UZ20_A-B-C


URTEAN ZEHARREKO XX. DOMEKA

A urtean

(Fray Marcos)

I. Irakurgaia

Atzerritarrak neure mendi santura ekarriko ditut.

Isaias Profetaren liburutik

Is 56, 1. 6-7

    Hauxe dino Jaunak:
«Gorde zuzenbidea, egin justizia,
heldu zorian dago-eta nire salbazinoa,
agertu zorian nire garaipena.

Jaunaren kultu-zerbitzurako,
haren izena maitatzeko eta haren morroi izateko
lotuko jakozan atzerritarrak,
zapatua profanatu barik gordetzen dabenak
eta nire itunean leial irauten daben guztiak
neure mendi santura ekarriko ditut,
eta pozez beteko neure otoitz-etxean;
onartuko ditut neure altara gainean
hareen erre-opariak eta sakrifizioak;
nire etxea otoitz-etxe dalako,
eta halan deituko dabe herri guztiek».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 67 [66], 2-3. 5. 6 eta 8 (R/. 4)


R/.   Ene Jainko, aitatu zagiezala herriek,
        aitatu zagiezala herri guztiek.

V/.   Erruki bekigu Jainkoa eta bedeinkatu gagizala,
agertu deigula aurpegi argia,
ezagutu dagien munduan zure bidea,
nazino guztietan Zugandiko salbazinoa. R/.

V/.   Poztu beitez kantari nazinoak,
zuzentasunez dozuz-eta gobernatzen herriak
eta gidatzen munduan nazinoak. R/.

V/.   Ene Jainko, aitatu zagiezala herriek,
aitatu zagiezala herri guztiek.
Bedeinkatu gagizala Jainkoak,
izan deiola begirune mundu osoak. R/.

 

II. Irakurgaia

Behin betikoak dira Israelentzat
Jainkoaren dohaiak eta deia.

San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako epistolatik

Erm 11, 13-15. 29-32

    Senideok: Zuei, jentiloi, dinotsuet: «Jentilen apostolu nazanez, ospetsu egin nahi dot neure zerbitzu hau, ea neure jatorrikoen inbidia bizten dodan eta horreetako batzuk salbatzen ditudan. Israeldarrak baztertzetik Jainkoagaz baketzea etorri bajako munduari, zer ete datorke Jainkoak hareek barriro onartzetik? Heriotzatik bizitzara bihurtzea izango litzateke hori!
    Behin betikoak dira Jainkoaren dohaiak eta deia. Zuek, sasoi baten Jainkoagaz errebelde zinienok, orain, israeldarren errebeldiari esker, errukia lortu dozue. Era berean hareek be: orain errebelde bihurtu dira, zuei egin jatzuen errukiari esker errukia lortu dagien. Jainkoak errebelde izaten itzi eutsen-eta gizon-emakume guztiei, danei erruki izateko».

Jaunak esana.

 

Aleluia

Ik. Mt 4, 23

R/.   Aleluia.

V/.   Erreinuari buruzko Barri Ona iragartzen eban Jesusek,
        eta herrian gatx guztiak osatzen ebazan. R/.

 

Ebanjelioa

Emakumea, handia da zure fedea!

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 15, 21-28

    Aldi haretan, Tiroko eta Sidongo lurraldera aldendu zan Jesus. Horretan, inguru hareetan bizi zan emakume kanaandar bat deadarka hasi jakon: «Jauna, Daviden Semea, erruki zakidaz! Oinaze gorritan dauka deabruak nire alaba». Baina Jesusek ez eutson berbarik erantzun.
    Ikasleak, hurreraturik, erreguka ebilkozan: «Egiozu jaramon, eta doala, ze deadar baten datorkigu atzetik». Jesusek, ostera: «Israel herriko ardi galduakana bakarrik bialdu nau Jainkoak».
    Baina emakumea, hurreraturik, ahuspez jarri jakon, esanez: «Lagundu eidazu, Jauna!» Jesusek, orduan: «Ez dago ondo seme-alabei ogia kendu eta txakurrei botatzea». Emakumeak erantzun eutson: «Bai, Jauna, halantxe da; baina txakurrek be jaten ditue nagusien mahaitik jausten diran ogi-apurrak».
    Orduan, Jesusek esan eutson: «Emakume, handia da zure sinismena! Jazo bekizu gura dozun hori». Eta une harexetatik osaturik gelditu jakon alaba.

Jaunak esana.

 


B urtean

(Fray Marcos)

I. Irakurgaia

Zatoze, jan nire ogia,
eta edan nik nahastutako ardaoa.

Esaera Zaharrak liburutik

Es 9, 1-6

    Jakituriak bere etxea eraiki dau, zazpi zutabe landu ditu;
abereak hil ditu, ardaoa nahastu eta mahaia prest dau.
Neskameak bialdu ditu uriko goialdeetatik deadar hau egitera:
«Ikasi bakoa betor hona!»

    Zentzunbakoei esaten deutse:

«Zatoze, jan nire ogia eta edan nik nahastutako ardaoa.
Itzi zorakeriak eta biziko zarie, jarraitu zentzunezko bideari».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 34 [33], 2-3. 10-11. 12-13. 14-15 (R/. 9a)

R/.   Dastatu egizue eta ikusi zein ona dan Jauna.

V/.   Bedeinkatuko dot aldi oro Jauna,
nire ahoan beti haren gorespena.
Harro nago Jaunagaz,
entzun begie apalek eta poztu beitez. R/.

V/.   Izan Jaunari begirune zuek, hari sagaratuok,
ez jake-eta ezer falta begirune deutsoenei.
Aberatsek ezagutzen dabe beharrizana eta gosea;
Jaunagana jotzen dabenei ez jake onik falta. R/.

V/.   Zatoze, seme-alabok, eta entzun;
Jaunari begirune izaten irakatsiko deutsuet.
Nork ez dau bizia maite?
Nork ez dau luzaro bizi nahi, zoriontsu izateko? R/.

V/.   Gorde mihina gatxetik,
ezpanak engainu-hitzetik.
Alde gatxetik, egin on dana,
bilatu bakea eta lehiatu haren alde. R/.

 

II. Irakurgaia

Ahalegindu Jaunaren nahia zein dan ulertzen.

San Paulo Apostoluak Efesoarrei egindako epistolatik

Ef 5, 15-20

    Senideok: Begiratu arretaz zelan zabiltzen; ez jokatu ganora barik, zentzunez baino, egokieraz baliatuz, sasoi txarrak doguz-eta. Ez izan, bada, burubako; ahalegindu, ostera, Jaunaren nahia zein dan ulertzen.
    Ez mozkortu, ardaotik nasaikeria dator-eta; bete zaiteze, ostera, Espirituaz, zeuen artean salmoak, gorazarreak eta kantu inspiratuak abestuz. Kantatu eta egin gorazarre Jaunari bihotz-bihotzez, gauza guztiakaitik Jainko Aitari eten barik eskerrak emonez, Jesu Kristo gure Jaunaren izenean.

Jaunak esana.

 

Aleluia

Jn 6, 56

R/.   Aleluia.

V/.   Nire haragia jaten eta nire odola edaten dauana
        Nigan dago eta Ni harengan, dino Jaunak. R/.

 

Ebanjelioa

Nire haragia benetako janari da,
eta nire odola benetako edari.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik

Jn 6, 51-58

    Aldi haretan, Jesusek esan eutson jenteari: «Neu naz zerutik jatsia dan ogi bizia; ogi honetatik jaten dauana betiko biziko da. Eta Nik emongo dodan ogia neure haragia da, mundua bizi dadin emona».
    Judeguek eztabaidan ziharduen euren artean: «Zelan emon ahal deusku honek bere haragia jaten?»
    Jesusek esan eutsen: «Bene-benetan dinotsuet: Gizonaren Semearen haragia jaten eta haren odola edaten ez badozue, ez dozue bizirik izango zeuongan. Nire haragia jaten eta nire odola edaten dauanak betiko bizitza dauka, eta Neuk biztuko dot hori azken egunean. Izan be, nire haragia benetako janaria da eta nire odola benetako edaria. Nire haragia jaten eta nire odola edaten dauana Neugan dago eta Ni harengan.
    Bizia dan Aitak bialdu nau eta Ni Aitari esker bizi naz; era berean, Ni jaten nauana Neuri esker biziko da. Hauxe da zerutik jatsi dan ogia; ez da zuen gurasoek jan ebena lakoa, ze, hareek hil egin ziran. Ogi honetatik jaten dauana betiko biziko da».

Jaunak esana.

 


URTEANZEHARREKO XX. DOMEKA

C urtean

I. Irakurgaia

Danekin eztabaidan eta auzitan jarduteko
ekarri ninduzun mundura.

Jeremias Profetaren liburutik

Jr 38, 4-6. 8-10

    Egun hareetan, buruzagiek esan eutsoen erregeari: «Jeremias honek bizia zor dau! Bere hitzez, herrian gelditzen diran gudariak eta herritar guztiak adorebakotu besterik ez dau egiten. Ez dihardu herriaren onerako, kalterako baino».
    Sedekias erregeak erantzun eutsen: «Zeuen esku dozue! Erregeak ezin leike ezer zuen aurka».
    Hartu eben, beraz, Jeremias eta errege-familiako Melkias printzearen putzuan sartu eben, sokaz jatsiz. Putzua kartzelako atarian egoan eta ez eban urik, lokatza baino. Jeremias lokatzetan sarturik gelditu zan.
    Ebed-Melek jauregitik erregeagana joan zan eta esan eutson: «Errege jauna, txarto jokatu dabe gizon horreek Jeremias profetagaz; putzura bota dabe, eta goseak hilko da bertan, ez dago-eta ogirik urian».
    Orduan, agindu hau emon eutson erregeak Ebed-Melek etiopiarrari: «Hartu zeugaz hiru gizon eta atara Jeremias profeta putzutik, hil baino lehen».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 40 [39], 2. 3. 4. 18 (R/. ik. 14b)


R/.
   Jauna, zatorkidaz azkar laguntzera!

V/.   Jaunagan neban jarria itxaropen guztia,
makurtu eta entzun dau nire oihua. R/.

V/.   Atara nau hondamen-putzutik,
zingira lohitsutik;
hatx gainean jarri ditu nire oinak,
sendotu ditu nire pausuak. R/.

V/.   Kantu barria ipini deust ezpanetan,
gorespen-kanta gure Jainkoarentzat;
hau ikusiz jente asko ikaratuko da,
eta Jaunagan izango dau konfiantza. R/.

V/.   Dohakabe eta behartsu naz ni,
baina Jauna da nitaz arduratzen.
Zeu zaitut laguntzaile eta askatzaile,
ene Jainko, ez luzatu. R/.

 

II. Irakurgaia

Ekin deiogun atzera egin barik
aurrean dogun lasterketari.

Hebrearrei egindako epistolatik

Heb 12, 1-4

    Senideok: Hainbat eta hainbat testiguz inguraturik gagozan ezkero, itzi daigun oztopo jakun guztia eta inguratzen gaituan pekatua, eta ekin deiogun, atzera egin barik, aurrean dogun lasterketari. Jarri daiguzan begiak sinismenaren iturri eta betetzaile dogun Jesusengan. Honek be, itxaroten eban zorionagaitik, kurutzean hiltzea onartu eban, heriotzea lotsagarria zala kontuan hartu barik, eta orain Jainkoaren tronuaren eskumaldean jesarrita dago.
    Izan egizue, bada, gogoan pekatarien aldetik halako erasoaldia eroan eban ha, adorea galdu eta etsi ez dagizuen. Oraindino ez zarie bizia galtzeraino heldu pekatuaren aurkako zeuen burrukan.

Jaunak esana.

 

Aleluia

Jn 10, 27

R/.   Aleluia.

V/.   Nire ardiek entzuten dabe nire ahotsa, dino Jaunak;
        Nik ezagutzen ditut,
        eta hareek jarraitu egiten deuste. R/.

 

Ebanjelioa

Ez naz etorri bakea ekartzera, banaketa baino.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lk 12, 49-53

    Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Lurrean sua ekartzera etorri naz, eta gurago neuke daborduko sutan balego! Heriotza-uretan urperatu behar dot, eta hau larria hori bete arte!
    Munduari bakea ekartzera etorri nazala uste dozue ala? Bakea ez, banaketa baino. Ze, hemendik aurrera, etxe bateko bost senideak banaturik egongo dira: hiru biren kontra eta bi hiruren kontra; aita semearen aurka eta semea aitaren aurka, ama alabaren aurka eta alaba amaren aurka, amaginarreba erranaren aurka eta errana amaginarrebaren aurka».

Jaunak esana.