UZ-09-C


URTEAN ZEHARREKO IX. DOMEKA

C urtean

I. Irakurgaia

Arrotzen bat etortzean, entzun egiozu.

Erregeak lehenengo liburutik

1 Erg 8, 41-43

    Egun hareetan, honan egin eban Salomonek otoitz tenpluan: «Izango dabe arrotzek be zure izen handi, esku indartsu eta egintza ahaltsuen barri. Zure izenak erakarrita, zure herri Israelgoa ez dan arrotzen bat urruneko lurraldetik etortzen bada tenplu honetan otoitz egitera, entzun Zuk zerutik, bizi zaran leku horretatik, eta emoiozu arrotzari eskatuko deutsun guztia. Holan, lurreko herri guztiek jakingo dabe zure izenaren barri eta begirune izango deutsue, zeure herri Israelek lez. Eta jakingo dabe gainera nik eraikitako tenplu hau zure izenari eskeinita dagoala».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 117 [116], 1. 2 (R/. Mk 16, 15)


R/.  
Zoaze mundu guztira eta iragarri Barri Ona.

        Edo: Aleluia.

V/.   Goratu egizue Jauna, nazino guztiok,
goratu egizue, herri guztiok. R/.

V/.   Sendoa da-eta guretzat haren maitasuna,
beti-betikoa Jaunaren leialtasuna. R/.

 

II. Irakurgaia

Oraindino gizakiei atsegin emon guran banenbil,
ez nintzateke Kristoren zerbitzari izango.

San Paulo Apostoluak Galaziarrei egindako epistolaren hasiera

Ga 1, 1-2. 6-10

    Nik, Paulok, ez giza aginduz edo izendapenez, Jesu Kristoren eta hau hilen artetik biztu eban Jainko Aitaren izendapenez apostolu nazan honek baino, eta nigaz diran senide guztiek, Galaziako eleiz alkarteei.
    Harriturik nago, Kristoren onginahiaz dei egin eutsuenagandik aldendu eta beste barri on batera zein bizkor aldatu zarien ikusiz. Ez dago, ostera, beste barri onik; baina badabiltz hor batzuk zuek nahasten, Kristoren Barri Ona goitik behera irauli guran.
    Beraz, norbaitek, gu geu nahiz zeruko aingeruren bat izanik be, iragarri geuntsuena ez dan beste barri on bat iragartzen badeutsue, izan bedi madarikatua! Lehen be esan neutsuena dinotsuet orain barriro: madarikatua, hartu dozuen Barri Ona ez dan beste bat iragartzen deutsuena!
    Gizakien onespena bilatzen ete dot nik ala Jainkoarena? Gizakiei atsegin emoten ahalegintzen ete naz ni? Oraindino gizakiei atsegin emon guran banenbil, ez nintzateke Kristoren zerbitzari izango.

Jaunak esana.

 

Aleluia

Ik. Jn 3, 16

R/.   Aleluia.

V/.   Hain maite izan eban Jainkoak mundua,
        bere Seme bakarra emon eutson;
        harengan sinisten dauanak betiko bizia dau. R/.

 

Ebanjelioa

Israelen bertan be ez dot aurkitu holako sinismenik.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lk 7, 1-10

    Aldi haretan, Jesus, herriari egindako hitzaldia amaiturik, Kafarnaumen sartu zan. Bazan han erromatar ehuntari bat, eta honek morroi bat eban oso maitea; morroia txarto egoan, hilzorian. Ehuntariak, Jesusen barri entzunik, judegu-buruzagi batzuk bialdu eutsozan, morroia osatzera etortzeko erreguaz.
    Hareek, Jesusengana joanik, arren eta arren eskatu eutsoen: «Merezidu dau Zuk hori egitea, ze, maite dau gure herria eta berak egin deusku sinagoga be».
    Jesus eurekin joan zan. Etxetik hur samar zala, lagun batzuk bialdu eutsozan ehuntariak, esatera: «Ez hartu nekerik, Jauna, ze, ni ez naz inor Zu nire etxean sartzeko. Horregaitik, ez naz ausartu neu Zugana joaten; nahiko dozu berba bat esatea, nire morroia osatzeko. Neuk be, neu inoren menpean egon arren, soldaduak ditut neure menpean, eta bati joateko agintzen badeutsat, joan egiten da; beste bati etortzeko agindu, eta etorri egiten da; eta nire morroiari zeozer egiteko esan, eta halan egiten dau».
    Hau entzutean, Jesus harritu egin zan haretaz eta, ondorik etorkion jenteagana bihurturik, esan eban: «Egia esan, Israelen bertan be ez dot aurkitu holako sinismenik». Mandatariak etxera bihurtu ziranean, osatuta aurkitu eben morroia.

Jaunak esana.