UZ-26-C


URTEAN ZEHARREKO XXVI. DOMEKA

C urtean

I. Irakurgaia

Hor amaituko dira horreen nasaikeriak.

Amosen Profezia liburutik

Am 6, 1a. 4-7

    Hau dino Jainko Jaun ahalguztidunak:
«Zoritxarrekoak Sionen nasai bizi diranak
eta Samariako mendiaz fidatzen diranak!
Marfilezko ohetan luze etzuten dira,
artaldeko bildotsak eta kortako zekorrak jaten dabez;
zitararen soinura kantuan egiten dabe,
doinu barriak asmatuz, David diralakoan;
ardaoa kopa handitan edaten dabe,
orio usaintsu bikainenaz igurzten dabe euren burua.
Eta ez deutse ardura Israel herriaren hondamendiak!
Horregaitik, atzerrira joango dira
erbesteratu guztien lerro-buruan,
eta hor amaituko dira horreen jan-edanak eta nasaikeriak».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 146 [145], 6c-7. 8-9a. 9b-10 (R/. ik. 1b)


R/.
   Goratu egizu Jauna, nire barrua.

        Edo: Aleluia.

V/.   Betiko eusten deutso Jaunak bere leialtasunari.
Zapalduen eskubideak defendatzen ditu,
gose diranei ogia emoten.
Jaunak askatzen ditu presoak. R/.

V/.   Jaunak zabaltzen ditu itsuen begiak,
Jaunak jasotzen konkortuak,
Jaunak maitatzen zintzoak,
Jaunak ditu etorkinak zaintzen. R/.

V/.   Umezurtzei eta alargunei zutunik deutse eusten,
baina gaiztoen nagusitza iraultzen.
Jauna errege da betieran,
zure Jainkoa, Sion, errege gizaldien gizaldietan! R/.

 

II. Irakurgaia

Bete agindua Jauna agertuko dan egunera arte.

San Paulo Apostoluak Timoteori egindako lehenengo epistolatik

1 Tm 6, 11-16

    Zu, Jainkoaren gizon hori, ahalegindu zaitez justizian, jainkozaletasunean, sinismenean, maitasunean, eroapenean eta otzantasunean. Ekin sinismenaren burruka jatorrari eta eskuratu betiko bizia, haretarako dei egin deutsue-eta Jainkoak eta fede-autormen bikaina egin dozulako, testigu askoren aurrean.
    Gauza guztiak biziarazoten dituan Jainkoaren aurrean eta Pontzio Pilatoren auzitegian autormen bikaina egin eban Kristo Jesusen aurrean erregutzen deutsut: bete agindua akatsik barik eta zeresanik sortu barik, Jesu Kristo gure Jauna agertuko dan egunera arte, bere sasoian agertuarazoko dau-eta Jainkoak.

Ha da Nagusi bakarra eta zoriontsua,
erregeen Erregea eta jaunen Jauna;
bera bakarrik da hilezkorra,
eta lortu ezinezko argian bizi da;
ez dau inoiz gizakiak ikusi
eta ezin dau ikusi be.
Berari aintza eta agintea betiko. Amen.

Jaunak esana.

 

Aleluia

2 Ko 8, 9

R/.   Aleluia.

V/.   Jesu Kristo, aberats izanik, behartsu egin zan,
        bere behartsu izateaz zuek aberats egiteko. R/.

 

Ebanjelioa

Zuk zorion ugari izan zenduan bizitzan,
Lazarok, barriz, zorigatxak;
orain harek atsegina aurkitu dau, eta zuk oinazeak.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lk 16, 19-31

    Aldi haretan,  honan berba egin eutsen Jesusek fariseuei: «Bazan gizon aberats bat, purpuraz eta lino finez jantzi eta egunero jai ederrak egiten zituana. Lazaro izeneko eskekoa, ostera, aberatsaren etxe-aurrean etxunda egoten zan, zauriz josita; gogotsu jango eukean aberatsaren mahaitik jausten zana. Txakurrek eurek be etorri eta zauriak miazkatzen eutsoezan.
    Horretan, hil zan eskekoa, eta aingeruek Abrahamen altzora eroan eben. Hil zan aberatsa be, eta lurperatu eben. Hilen Egoitzan oinazetan egoala, begiak jaso eta Abraham ikusi eban urrutian eta Lazaro haren altzoan, eta deadarka esan eban: “Aita Abraham, erruki zakidaz! Bialdu egizu Lazaro atzamar ertza uretan busti eta niri mihina freskatzera, ze, oinaze gorritan nago sugar honeetan”.
    Baina Abrahamek erantzun eutson: “Seme, gogoratu egizu zuk zeuk zorion ugari izan zenduala bizitzan, Lazarok, barriz, zorigatxak; horregaitik, orain harek atsegina aurkitu dau, eta zuk oinazeak. Gainera, gure eta zuen artean leza handia dago, eta nahita be ezin da inor hemendik zuengana igaro, ezta hortik gugana be”.
    Aberatsak barriro: “Orduan, aita Abraham, bialdu egizu, mesedez, Lazaro gure aitaren etxera, bost anaia baditut-eta; jarri dagizala jakinaren gainean, eurak be oinaze-leku honetara etorri ez daitezan”. Abrahamek erantzun eutson: “Han ditue Moises eta profetak; entzun deieela”. Harek ostera be: “Ez, aita Abraham; hildakoren bat joango balitxake, bihotz-barrituko litzatekez”.
    Baina Abrahamek erantzun eutson: “Moisesi eta profetei entzuten ez badeutsie, ez dabe sinistuko ezta hildako bat biztuta be”».

Jaunak esana.