UZ22_A-B-C


URTEAN ZEHARREKO XXII. DOMEKA

A urtean

(Fray Marcos)

I. Irakurgaia

Jaunaren hitza irain- eta burla-bide da niretzat.

Jeremias Profetaren liburutik

Jr 20, 7-9

    Liluratu egin nozu, Jauna, eta ni zure lilurapean jausi;
behartu egin nozu eta menperatu.
Barregarri izan naz egun osoan; burlaka dabilkidaz danak.
Hitz egiten dodan bakotxean, garrasi egiteko da;
indarkeria eta zapalkuntza salatuz dei egin beharra dot;
Jaunaren hitza irain eta burla-bide da niretzat egun guztian.
Hau ninoan neure kautan: «Gogoratu be ez dot egingo;
ez dot gehiago haren izenean berba egingo».
Baina, orduan, sua lako zeozer sumatzen neban barruan;
hazurretaraino erretzen ninduan;
ahalegintzen nintzan ha itotzen, baina ezin!

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 63 [62], 2. 3-4. 5-6. 8-9 (R/. ik. 2c)

R/.   Zure egarriz daukat gogoa, Jauna, ene Jainkoa.

V/.   Jainko, Zu ene Jainko,
goizetik nabilkizu bila,
zure egarriz daukat gogoa, zure gogo biziz ni nazan guztia,
lur idor, agor, ur bakoa lez. R/.

V/.   Holan egon nahi dot santutegian Zuri begira,
zure indarra eta ospea ikusiz.
Bizia baino ederragoa da-eta zure maitasuna,
goratuko zaitue nire ezpanek. R/.

V/.   Holan nahi zaitut bedeinkatu neure bizitzan,
eskuak jaso zure izenean.
Jakirik gozoenez lez naz asetuko,
eta nire ezpanek poz-oihuz zaitue goratuko. R/.

V/.   Zeu izan zaitut-eta laguntzaile;
pozez egingo dot oihu zure egoen kerizpean.
Zuri lotuta nago osorik,
eta zure eskumeak deust eusten. R/.

 

II. Irakurgaia

Eskeini egizue zeuen burua opari bizi.

San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako epistolatik

Erm 12, 1-2

    Senideok: Jainkoaren errukiagaitik eskatzen deutsuet eskeini dagizuela zeuen burua opari bizi, santu eta Jainkoarentzat atsegingarri; hori da egiazko zuen gurtza. Ez egokitu mundu honen eretxietara, erabarritu zaiteze, ostera, zeuen pentsakerea aldatuz; holan bereiztu ahal izango dozue zer dan Jainkoak nahi dauana, zer dan ona, atsegingarri jakona eta bikaina.

Jaunak esana.

 

Aleluia

Ik. Ef 1, 17-18

R/.   Aleluia.

V/.   Jesu Kristo gure Jaunaren Aitak
        argitu dagizala gure barruko begiak,
        jakin daigun zer itxarotera dei egin deuskun. R/.

 

Ebanjelioa

Nire ondoren etorri nahi dauanak
uko egin begio bere buruari.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 16, 21-27

    Aldi haretan, Jesus ikasleei azaltzen beharrezko zala berak Jerusalemera igotzea, eta han asko sufridu beharra ebala abadeburuen eta lege-maisuen aldetik; hil egingo ebela eta hiru egunen buruan biztuko zala. Orduan, Pedro, Jesus aparte harturik, gogor egiten hasi jakon: «Ezelan be ez, Jauna! Ez jatzu holakorik gertatuko!»
    Baina Jesusek, bihurturik, esan eutson Pedrori: «Alde nire ondotik, Satanas! Oztopo zara Niretzat, ze zure asmoak ez dira Jainkoarenak, gizakiarenak baino».
    Jesusek esan eutsen, gainera, ikasleei: «Nire ondorik etorri gura dauanak uko egin deiola bere buruari, hartu begi bere kurutzea eta jarraitu beist. Izan be, bere bizia gorde gura dauanak galdu egingo dau; bere bizia Nigaitik galtzen dauanak, ostera, eskuratu egingo dau.
    Zertarako dau gizakiak mundu guztia irabaztea, bere bizia galtzen badau? Eta zer emon leike gizakiak bizia barriro eskuratzeko? Izan be, Gizonaren Semea bere Aitaren aintzaz beterik etorriko da aingeruakaz eta orduan bakotxari bere jokabidearen arabera ordainduko deutso».

Jaunak esana.

 

URTEAN ZEHARREKO XXII. DOMEKA

B urtean

I. Irakurgaia

Ez gehitu ezer nik agintzen deutsuedanari.
Bete Jaunaren aginduak.

Deuteronomioa liburutik

Dt 4, 1-2. 6-8

    Honan berba egin eutson Moisesek herriari: «Orain, Israel, entzun irakasten deutsuedazan legeak eta erabagiak, eta bete. Holan, biziko zarie eta Jaunak zeuen asaben Jainkoak emongo deutsuen lurraldean sartuko zarie eta haren jaube egingo. Ez gehitu, ez kendu, nik agintzen deutsuedanetik ezer; bestetara, bete nik emoten deutsuedazan Jaunaren, zeuen Jainkoaren, aginduak.
    Gorde egizuez eta bete, horrek jakintsu eta buruargi egingo zaitue-eta herrien aurrean. Lege honeen barri izatean, esango dabe: "Bai herri jakintsua eta buruargia nazino handi hau!"
    Izan be, ba ete da nazino handirik, bere jainkoak, guk Jauna geure Jainkoa baizen hur dituanik, dei egiten deutsagun bakotxean? Ba ete da nazino handirik, gaur nik adierazoten deutsuedan irakaspen hau baizen lege eta erabagi zuzenak dituanik?»

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 15 [14], 2-3a. 3b-4b. 5 (R/. ik. 1a)


R/.
   Nor bizi, Jauna, zure etxean?

V/.   Akatsik barik eta zuzen jokatzen dauana;
bihotzean egiazale izan
eta mihinaz inor zikintzen ez dauana. R/.

 V/.  Hurkoari gatxik egiten ez deutsona,
auzokoa iraintzen ez dauana.
Jaunak baztertua gitxiesten dauana
eta  jainkozaleak ohoratzen dituana. R/.

V/.   Dirua lukurreriaz mailegatzen ez dauana
ezta errubakoaren kaltetan eskupekorik hartzen be.
Holan jokatzen dauana
ez da sekula kili-kolo egongo. R/.

 

II. Irakurgaia

Bete egizue mezua.

Santiago Apostoluaren epistolatik

St 1, 17-18. 21b-22. 27

    Ene senide maiteok: Emoitza on eta dohai bikain guztiak goitik datoz, Aitagandik, aldaketarik eta ilunaldirik ez dauan argien Egileagandik. Berak, halan nahita, bizia emon deusku egiaren mezuaz, sorkari guztien artean lehenengoak izan gaitezan.
    Onartu egizue otzan-otzan zuengan erein dan eta zuek salbatzeko indartsu dan mezua. Bete egizue mezua, eta ez entzun bakarrik, zeuen burua engainatuz.
    Jainko Aitaren aurrean benetan garbi eta akatsik bako erlijinoa hauxe da: umezurtzei eta alargunei euren preminetan laguntzea, eta munduko gaiztakeriagaz nork bere burua ez kutsatzea.

Jaunak esana.

 

Aleluia

St 1, 18

R/.   Aleluia.

V/.   Aitak, halan nahita, bizia emon deusku egiaren mezuaz,
        sorkari guztien artean lehenengoak izan gaitezan. R/.

 

Ebanjelioa

Zuek, Jainkoaren agindua bazterrera itzi
eta giza ohitureari eusten deutsazue.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik

Mk 7, 1-8. 14-15. 21-23

    Aldi haretan, Fariseuak eta Jerusalemdik etorritako lege-maisu batzuk hurreratu jakozan Jesusi, eta ikasleetariko batzuk esku lohiekin –hau da, eskuen garbiketa egin barik– jaten ebela ikusi eben.  Izan be, fariseuek, eta judeguek, gehienek, ez dabe jaten aurretiaz eskuak arduraz garbitu barik, zaharren ohiturari sendo eutsiz. Azokatik etxeratzean be, ez dabe jaten garbiketa egin barik; eta badabe ohiturazko beste hamaika betebehar: esate baterako, edalontzi, pitxer eta erraden garbiketa.
    Holan bada, fariseuek eta lege-maisuek itaundu eutsoen Jesusi: «Zergaitik ez dabe zure ikasleek zaharren ohiturari dagokionez jokatzen? Zelan jaten dabe esku zikinakaz?» Jesusek erantzun eutsen: «Itxurazaleok halakook! Ederto baten esan eban zuetaz Isaias profetak, honako hau idatzi ebanean:

“Herri honek
ezpanez ohoratzen nau,
baina Nigandik urruti dau bihotza;
alperrik nabe gurtzen,
honeen irakaspena giza agindu hutsa da”.
Zuek, Jainkoaren agindua bazterrera laga
eta giza ohiturari eusten deutsazue».

    Jesusek jenteari barriro dei egin eta esan eutson: «Entzun danok eta ulertu ondo. Ez da ezer, kanpotik gizakiaren barrura sartuz, berau zikindu leikenik; barrutik urteten deutsonak, horrek zikintzen dau gizakia».
    Eta gaineratu eban: «Barrutik urteten dauanak, horrrek bai egiten dauala gizakia zikin. Izan be, barrutik, gizakiaren bihotzetik, urteten dabe asmo txarrek, lizunkeriak, lapurretek, hilketek, adulterioek, diru-goseak, gaiztakeriek, azpikeriak, nasaikeriak, bekaizkeriak, irainek, harrokeriak, burubakokeriak. Txarkeria honeek guztiek barrutik urteten dabe, eta honeek lohitzen dabe gizakia».

Jaunak esana.

 

URTEAN ZEHARREKO XXII. DOMEKA

C urtean

I. Irakurgaia

Apaldu zeure burua,
eta Jaunaren gogoko izango zara.

Siraken liburutik

Si 3, 19-21. 30-31 (gr. 17-18. 20. 28-29)

    Seme, egin otzantasunez egiten dozun guztia,
eta Jainkoaren begiko danak maite izango zaitu.
Zenbat eta handiago izan,
orduan eta gehiago apaldu zeure burua,
eta Jaunaren gogoko izango zara;
handia da-eta Jaunaren ahalmena, eta apalek dabe ha goresten.

Harroaren ezbeharrak ez dau erremediorik,
gaiztakeriaren landarea sustraituta daukalako beragan.
Buruargiak jakituriazko esaerak hausnartzen ditu,
zuhur egongo dan belarria gura dau gogo biziz jakintsuak.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 68 [67], 4-5ac. 6-7b. 10-11 (R/. ik. 11b)

R/. Zuk, ene Jainko, zeure ontasunean
        eratu dozu dohakabeentzat etxea.

V/.   Zintzoak pozten dira,
Jainkoaren aurrean alaitzen,
alai eta pozez gainezka.
Kanta Jainkoari, jo soinua haren izenari,
Jauna dau izena, poztu zaiteze haren aurrean. R/.

V/.   Umezurtzen aita da Jainkoa, alargunen defendatzaile
bere egoitza santutik.
Jainkoak etxea emoten deutse baztertuei,
kantu artean askatasuna presoei. R/.

V/.   Euria ugari isuri zenduan, oi Jainko,
zeure ondare jausia indarbarritu.
Hantxe kokatu zan zure jentea,
Zuk, ene Jainko, zeure ontasunean
errukarrientzat eratutako lurrean. R/.

 

II. Irakurgaia

Sion mendira hurreratu zarie zuek,
Jainko biziaren urira.

Hebrearrei egindako epistolatik

Heb 12, 18-19. 22-24a

    Senideok: Zuek ez zarie hurreratu, israeldarrak lez, ikutu leiteken mendi batera, su kiskalgarria, hodei itxia, ilunpea eta ekatxa egozan mendira; ez dozue entzun turuta-hotsik, ezta ahotsik be. Ahotsa entzun eben israeldarrek gehiago ez ekiela berba egin eskatu eben.
    Sion mendira hurreratu zarie zuek, Jainko biziaren urira, zeruko Jerusalemera, Jainkoa goresteko batuta dagozan milaka eta milaka aingerurengana, euren izenak zeruetan idatzita dabezan lehen-semeen batzarrera, guztien epaile dan Jainkoagana, euren helburura heldu diran zintzoen espirituetara, eta itun barriaren bitarteko dan Jesusengana.

Jaunak esana.

 

Aleluia

Mt 11, 29ab

R/.   Aleluia.

V/.   Hartu egizue nire buztarria, dino Jaunak,
        eta ikasi Nigandik,
        gozoa eta bihotz-apala naz-eta. R/.

 

Ebanjelioa

Bere burua goratzen dauana beheratu egingo dau Jaunak,
eta bere burua beheratzen dauana goratu.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lk 14, 1. 7-14

    Behin baten, zapatuz, fariseu-buruetako baten etxera joan zan Jesus bazkaltzera, eta fariseuak begira egokozan ezkutaturik. Konturatu zan Jesus zelan konbidatuek aurrerengo jarlekuak hartzen zituen eta ohar honeek egin eutsezan:
    «Ezteguetara konbidatzen zaitueenean, ez jarri mahaiburuan, baleiteke-eta zu baino konbidatu ospetsuagoren bat izatea; halan balitz, biok konbidatu zaituenak etorri eta esango leuskizu: “Itzi lekua honi”. Orduan, azkeneko lekuan jesarri beharko zeunke lotsatuta.
    Alderantziz, konbidatzen zaituenean, jarri azkeneko lekuan, konbidatu zaituanak, datorrenean, esan deizun: “Adiskide, igon gorago!” Holan, oso leku onean geldituko zara mahaikide guztien aurrean. Izan be, bere burua goratzen dauana beheratu egingo dau Jaunak, eta bere burua beheratzen dauana goratu».
    Eta konbidatu ebanari esan eutson: «Bazkari edo afariren bat emotean, ez konbidatu zeure lagunak, ezta senideak, ahaideak edota auzoko aberatsak be; ze, hareek be konbidatu egingo zindukiez, eta holan ordea hartuko zeunke. Jatordua emotean, konbidatu behartsuak, elbarriak, herrenak eta itsuak. Zorionekoa zu orduan, ezingo deutsuelako ordaindu! Zintzoak biztuko diranean jasoko dozu ordea».

Jaunak esana.