UZ-21-C


URTEAN ZEHARREKO XXI. DOMEKA

C urtean

I. Irakurgaia

Atzerriko nazino guztietatik ekarriko dabez
zuen senide guztiak.

Isaias Profetaren liburutik

Is 66, 18-21

    Hau dino Jaunak:
«Ezagutzen ditut Nik gaiztoen egintzak eta asmoak,
eta herri eta hizkuntza guztietako jentea batzera etorriko naz;
hareek etorri eta nire aintza ikusiko dabe.
Ezaugarri bat emongo deutset;
euren artean bizirik gelditutako batzuk
bialduko ditut nazinoetara;
Tarsis, Etiopia eta Lidiara,
Mexek, Tubal, Greziara eta urruneko herrietara,
inoiz nire barri izan ez daben
eta nire aintzarik ikusi ez dabenengana.

Eta nire aintza iragarriko dabe nazinoetan.
Atzerriko nazino guztietatik ekarriko dabez,
Jaunarentzat opari moduan, zuen senide guztiak;
zaldi, gurdi eta ohatiletan,
mando eta dromedarioetan ekarriko dabez
Jerusalemgo nire mendi santura –dino Jaunak–,
israeldarrek euren opariak Jaunaren etxera
ontzi garbietan ekartzen dabezan lez.
Eta hareen arteko batzuk be aukeratuko ditut
abade eta lebitar izateko –dino Jaunak–».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 117 [116], 1. 2 (R/. Mk 16, 15)


       
R/.      Zoaze mundu guztira eta iragarri Barri Ona.

        Edo: Aleluia.

V/.   Goratu egizue Jauna, nazino guztiok,
goratu egizue, herri guztiok. R/.

V/.   Sendoa da-eta guretzat haren maitasuna,
beti-betikoa Jaunaren leialtasuna. R/.

 

II. Irakurgaia

Maite dauana dau Jaunak zuzentzen.

Hebrearrei egindako epistolatik

Heb 12, 5-7. 11-13

    Senideok: Ahaztu egin dozue seme-alabei lez emoten jatzuen aholkua:

«Ene seme, ez baztertu Jaunaren zuzenketa,
ezta galdu be adorea, hasarre egiten badeutsu,
maite dauana dau-eta Jaunak zuzentzen
eta seme-alabatzat hartzen dauana dau zigortzen».

    Jasaten dozuena zuek zuzentzeko da; Jainkoak seme-alaba lez tratatzen zaitue. Izan be, zein seme nahiz alaba ez dau aitak zuzentzen?
    Egia esan, edozein zuzenketa, momentuan, mingarri da, ez pozgarri; baina, gerora, haren bidez hezitakoei bere frutuak ekartzen deutsez: bakea eta zuzentasuna. Jaso egizuez, beraz, esku jausiak eta belaun ahulduak, eta ibili zaiteze bide zuzenean, herrenaren hankea hausi ez dadin, osatu baino.

Jaunak esana.

 

Aleluia

Jn 14, 6

R/.   Aleluia.

V/.   Neu naz bidea, egia eta bizia, dino Jaunak;
        ezin da inor Aitagana joan,
        nire bidez izan ezik. R/.

 

Ebanjelioa

Asko etorriko dira sortaldetik eta sartaldetik,
eta Jainkoaren erreinuko mahaian jesarriko dira.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lk 13, 22-30

    Aldi haretan, Jesusek, Jerusalemera bidean joiala, igarotzen zituan herri eta auzoetan irakasten eban.
Batek esan eutson: «Jauna, gitxi ete dira salbatzen diranak?» Jesusek erantzun eutsen: «Ahalegindu zaiteze ate estutik sartzen. Egia esan, askok sartu gura izango dau, baina ezingo da sartu.
    Etxeko jaunak jagi eta atea itxi ezkero, kanpoan geldituok ate joka hasiko zarie: “Zabaldu, Jauna!” Baina harek erantzungo deutsue: “Ez dakit nongoak zarien”.
    Zuek, orduan, holan hasiko zaiakoze: “Zeugaz jan eta edan izan dogu, eta Zuk geure plazetan irakatsi izan dozu”. Baina harek erantzungo deutsue: “Ez dakit nongoak zarien. Alde Nigandik, gaizkileok!”
    Orduan, negarra eta hagin-karraskada izango da, Abraham, Isaak eta Jakob eta profeta guztiak Jainkoaren erreinuan ikustean, zeuen burua, barriz, kanpora jaurtia. Asko etorriko dira sortaldetik eta sartaldetik, iparretik eta hegotik, eta Jainkoaren erreinuko mahaian jesarriko dira. Begira: orain azkeneko diran batzuk lehenengo izango dira, eta lehenengo diran batzuk azkeneko».

Jaunak esana.