREKO VI. DOMEKA

C urtean

(Fray MARCOS)

I. Irakurgaia  

Madarikatua konfiantza gizakiagan dauana.
Bedeinkatua konfiantza Jaunagan dauana.

Jeremias Profetaren liburutik        

Jr 17, 5-8

    Honan berba egiten dau Jaunak:

«Madarikatua konfiantza gizakiagan dauana,
giza indar hutsean oinarritzen dana
eta bihotza Jaunagandik urruntzen dauana.
Basamortuko kardulatzaren antzeko da,
ez dau sasoi onik izango;
basamortu kiskalduan landatuta dago,
bizi ezinezko gatz-lurrean.

Bedeinkatua konfiantza Jaunagan dauana,
bere euskarri Jauna dauana.
Ur-ertzean landatutako zuhaitzaren antzeko da,
ur bizigarrietara zabaltzen ditu sustraiak;
ez deutsa sargoriari bildurrik,
haren orriak beti hezerik;
lehor-urtean be ha nasai,
ez deutsa itziko frutu emoteari».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 1, 1-2. 3. 4 eta 6 (R/. Sal 40 [39], ik. 5a)

R/.   Zorionekoa
        Jaunagan itxaropidea jartzen dauana!


V/.   Zorionekoa gaiztoen aholkuari jarraitzen ez deutsana,
pekatarien bidean ez dabilena,
ezta lotsabakoen batzarrean jesartzen be;
Jaunaren legean atsegin dauana baino,
haren legea gau eta egun hausnartzen dauana. R/.

V/.   Ur-ertzean landaturiko zuhaitzaren antzekoa da:
emoten dau bere sasoian frutua,
eta ez jako orririk igartzen;
egiten dauan guztiak ondo deutsa urteten. R/.

V/.   Ez holan gaiztoak, ez holan,
haizeak daroan galautsaren antzekoak dira.
Jaunak zaintzen dau zintzoen bidea;
gaiztoena, barriz, galdu egiten da. R/.

 

II. Irakurgaia         

Kristo biztu ez bada,
zentzunik bakoa da zuen sinismena.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo epistolatik   

1 Ko 15, 12. 16-20

    Senideok: Kristo hilen artetik biztua dala iragartzen bada, zelan esaten dabe zuetako batzuek hilak ez dirala bizten?
    Izan be, hilak bizten ez badira, Kristo be ez da biztu. Eta Kristo biztu ez bada, alperrekoa da zuen sinismena: zeuen pekatuetan zagoze oraindino. Eta zer esanik ez, hil diran kristauak be galduak dira. Kristogan jarria dogun itxaropenak bizitza honetarako bakarrik balio badau, gizaki guztietan errukarrienak gara.
    Baina ez, biztu da Kristo hilen artetik, heriotzatik biztuko diranetan lehen-frutu.

Jaunak esana.

          

Aleluia               

Lk 6, 23ab

R/.   Aleluia.

V/.   Alaitu zaiteze eta egin pozez salto,
        handia izango da-eta zuen saria zeruan. R/.

 

Ebanjelioa      

Zorionekoak behartsuok.
Baina ai zuek, aberatsok!

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lk 6, 17. 20-26

    Aldi haretan, Jesus ikasleakaz menditik jatsi eta zelaigune baten gelditu zan. Ikasle multzo handia zan harekin; baita herriko jentetza ugaria be, Judea osotik, Jerusalemdik eta Tiroko eta Sidongo itsasaldetik etorria.
    Jesusek, ikasleei begira, esan eutsen:

«Zorionekoak txirook,
Jainkoaren erreinua zeuena da-eta.
Zorionekoak orain gose zarienok,
ze, aseko zaitue Jainkoak.
Zorionekoak orain negar egiten dozuenok,
ze, barre egingo dozue.

    Zorionekoak zuek, Gizonaren Semea dala-eta jenteak gorrotatu, euren artetik bota eta madarikatuko zaitueenean eta izen txarra emongo deutsueenean. Alaitu zaiteze egun horretan eta egin pozez salto ze, handia izango da zuen saria zeruan; gauza berbera egin eutsien profetei jente horren gurasoek.

    Baina ai zuok, aberatsok,
    ze, hartu dozue zeuen poza!
    Ai zuok, orain aseta zagozenok, gose izango zarie-eta!
    Ai zuok, orain barre egiten dozuenok,
    ze, aiene eta negar egingo dozue!

    Ai zuok, mundu guztiak zuetaz ondo berba egingo dauanean ze, gauza berbera egin eutsien sasiprofetei jente horren gurasoek!»

Jaunak esana.