URTEAN ZEHARREKO XXXIII. DOMEKA
A urtean
I. Irakurgaia
Gogotsu egiten dabe lan haren eskuek.
Esaera Zaharrak liburutik
Es 31, 10-13. 19-20. 30-31
Nork aurkituko etxekoandre arduratsua?
Harribitxiak
baino askoz baliotsuagoa da.
Konfiantza
osoa dau senarrak harengan,
eta
ez da sekula beharrizanean aurkituko.
Zoriona
ekartzen deutso, ez zoritxarra,
bizitzako
egun guztietan.
Artilea
eta lihoa eskuratzen ditu,
gogotsu
egiten dabe lan haren eskuek.
Eskuaz
goruari heltzen deutso
eta
atzamarrez ardatzari eragiten.
Dohakabeari
eskua zabaltzen deutso
eta
behartsuari laguntza emoten.
Guzurrezkoa
da lilura, alperrekoa edertasuna;
goragarria,
ostera, Jaunari begirune deutson emakumea.
Emon
egiozuez eskerrak bere eskuen lanagaitik,
goratu
herri osoaren aurrean berak eginagaitik.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 128 [127], 1-2. 3. 4-5 (R/. 1a)
R/. Zorionekoa Jaunari begirune deutsona.
V/. Zorionekoa Jaunari begirune deutsona
eta
haren bideetan dabilena!
Zeure
lanaren frututik dozu jango,
zoriontsu
izango zara eta ondo jatzu joango. R/.
V/. Emaztea mahatsondo emonkorraren antzeko
zure
etxe barruan;
seme-alabak
olibondo-kimuen antzeko
zure
mahai inguruan. R/.
V/. Hara zelan izango dan bedeinkatua
Jaunari
begirune deutsona!
Bedeinkatu
zagizala Jaunak Siondik,
gozatu
zaitezala Jerusalemen zorionaz
zeure
bizitzako egun guztietan. R/.
II. Irakurgaia
Ez zagiezala
Jaunaren egunak
lapurrak lez
harrapatu.
San Paulo Apostoluak Tesalonikarrei egindako lehenengo epistolatik
1 Ts 5, 1-6
Senideok: Jaunaren etorrera noiz eta zelan
izango dan ez dozue nik idatzi beharrik; zeuek dakizue nahiko ondo Jaunaren
eguna lapurra gauez lez etorriko dana.
«Bakea eta nasaitasuna» esaten diharduenean,
orduan uste barik etorriko jake hondamendia gainera, umedun dagoanari erdiminak
lez, eta ez dabe ihes egiterik izango. Zuek, ostera, senideok, ez zarie
ilunpean bizi, egun horrek lapurrak lez harrapatzeko zorian; guztiok argiaren
eta egunaren seme-alaba zarie. Ez gara gauarenak, ez ilunarenak. Beraz, ez
daigun lorik egin besteek lez; gagozan erne, eta izan gaitezan neurritsu.
Jaunak esana.
Aleluia
Jn 15, 4a. 5b
R/. Aleluia.
V/. Zagoze Nigan, Ni zuengan lez, dino Jaunak;
norbait
Nigan badago,
horrek
frutu asko emongo dau. R/.
Ebanjelioa
Ebanjelio hau era laburrean ik. honen ondoren.
Gauza txikian
leial izan zaralako,
sartu zeure
nagusiaren jaia ospatzera.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik
Mt 25, 14-30
Aldi haretan, Jesusek parabola hau esan
eutsen ikasleei: «Gizon batek, urrutira joaterakoan, bere morroiei dei egin eta
bere ondasunak itzi eutsezan. Bati bost talentu emon eutsozan, beste bati bi,
beste bati bakarra; bakotxari bere trebetasunaren arabera. Eta gero joan egin
zan. Bost talentu hartu zituana hareekin lanean hasi zan behingoan, eta beste
bost irabazi zituan. Bi hartu zituanak be gauza bera egin eban, eta beste bi
irabazi zituan. Bat hartu ebanak, ostera, lurrean zuloa egin eta bertan gorde
eban bere nagusiaren dirua.
Handik luzarora, etorri zan morroi hareen
nagusia, eta kontuak garbitzen hasi jaken. Hurreratu zan bost talentu hartu
zituana, eta beste bost eroan eutsozan, esanez: “Jauna, bost talentu itzi
zeunstazan; begira, beste bost irabazi dodaz”. Nagusiak esan eutson: “Ederto,
morroi zintzo eta jatorra! Gauza txikian zintzoa izan zaralako, askoren
buruzagi egingo zaitut; sartu zeure nagusiaren jaia ospatzera”.
Hurreratu zan talentu bi hartu zituana, eta
esan eutson: “Jauna, talentu bi itzi zeunstazan; begira, beste bi irabazi
dodaz”. Nagusiak esan eutson: “Ederto, morroi zintzo eta jatorra! Gauza txikian
zintzo izan zaralako, askoren buruzagi egingo zaitut; sartu zeure nagusiaren
jaia ospatzera”.
Azkenean, hurreratu zan talentu bat hartu
ebana, eta esan eutson: “Jauna, banekian gizon zorrotza zarana; erein ez dozun
lekuan hartzen, eta zabaldu ez dozun lekuan batzen dozuna. Halandaze, bildurrez
joan nintzan, eta lurpean gorde neban zure talentua. Hemen dozu zeurea!”
Nagusiak erantzun eutson: “Morroi txar eta
alper hori! Bahekian jakin, erein ez dodan lekuan hartzen dodana nik, eta
zabaldu ez dodan lekuan batzen. Horregaitik, nire dirua diru-trukalariei itzi
behar heutsen, nik, etortzean, irabazi eta guzti jaso nengian. Kendu eiozue,
bada, talentu hori, eta emon hamar dituanari. Ze dauanari emon egingo jako, eta
gainezka izango dau; ez daukanari, barriz, daukana be kendu egingo jako. Eta
morroi alper handi hori bota kanpoko ilunpera. Han izango da negarra eta
hagin-karraskada!”»
Jaunak esana.
Ebanjelioa era laburrean.
Gauza txikian
leial izan zaralako,
sartu zeure
nagusiaren jaia ospatzera.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik
Mt 25, 14-15. 19-21
Aldi haretan, Jesusek parabola hau esan
eutsen ikasleei: «Gizon batek, urrutira joaterakoan, bere morroiei dei egin eta
bere ondasunak itzi eutsezan. Bati bost talentu emon eutsozan, beste bati bi,
beste bati bakarra; bakotxari bere trebetasunaren arabera. Eta gero joan egin
zan.
Handik luzarora, etorri zan morroi hareen
nagusia, eta kontuak garbitzen hasi jaken. Hurreratu zan bost talentu hartu
zituana, eta beste bost eroan eutsozan, esanez: “Jauna, bost talentu itzi
zeunstazan; begira, beste bost irabazi dodaz”. Nagusiak esan eutson: “Ederto,
morroi zintzo eta jatorra! Gauza txikian zintzoa izan zaralako, askoren
buruzagi egingo zaitut; sartu zeure nagusiaren jaia ospatzera”.
Jaunak esana.
URTEAN ZEHARREKO XXXIII. DOMEKA
B urtean
I. Irakurgaia
Aldi haretan salbatuko da zure herria.
Danielen Profezia liburutik
Dn 12, 1-3
Sasoi haretan, aingeruen buruzagia eta zure
herriaren zaindaria dan Mikael agertuko da. Larrialdi-sasoia izango da, herriak
izaten hasi ziranetik bardinik bakoa. Baina aldi haretan salbatuko da zure
herria, biziaren liburuan euren izena idatzi daben guztiak, hain zuzen be.
Itzartu egingo da hilobietan lo dagoan asko:
batzuk betiko bizitzarako, besteak betiko lotsarako. Ortziaren distiraz
distiratuko dabe jakintsuek, eta besteei bide zuzenean ibiltzen irakatsi
deutsienek izarrek lez betieran.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 16 [15], 5 eta 8. 9-10. 11 (R/. 1)
R/. Zaindu nagizu, Jauna,
babes bila nator-eta Zugana.
V/. Jauna, Zu zaitut neure ondarea, neure
edontzia,
zeure
esku dago nire zoria.
Begi
aurrean dot Jauna eten barik;
ha
eskuman dodala, ez naiteke dardaratu. R/.
V/. Horregaitik, alai dot bihotza, pozik erraiak,
atsedenean
nasai gorputza.
Ez
dozu-eta nire bizia Herio-lezara jaurtiko,
ezta
be zeure fededuna hilobian galtzen itziko. R/.
V/. Bizirako bidea erakutsiko deustazu;
alaitasunez
beteko nozu zeure aurrean,
zorionez
betiko zeure ondoan. R/.
II. Irakurgaia
Opari bakar
baten bidez,
euren betera
eroan ditu
Jainkoarentzat
behin betiko sagaratuak diranak.
Hebrearrei egindako epistolatik
Heb 10, 11-14. 18
Senideok: Abadeak egunero dihardu bere
kultu-zerbitzuan, pekatua ezelan be kendu ezin daben opari berberak behin eta
barriro eskeintzen. Kristo, ostera, pekatuakaitik opari bat bakarra eskeini
ondoren, Jainkoaren eskumaldean jesarri zan behin betiko. Eta, orain, Jainkoak
arerioak oin-aulkitzat noiz jarriko deutsozan itxaroten dago. Izan be, opari
bakar baten bidez euren betera eroan ditu Jainkoarentzat behin betiko
sagaratuak diranak.
Holan bada, pekatuak parkaturik dagozanean,
ez dago pekatuen parkamenerako opari beharrik.
Jaunak esana.
Aleluia
Lk 21, 36
R/. Aleluia.
V/. Egon erne eta egin otoitz une oro,
zutunik
egon ahal zaitezen Gizonaren Semearen aurrean. R/.
Ebanjelioa
Gizonaren
Semeak
lau haizeetatik
batuko ditu bere aukeratuak.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik
Mk 13, 24-32
Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei:
«Egun hareetan, larrialdi handiaren ostean, eguzkia ilundu egingo da,
iretargiak ez dau argirik emongo, izarrak zerutik jausten hasiko dira eta
ortziak dar-dar egingo dau. Orduan, Gizonaren Semea ikusiko dabe hodei artean
ahalmenez eta aintzaz beterik etortzen; aingeruak bialduko ditu eta bere
aukeratuak batuko lau haizeetatik, lur-muga batetik besteraino.
Ikasi ikondoaren irudi honetatik: kimua
barritzen eta orria zabaltzen jakoneko, badakizue uda hurrean dana. Era berean,
gauza horreek gertatzen ikusikeran, jakizue hurrean dala, ateetan, Gizonaren
Semea. Benetan dinotsuet: Gizaldi honetakoak hil baino lehenago gertatuko dira
gauza honeek guztiok. Zeru-lurrak igaroko dira, baina nire berbak ez dira bete
barik igaroko. Zein egun eta ordutan gertatuko dan, ostera, ez daki inork, ez
zeruko aingeruek, ez Semeak, Aitak baino».
Jaunak esana.
URTEAN ZEHARREKO XXXIII. DOMEKA
C urtean
I. Irakurgaia
Eguzkia lez agertuko da nire justizia.
Malakiasen Profezia liburutik
Ml 3, 19-20a
Begira: «Badator eguna, labea baizen kiskalgarria. Harro eta gaizkile guztiak lasto izango dira, eta zeharo kiskaliko ditu etortzekoa dan egunak; ez deutse itziko, ez sustrairik, ez abarrik. Baina zuentzat, nire izenari begirune deutsazuenentzat, eguzkia lez agertuko da nire justizia, errainuetan osasuna dakarrela».
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 98 [97], 5-6. 7-8. 9 (R/. ik. 9)
R/. Badator Jauna herriak zuzentasunez epaitzera.
V/. Ospatu Jauna zitaraz,
zitaraz
eta kantu-hotsez,
turutaz
eta adar-hotsez;
egin
irrintzi errege dan Jaunari. R/.
V/. Egin begi orroe itsasoak eta bertako guztiak,
munduak
eta bertan bizi diranek.
Egin
begie txalo ibaiek,
poz-oihu
aho batez mendiek. R/.
V/. Jaunaren aurrean,
badator-eta
lurra epaitzera.
Justiziaz
epaituko dau mundua,
eta
zuzenbidez herriak. R/.
II. Irakurgaia
Lanik egin nahi
ez dauanak
ez dagiala jan.
San Paulo Apostoluak Tesalonikarrei egindako bigarren epistolatik
2 Ts 3, 7-12
Senideok: Ondo dakizue zelan jokatu behar dozuen guk lez egiteko; ez ginan zuen artean zabarkerian bizi izan, ez genduan inoren kontura ogia jan; ostera, gau eta egun lanean nekatu ginan, zuetako inorentzat zama ez izatearren. Bagenduan zuen kontura bizitzeko eskubidea, baina lan egin nahi izan genduan zuei jarraibidea emoteko. Zuekin egon ginanean, arau hau emon geuntsuen: lanik egin nahi ez dauanak ez dagiala jan. Izan be jakin dogu-eta zuetako batzuk alperkerian bizi dirala, ezer egin barik, non zer barri. Holakoei Jesu Kristo Jaunaren izenean agintzen eta erregutzen deutsegu, bakean lan eginez, irabazi dagiela euren ogia.
Jaunak esana.
Aleluia
Lk 21, 28
R/. Aleluia.
V/. Izan bihotz eta jaso burua,
hurreratzen
dihardu-eta zuen askapenak. R/.
Ebanjelioa
Iraupenaren iraupenez lortuko dozue bizia.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 21, 5-19
Aldi
haretan, tenplua gogoan ebela ziharduen batzuk, harri ederrez eta opariz
apainduta egoala aitatuz. Orduan, Jesusek esan eutsen: «Etorriko da, hor
ikusten dozuezan horreetatik guztietatik harririk harri gainean geldituko ez
dan sasoia; dana desegingo dabe».
Ikasleek
itaundu eutsoen: «Maisu, noiz gertatuko da hori? Eta zertan igarriko dogu
gertatzera doana?»
Jesusek
erantzun eutsen: «Kontuz, ez zagiezala inork engainatu! Asko etorriko dira nire
izenean, “neu naz Mesias” edo “gainean da sasoia” esanez. Ez joan holakoen
atzetik. Gerra- eta iraultza-hotsak entzutean, ez ikaratu, ze, lehenengo
gertatu beharrekoa da hori guztiori; baina ez dator behingoan azkena».
Esan
eutsen, gainera: «Nazinoa nazinoaren aurka eta erreinua erreinuaren aurka
altzatuko dira; lurrikara handiak izango dira, eta izurriteak eta goseteak han
eta hemen. Gauza ikaragarriak gertatuko dira, eta seinale handiak agertuko
zeruan.
Baina
hori guztia gertatu aurretik, eskua botako deutsuee eta eraso egingo,
sinagogetara eta kartzeletara eroango zaituee, eta erregeen eta agintarien
aurrera zuzenduko Neugaitik. Autormen egiteko aukera emongo deutsue horrek
guztiak. Hartu gogoan ez dozuela zeuen burua zelan defendiduko kezkatan ibili
beharrik; Neuk adierazoko deutsuet zer eta zelan esan, eta zuen arerioetako
inork ez dau zuei aurre egiterik edo erantzuterik izango.
Zeuen guraso eta senideek eurek, ahaide eta
adiskideek eurek salduko zaituee, eta zuetariko batzuk hilko; guztiek gorroto
izango deutsuee Neugaitik; baina ez dozue buruko ule bakar bat be galduko.
Iraupenaren iraupenez lortuko dozue bizia».
Jaunak esana.