UZ28_A-B-C

URTEAN ZEHARREKO XXVIII. DOMEKA

A urtean

 

I. Irakurgaia

Jai-jatordua emongo deutse Jaun ahalguztitunak,
eta  sikatuko ditu aurpegi guztietako negar-anpuluak.

Isaias Profetaren liburutik

Is 25, 6-10a

    Egun haretan, jai-jatordua emongo deutse
Jaun ahalguztidunak mendi honetan herri guztiei,
jaki guri eta edari bikainekin,
haragi mamintsu eta ardao zahar finekin.
Mendi honetan kenduko dau
herri guztien gainean zabalduta dagoan estalkia,
nazino guztiak estaltzen dituan oihala.
Betiko hondatuko dau heriotza;
sikatuko ditu Jainko Jaunak aurpegi guztietako negar-anpuluak
eta lur osotik aldenduko dau bere herriaren lotsakizuna,
Jaunak berba egin dau-eta.

Eta egun haretan esango da:
«Hara gure Jainkoa!
Itxaroten genduan salbatuko ginduzala;
Jauna da: harengan genduan itxaropena.
Poztu gaitezan eta alaitu salbatu gaitualako.
Jaunaren eskua mendi honetan kokatuko da».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 23 [22], 1-3. 4. 5. 6 (R/. ik. 6cd)

 

R/.   Jaunaren etxean naz biziko luzaroen luzaro.

V/.   Jauna dot artzain, ez naz ezeren beharrean;
larre gurietan etzunarazoten nau,
ur-bazter nasaira eroaten
eta indarrak deustaz barritzen;
bide segurutik naroa,
bere izenari ohore eginez. R/.

V/.   Ibar baltz ilunean banabil be,
ez naz gatxaren bildur,
Zu nigaz zagoz-eta;
zure artzain-makilak nasaitzen nau. R/.

V/.   Mahaia atontzen deustazu
arerioen begi-bistan;
orioz igurzten deustazu burua,
gainezka dot edontzia. R/.

V/.   Zoriona eta maitasuna ditut lagun,
bizitzako egun guztietan,
eta Jaunaren etxean biziko naz
amaibako egunetan. R/.

 

II. Irakurgaia

Danerako gauza naz indartzen nauan Kristogan.

San Paulo Apostoluak Filipoarrei egindako epistolatik

Flp 4, 12-14. 19-20

    Senideok: Badakit urritasunean nahiz ugaritasunean bizitzen; edozein egoeratarako prestatua nago eta edozertara jarria: aserik nahiz goseak egotera, ugari eukitzera nahiz beharrizanera. Danerako gauza naz indartzen nauan Kristogan. Edozelan be, ondo egin zenduen nire atsekabean zeuen laguntza agertzean.
    Ordainetan, nire Jainkoak oparo beteko dau zuen hutsune guztia, bere aberastasunen arabera Kristo Jesusengan. Aintza Jainko gure Aitari gizaldien gizaldietan. Amen.

Jaunak esana.

 

Aleluia

Ik. Ef 1, 17-18

R/.   Aleluia.

V/.   Jesu Kristo gure Jaunaren Aitak
        argitu dagizala gure barruko begiak,
        jakin daigun zer itxarotera dei egin deuskun. R/.

 

Ebanjelioa

          Ebanjelio hau era laburrean ik. honen ondoren.

Deitu ezteguetara aurkitu ahala guztiak.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 22, 1-14

    Aldi haretan, Jesusek barriro parabola bidez berba egin eutsen abadeburuei eta herriko zaharrei: «Zeruetako erreinuarekin gertatzen da bere semearen ezteguak ospatu zituan erregearekin bezala. Bialdu zituan morroiak konbidatuei dei egitera, baina hareek ez eben etorri gura izan.
    Barriro beste morroi batzuk bialdu zituan mandatu honegaz: “Esaiezue konbidatuei: Hara, gertu daukat bazkaria; hilda daukadaz zezenak eta zekor lodituak, prest dago dana. Zatoze ezteguetara”. Baina konbidatuek ez eutsoen jaramonik egin: bata bere lurretara joan zan, bestea bere negozioetara eta gainerakoek, morroiei heldurik, irainez bete eta hil egin ebezan.
    Hasarratu zan erregea eta, bere soldaduak bialduz, hil egin zituan hiltzaile hareek, eta su emon hareen herriari.
    Gero, bere morroiei esan eutsen: “Ezteguak prest dagoz, baina konbidatuak ez ziran gai. Zoaze, bada, bidekurutzeetara eta deitu ezteguetara guztiak aurkitu ahala”. Urten eben morroiok bideetara eta aurkitutako guztiak batu zituen, on nahiz txar. Eztegu-gela konbidatuz bete zan.
    Erregeak, bazkaltiarrak ikustera sartu zanean, eztegu-jantzirik barik egoan bat ikusi eta esan eutson: “Adiskide, zelan sartu zara hona eztegu-jantzirik barik?” Harek berbarik be ez. Erregeak mahai-zerbitzariei esan eutsen, orduan: “Esku-oinak lotu eta bota egizue kanpora, ilunpera; han izango da negarra eta hagin-karraskada!” Ze gehiago dira deituak, aukeratuak baino».

Jaunak esana.

 


          Ebanjelioa era laburrean.

Deitu ezteguetara aurkitu ahala guztiak.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 22, 1-10

    Aldi haretan, Jesusek barriro parabola bidez berba egin eutsen abadeburuei eta herriko zaharrei: «Zeruetako erreinuarekin gertatzen da bere semearen ezteguak ospatu zituan erregearekin bezala. Bialdu zituan morroiak konbidatuei dei egitera, baina hareek ez eben etorri gura izan.
    Barriro beste morroi batzuk bialdu zituan mandatu honegaz: “Esaiezue konbidatuei: Hara, gertu daukat bazkaria; hilda daukadaz zezenak eta zekor lodituak, prest dago dana. Zatoze ezteguetara”. Baina konbidatuek ez eutsoen jaramonik egin: bata bere lurretara joan zan, bestea bere negozioetara eta gainerakoek, morroiei heldurik, irainez bete eta hil egin ebezan.
    Hasarratu zan erregea eta, bere soldaduak bialduz, hil egin zituan hiltzaile hareek, eta su emon hareen herriari. Gero, bere morroiei esan eutsen: “Ezteguak prest dagoz, baina konbidatuak ez ziran gai. Zoaze, bada, bidekurutzeetara eta deitu ezteguetara guztiak aurkitu ahala”. Urten eben morroiok bideetara eta aurkitutako guztiak batu zituen, on nahiz txar. Eztegu-gela konbidatuz bete zan.

Jaunak esana.


 

URTEAN ZEHARREKO XXVIII. DOMEKA

B urtean

I. Irakurgaia

Jakituriaren aldean aberastasuna ezereztzat jo neban.

Jakituria liburutik

Jkt 7, 7-11

    Otoitz egin neban, eta zuhurtasuna emon eustan Jainkoak,
dei egin neutsan, eta jakituriaren espiritua heldu jatan;
errege-aulkia eta aginte-makila baino nahiago izan neban;
haren aldean aberastasuna ezereztzat jo neban;
harribitxirik preziatuenagaz be ez neban parekatu,
urre guztia, haren aldean, hondar-apur bat besterik ez,
eta zidarrak, haren aurrean, lokatza dirudi.

Osasuna eta edertasuna baino maiteago izan neban
eta neure argitzat aukeratu,
haren distira ez da-eta inoiz amatatzen.

Eta jakituriagaz ondasun guztiak batera etorri jatazan,
eta ezin konta ahala aberastasun haren eskutik.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 90 [89], 12-13. 14-15. 16-17 (R/. ik. 14)

R/.   Zeure maitasunaz ase gagizuz, Jauna,
        poztu gaitezan Zugan.

V/.   Irakatsi egiguzu geure egunen kontua eroaten,
zuhurtasunaren muinaz jaubetu gaitezan.
Bihurtu zakiguz, Jauna! Noiz arte?
Erruki zaitez zeure zerbitzariez. R/.

V/.   Asetu gagizuz goizero zeure maitasunaz,
poztu gaitezan eta zoriontsu izan geure egun guztietan.
Emon zoriona orain arteko atsekabe-egunen ordez,
ikusi doguzan urte gorrien ordez. R/.

V/.   Ikusi begie zure zerbitzariek zure egintza,
eta hareen seme-alabek zure dirdaia.
Betor gugana Jaunaren, gure Jainkoaren, gozotasuna
eta sendotu begi harek gure eskuen lana;
sendotu dagiala, bai, gure lana. R/.

II. Irakurgaia

Barruko pentsamentuak eta asmoak aztertzen ditu
Jainkoaren hitzak.

Hebrearrei egindako epistolatik

Heb 4, 12-13

    Bizia da Jainkoaren hitza, bizia eta eraginkorra, aho biko ezpata baino sarkorragoa; arimaren eta espirituaren sakoneraino sartzen da, pertsonaren zokorik ezkutueneraino, eta barruko pentsamentuak eta asmoak aztertzen ditu. Ez da harentzat munduan ezer ikusezinik; dana dago biluzik eta agirian, kontuak emon beharko deutsaguzan haren begien aurrean.

Jaunak esana.

 

Aleluia

Mt 5, 3

R/.   Aleluia.

V/.   Zorionekoak gogoz behartsu diranak,
        eurena dabe-eta Jainkoaren erreinua. R/.

 

Ebanjelioa

          Ebanjelio hau era laburrean ik. honen ondoren.

Saldu daukazun guztia, eta jarraitu Niri.

  Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik

Mk 10, 17-30

    Aldi haretan, Jesus abiatzera joiala, gizon bat etorri jakon lasterka eta, aurrean belaunikaturik, itaundu eutson: «Maisu ona, zer egin behar dot betiko bizitza ondaretzat jasotzeko?»
    Jesusek erantzun eutson: «Zergaitik dinostazu ona? Inor ez da ona, Jainkoa besterik. Badakizuz aginduak: ez hil inor, ez egin adulteriorik, ez ostu, ez egin guzurrezko testigantzarik, ez egin kalterik, hartu aintzat aita-amak». Harek, orduan: «Maisu, gazte-gaztetarik bete izan dot hori guztia».
    Jesus begira jarri jakon maitasunez, eta esan: «Gauza bat besterik ez jatzu falta: zoaz, saldu daukazun guztia eta emon behartsuei, eta altxorra izango dozu zeruan; gero, zatoz eta jarraitu Neuri». Berba honeek entzutean, ilun jarri zan gizona eta atsekabez joan, ondasun handien jabe zan-eta.
    Orduan, Jesusek, ingurura begiratuz, esan eutsen ikasleei: «Bai nekez sartuko dirala aberatsak Jainkoaren erreinuan!» Harrituta laga zituan ikasleak esaldi honek. Baina Jesusek barriro be: «Ene semeok eneok, gatxa da benetan Jainkoaren erreinuan sartzea! Orratzaren begitik ganbelua igarotzea errezago, aberatsa Jainkoaren erreinuan sartzea baino».
    Ikasleek, gero eta harrituago, alkarri inotsen: «Nor salbatu leiteke, orduan?» Jesusek begira-begira jarri eta esan eutsen: «Gizakiarentzat ezinezko da, baina Jainkoarentzat ez, ze, dana egin leike Jainkoak».
    Pedrok esan eutson Jesusi: «Hara, guk dan-dana itzi dogu, Zeuri jarraitzeko».
    Jesusek erantzun: «Benetan dinotsuet: Nigaitik eta Barri Onagatik etxea, senideak, ama, aita, seme-alabak eta lurrak izten dituanak, orain, mundu honetan, ehun halako hartuko dau: etxe, senide, ama, seme-alaba eta lur, erasoaldiakaz batera; eta gero, datorren munduan, betiko bizitza.

Jaunak esana.

 


          Ebanjelioa era laburrean.

Saldu daukazun guztia, eta jarraitu Niri.

 Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik

Mk 10, 17-27

    Aldi haretan, Jesus abiatzera joiala, gizon bat etorri jakon lasterka eta, aurrean belaunikaturik, itaundu eutson: «Maisu ona, zer egin behar dot betiko bizitza ondaretzat jasotzeko?»
    Jesusek erantzun eutson: «Zergaitik dinostazu ona? Inor ez da ona, Jainkoa besterik. Badakizuz aginduak: ez hil inor, ez egin adulteriorik, ez ostu, ez egin guzurrezko testigantzarik, ez egin kalterik, hartu aintzat aita-amak». Harek, orduan: «Maisu, gazte-gaztetarik bete izan dot hori guztia».
    Jesus begira jarri jakon maitasunez, eta esan: «Gauza bat besterik ez jatzu falta: zoaz, saldu daukazun guztia eta emon behartsuei, eta altxorra izango dozu zeruan; gero, zatoz eta jarraitu Neuri». Berba honeek entzutean, ilun jarri zan gizona eta atsekabez joan, ondasun handien jabe zan-eta.
    Orduan, Jesusek, ingurura begiratuz, esan eutsen ikasleei: «Bai nekez sartuko dirala aberatsak Jainkoaren erreinuan!» Harrituta laga zituan ikasleak esaldi honek. Baina Jesusek barriro be: «Ene semeok eneok, gatxa da benetan Jainkoaren erreinuan sartzea! Orratzaren begitik ganbelua igarotzea errezago, aberatsa Jainkoaren erreinuan sartzea baino».
    Ikasleek, gero eta harrituago, alkarri inotsen: «Nor salbatu leiteke, orduan?» Jesusek begira-begira jarri eta esan eutsen: «Gizakiarentzat ezinezko da, baina Jainkoarentzat ez, ze, dana egin leike Jainkoak».

Jaunak esana.



URTEAN ZEHARREKO XXVIII. DOMEKA

C urtean

I. Irakurgaia

Naaman bihurtu zan barriro Eliseogana,
eta Jauna goratu eban.

Erregeak bigarren liburutik

2 Erg 5, 14-17

    Egun hareetan, jatsi zan Naaman siriarra Jordan ibaira eta zazpi bider murgildu zan, Jainkoaren gizonak agindu lez, eta legenarra desagertu eta umetxuarena baizen garbi gelditu jakon haragia.
    Orduan, Jainkoaren gizonagana bihurtu zan bere lagun-talde osoagaz eta, haren aurrean zutunik, esan eutson: «Orain badakit ez dala munduan Jainkorik Israelena baino. Otoi, onartu egizu zerbitzari honen esku-erakutsia». Eliseok erantzun eutson: «Ala Jauna, zerbitzari nauana! Ez dot ezer hartuko». Naamanek hartzeko eta hartzeko esan arren, Eliseok ez eban hartu nahi izan.
    Orduan, Naamanek: «Ezezkoan zagozan ezkero, itzi egiozu, behintzat, zeure zerbitzari honi, mando bik eroan leikien lurra hartzen; gaurtik aurrera ez deutso-eta zure zerbitzariak erre-oparirik eta sakrifiziorik ezelako jainkori eskeiniko, Jaunari izan ezik».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 98 [97], 1. 2-3b. 3c-4 (R/. ik. 2)


R/.
   Agertu dau Jaunak nazinoen aurrean
        beragandiko garaipena.

V/.   Kanta Jaunari kantu barria,
egintza harrigarriak egin ditu-eta;
garaipena emon deutso bere eskumeak,
bere beso santuak. R/.

V/.   Bere garaipena ezagutuazo dau Jaunak,
bere salbazino-egintza agertu nazinoen aurrean.
Ez da ahaztu bere maitasunaz,
Israel herriari deutson leialtasunaz. R/.

V/.   Munduko bazter guztiek ikusi dabe
gure Jainkoaren garaipena.
Egin irrintzi Jaunari, lur osoa,
egin poz-oihu eta kantu, jo soinua. R/.

 

II. Irakurgaia

Haregaz sufritzen badogu,
haregaz izango gara errege.

San Paulo Apostoluak Timoteori egindako bigarren epistolatik

2 Tm 2, 8-13

    Anaia maitea: Izan gogoan Jesu Kristo, Daviden jatorritik sortua, hilen artetik biztua. Hau da nik irakasten dodan Barri Ona eta honegaitik nago neketan, gaizkile lez katez lotua; baina Jainkoaren hitza ez dago katez lotua. Horregaitik, dana jasaten dot Jainkoak aukeratu dituanen onerako, horreek be Kristo Jesusek emoten dauan salbazinoa eta betiko aintza lortu dagien.

    Sinisgarria da adierazpen hau:

Haregaz hiltzen bagara, beragaz biziko gara;
haregaz sufritzen badogu, beragaz izango gara errege;
ha ukatzen badogu, berak be ukatu egingo gaitu;
gu leialak ez bagara be, harek leial dirau,
ezin daualako bere burua ukatu.

Jaunak esana.

 

Aleluia

1 Ts 5, 18

R/.   Aleluia.

V/.   Emon eskerrak beti,
        horixe nahi dau-eta zuentzat Jainkoak
        Kristo Jesusengan. R/.

 

Ebanjelioa

Ez ete da izan atzerritar hau besterik
Jainkoa goratzera etortzeko?

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lk 17, 11-19

    Behin baten, Jesus Jerusalemera bidean, Samarian eta Galilean zehar joian. Herritxu baten sartzean, hamar legenardunek urten eutsoen bidera. Urrun geldituta, deadarka esan eutsoen: «Jesus, Maisu, erruki zakiguz!» Jesusek, ikustean, esan eutsen: «Joan eta azaldu abadeakana». Bidean joiazala, garbi gelditu ziran.
    Hareetariko bat, osatuta egoala oharturik, deadarka Jainkoa goratuz bihurtu eta Jesusen oinetara ahuspez jausi zan, eskerrak emonez. Samariarra zan bera.
    Jesusek esan eban: «Ez dira hamarrak garbi gelditu ala? Non dira beste bederatziak? Ez ete da izan atzerritar hau besterik Jainkoa goratzera etortzeko?» Gero, esan eutson: «Jagi eta zoaz; zeure sinismenak salbatu zaitu».

Jaunak esana