UZ18_A-B-C


URTEAN ZEHARREKO XVIII. DOMEKA

A urtean

(F. Marcos)

I. Irakurgaia

Zatoze, eta jan ordaindu barik.

Isaias Profetaren liburutik

Is 55, 1-3

    Hauxe dino Jaunak:
«Egarri zarien guztiok, zatoze ur bila,
etorri, dirurik ez dozuenok be;
erosi garia eta jan ordaindu barik, erosi ardaoa eta esnea doan.
Zergaitik eralgi dirua, gosez itziko zaitueen janaritan,
eta lansaria, asetuko ez zaitueen gauzatan?
Entzun Niri arretaz, eta ondo jango dozue,
janari gozo mamintsuz janarituko zarie.

Etorri Nigana eta egon adi,
entzuidazue eta biziko zarie.
Betiko ituna egingo dot zuekin,
Davidi eginiko maitasunezko agintzariari leial eutsiz».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 145 [144], 8-9. 15-16. 17-18 (R/. ik. 16)

R/.   Zabaltzen dozu eskua, Jauna,
        eta asea emoten deuskuzu.

V/.   Errukiorra eta bihozbera da Jauna,
hasarregatxa eta onginahiz betea.
Ona da Jauna guztientzat,
errukiz betea bere sorkari guztientzat. R/.

V/.   Zuri begira dagoz danak zain,
eta Zuk emoten deutsezu jaten euren sasoian;
zabaltzen dozu eskua,
eta bizidun guztiak onginahiz dozuz asetzen. R/.

V/.   Zintzoa da Jauna bere bide guztietan,
leiala egintza guztietan.
Hurrean dago Jauna dei egiten deutsoenengandik,
benetan dei egiten deutsoen guztiengandik. R/.

 

II. Irakurgaia

Ez gaitu ezerk aldenduko
Jainkoak Jesu Kristogan agertu deuskun maitasunetik.

San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako epistolatik

Erm 8, 35. 37-39

    Senideok: Nork aldenduko gaitu Kristok deuskun maitasunetik? Atsekabeak, larriak, erasoaldiak, goseak, jantzirik ezak, arriskuak, ezpatak? Horreetan guztietan erraz urteten dogu garaile, maite izan gaituan hari esker.
    Ziur dakit: ez heriotzek eta ez bizik, ez aingeruk eta ez goiko beste indarrek, ez oraingok eta ez gerokok, ez ezelako agintek, ez ortziko eta ez lur azpiko indarrek, ez beste ezelako izakik, ez gaituana aldenduko Jainkoak Jesu Kristo gure Jaunagan agertu deuskun maitasunetik.

Jaunak esana.

 

Aleluia

Mt 4, 4b

R/.   Aleluia.

V/.   Gizakia ez da ogiz bakarrik bizi,
        Jainkoaren ahotik urteten dauan hitz guztitik baino. R/.

 

Ebanjelioa

Asetzeraino jan eben guztiek.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 14, 13-21

    Aldi haretan, Joan Bataiatzailearen heriotzaren barri jakitean, Jesus leku bakarti batera joan zan bera bakarrik txalupaz. Baina konturatu egin zan jentea eta oinez jarraitu eutson herrietatik. Txalupatik urtetean, Jesusek jentetza handia ikusi eban; erruki izan zituan eta gaixoak osatu eutsezan.
    Iluntzean, ikasleek hurreratu eta esan eutsoen: «Leku bakartia da hau eta orduak aurrera doaz. Bialdu egizu jentea, auzoetara joan eta jatekoa erosi dagian». Jesusek esan eutsen: «Ez dabe zertan joan; emoiezue zeuok jaten». Hareek, orduan: «Ez daukagu hemen bost ogi eta arrain bi besterik». Eta Jesusek: «Ekarri hona».
    Jenteari bedar gainean jesartzeko agindu ostean, hartu zituan bost ogiak eta bi arrainak, eta, begiak zerurantz jasorik, bedeinkapen-otoitza egin, ogiak zatitu eta ikasleei emon eutsezan, eta ikasleek jenteari. Asetzeraino jan eben guztiek, eta gelditutako hondarrez hamabi otzara bete batu zituen.  Bost mila gizon inguru ziran jan ebenak, emakumeak eta umeak aparte.

Jaunak esana.



URTEAN ZEHARREKO XVIII. DOMEKA

B urtean

(F. Marcos)

I. Irakurgaia

Euria lez jatsiarazoko deutsuet zerutik janaria.

Urteera liburutik

Ur 16, 2-4. 12-15

    Egun hareetan, basamortuan, israeldarren alkarte osoa marmarrean hasi zan Moisesen eta Aaronen aurka, esanez: «Hobe genduan Jaunak Egipton hilarazo izan baginduz, haragi-lapiko aurrean jesarri eta ogia asetzeraino jaten genduanean! Zuek, ostera, goseak hiltzeko ekarri dozue gure alkarte osoa basamortu honetara!»
    Orduan, Jaunak esan eutson Moisesi: «Euria lez jatsiarazoko deutsuet zerutik janaria. Herriak egunean egunekoa batzera urtengo dau. Probatu egin nahi dot, ea nire legearen arabera dabilen ala ez.
    Entzun ditut israeldarren marmarrak. Esaiezu: "Arratsaldean haragia jango dozue, eta bihar goizean ogiz asetuko zarie, eta jakingo dozue Neu nazala Jauna, zuen Jainkoa"».
    Arratsaldean, galeperrak etorri ziran eta kanpaleku osoa estaldu eben, eta biharamun-goizean iruntz-azala agertu zan kanpaleku-inguruan. Iruntza desagertu zanean, zurdaren itxurako zeozer, mehea eta garautsua, azaldu zan lurrean. Ha ikustean, alkarri itaunka hasi ziran israeldarrak: «Zer da hau?» Ez ekien-eta zer zan.
    Moisesek esan eutsen: «Jaunak janaritzat emoten deutsuen ogia da hau».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 78 [77], 3 eta 4bc. 23-24. 25 eta 54 (R/. 24b)


R/.
   Zeruko ogia emon eutsen Jaunak.

V/.   Guk entzunak eta ikasiak,
gurasoek guri kontatuak,
kontatuko deutsaguz hurrengo belaunaldiari
Jaunaren egintza goresgarriak eta  haren ahalmena. R/.

V/.   Orduan, hodeiei agindu eutsen goitik,
eta zeruko ateak edegi ebazan;
mana isuri eutsen janari,
zeruko ogia emon eutsen. R/.

V/.   Aingeruen ogia jan eban gizakiak,
asetzeko lain janari emon eutsen Jainkoak.
Bere lurralde santura eroan ebazan,
berak eskuratutako mendira. R/.

 

II. Irakurgaia

Giza izaera barria, Jainkoaren irudira sortua,
jantzi behar dozue.

San Paulo Apostoluak Efesoarrei egindako epistolatik

Ef 4, 17. 20-24

    Senideok: Hona zer esaten eta zinez eskatzen deutsuedan Jaunaren izenean: ez zaitezela hemendik aurrera bizi sinisbakoak bizi diran lez, burua txikikerietan dabe-eta.
    Ez da hori Kristo ezagutzean zuek ikasi dozuena, egia bada haretaz hitz egiten entzun dozuela. Jesusi dagokion egiazko irakaspenaren arabera, honako hau ikasi dozue: batetik, zuen lehengo bizierari uko egin eta giza izaera zaharra, grina engainagarrien eraginez hondatua, erantzi behar dozuela; bestetik, zeuen gogo-bihotzak barritu eta giza izaera barria, Jainkoaren irudira sortua, jantzi behar dozuela, Jesusen egiaren arabera, biziera zuzena eta santua eroateko.

Jaunak esana.

       

Aleluia

Mt 4, 4b

R/.   Aleluia.

V/.   Gizakia ez da ogiz bakarrik bizi,
        Jainkoaren ahotik urteten dauan hitz guztitik baino. R/.

 

Ebanjelioa

Nigana datorrena ez da gose izango,
eta Nigan sinisten dauana ez da behin be egarri izango.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik

Jn 6, 24-35

    Aldi haretan, Jesus eta ikasleak han ez egozala ikustean, jentea txalupetara igon eta Kafarnaumera joan zan, Jesusen bila. Itsasoaz beste aldean aurkitu ebenean, esan eutsoen: «Maisu, noiz etorri zara hona?» Jesusek erantzun eutsen: «Bene-benetan dinotsuet: Nire bila zabiltze, ez ezaugarriak ikusi dozuezalako, ogia asetzeraino jan dozuelako baino. Ahalegindu zaiteze, ez galtzen dan janariagaitik, irauten dauanagaitik baino, betiko bizitza emoten dauanagaitik; hori Gizonaren Semeak emongo deutsue, ze, bera egin dau Jainko Aitak bere aginpidearen ordezkari».
    Orduan, itaundu eutsoen: «Zer egin behar dogu, Jainkoak nahi dauana egiteko?» Jesusek erantzun eutsen: «Hauxe da Jainkoak nahi dauana: berak bialdu dauanagan zuek sinistea».
    Itaundu eutsoen, orduan: «Zein ezaugarri egiten dozu, guk ikusi eta Zugan sinisteko? Zer egiten dozu? Gure asabek mana jan eben basamortuan, Liburu Santuak dinoanez: “Zeruko ogia emon eutsen jaten”».
    Jesusek erantzun eutsen: «Bene-benetan dinotsuet: Ez eutsuen Moisesek emon zeruko ogia; nire Aitak emoten deutsue zeruko egiazko ogia; izan be, Jainkoaren ogia zerutik jatsi eta munduari bizia emoten deutsona da».
    Orduan, hareek Jesusi: «Jauna, emoiguzu beti ogi horretatik». Jesusek erantzun eutsen: «Neu naz bizia emoten dauan ogia; Nigana datorrena ez da gose izango, eta Nigan sinisten dauana ez da behin be egarri izango».

Jaunak esana.

 

 

URTEAN ZEHARREKO XVIII. DOMEKA

C urtean

I. Irakurgaia

Zer gelditzen jako gizakiari
egin dauan hainbeste lan eta eginahaletatik?

Kohelet liburutik

Koh 1, 2; 2, 21-23

    Huskeria hutsa –dino Koheletek–,
huskeria hutsa, dana huskeria da. 

    Izan be, jazotzen da batek buruz, egoki eta trebetasunez lan egin ondoren, ezer egin ez dauanari dana itzi beharra. Hau be huskeria da eta oker handia. Zer gelditzen jako gizakiari eguzkipean egin dauan hainbeste lan eta eginahaletatik? Egunero atsekabea besterik ez dau, eta bere lanetan nekea; gauez be ez dau atsedenik haren bihotzak. Hau be huskeria da.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 90 [89], 3-4. 5-6. 12-13. 14 eta 17 (R/. ik. 1)

R/.   Jauna, gure ihesleku Zeu izan zara
        gizalditik gizaldira.

V/.   Gizakia hautsera bihurtuarazoten dozu,
esanez: «Bihurtu lehenera, gizakiok».
Bai, mila urte zure begietan
atzo igaro zan eguna adina,
gaualdi bat adina. R/.

V/.   Hor daroazuz gizakiak,
amesa lez dira;
ernetzen dira goizean bedarra lez;
goizean erne eta loratzen da-eta,
arratsaldean zimeldu eta igartzen. R/.

V/.   Irakatsi egiguzu geure egunen kontua eroaten,
zuhurtasunaren muinaz jaubetu gaitezan.
Bihurtu zakiguz, Jauna! Noiz arte?
Errukitu zaitez zeure zerbitzariez. R/.

V/.   Asetu gaizuz goizero zeure maitasunaz,
poztu gaitezan eta zoriontsu izan geure egun guztietan.
Betor gugana Jaunaren, gure Jainkoaren, gozotasuna
eta sendotu begi harek gure eskuen lana;
sendotu dagiala, bai, gure lana. R/.

 

II. Irakurgaia

Bilatu egizuez zeruko gauzak, han dago-eta Kristo.

San Paulo Apostoluak Kolosarrei egindako epistolatik

Kol 3, 1-5. 9-11

    Senideok: Kristogaz berbiztu zarien ezkero, bilatu egizuez zeruko gauzak, han dago-eta Kristo, Jainkoaren eskumaldean jesarrita. Bilatu egizuez goiko gauzak, eta ez lurrekoak, hilda zagozelako, eta zuen bizia Kristogaz dago Jainkoagan gordeta. Kristo, zuen bizia, agertuko danean, zuok be aintzatsu agertuko zarie haregaz batera.
    Hilarazo egizuez, beraz, zeuen barruan mundu honen araberako jarrerak: lizunkeria, lohikeria, nahikeria eta grina txarrak eta idolatria dan diru-gosea. Ez esan alkarri guzurrik, izaera zaharra eta honen araberako jokabidea erantzi eta barria jantzi dozuen ezkero; izaki barri zarie, beraren egile dan Jainkoaren irudira erabarrituz doana, ezaguera beteagora heltzeko. Hor ez dago honezkero ez greziarrik eta ez judegurik, ez erdaindurik eta ez erdainbakorik, ez kulturadunik eta ez kulturabakorik, ez esklaborik eta ez librerik; Kristo da guztia, eta guztiengan bizi da.

Jaunak esana.

          

Aleluia

Mt 5, 3

R/.   Aleluia.

V/.   Zorionekoak gogoz behartsu diranak,
        eurena dabe-eta Jainkoaren erreinua. R/.

 

Ebanjelioa

Norentzat izango dok pilatu doana?

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lk 12, 13-21

    Aldi haretan, jente arteko batek esan eutson Jesusi: «Maisu, esaiozu nire anaiari senipartea nigaz erdibana egiteko».
Jesusek erantzun eutson: «Lagun, nork jarri nau Ni zuen artean epaile edota ondasun-banatzaile?» Eta jenteari esan eutson: «Kontuz! Gorde zeuen burua diru-gosetik ze, ondasunek ez deutsoe inori bizia segurtatzen, ugariak izanda be».
    Gero, parabola hau kontatu eutsen: «Gizon aberats bati lurrak uzta handia emon eutson. Eta holantxe pentsatzen hasi zan berekautan: “Zer egin, ze ez daukat uzta non jasorik”.
    Eta  beretzat  esan  eban:  “Badakit zer egin:  garautegi zaharrak bota eta handiagoak egingo dodaz eta hareetan jasoko dodaz garia eta gainerakoak. Gero, esango deutsat neure buruari: “Ea, mutil! Badaukak hor gordeta urteetarako nahiko ondasunik; hartu atseden, jan, edan eta ondo bizi!”
    Baina Jainkoak esan eutson: “Burubako halakoa! Gaur gauean bertan hil behar dok. Norentzat izango dok pilotu doana?”»
    Eta holantxe amaitu eban Jesusek: «Horra zer gertatzen jakon, Jainkoarentzat aberats izan beharrean, ondasunak beretzat pilotzen dituanari».

Jaunak esana.