UZ-23-C


URTEAN ZEHARREKO XXIII. DOMEKA

C urtean

I. Irakurgaia

Zeinek ulertu leike Jaunak nahi dauana?

Jakituria liburutik

Jkt 9, 13-19 (gr. 13-18)

    Zein gizakik ezagutu leike Jainkoaren asmoa?
Zeinek ulertu Jaunak nahi dauana?
Gizaki hilkorron gogoetak kaskarrak dira,
gure ideiak ziurtasun bakoak.
Gure gorputz galkorra arimarentzat zama da,
eta lurrezko txabola honek
berez pentsakor dan espiritua nekatuazoten dau.

Nekez igartzen deutsegu lurreko gauzei
eta kostata aurkitzen eretxian doguna be.
Nork arakatuko ditu, beraz, zerukoak?
Nork ezagutuko leukean zure asmoa,
Zeuk emon ez bazeuntso jakituria
eta zerutik bialdu zeure espiritu santua?

Holan bakarrik izan zan zuzena lurtarren jokabidea,
holan ikasi eben gizakiek zer dozun atsegin,
eta salbatu ziran jakituriaren bidez.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 90 [89], 3-4. 5-6. 12-13. 14 eta 17 (R/. ik. 1)

R/.   Jauna, gure ihesleku Zeu izan zara
        gizalditik gizaldira.

V/.   Gizakia hautsera bihurtuazoten dozu,
esanez: «Bihurtu lehenera, gizakiok».
Bai, mila urte zure begietan
atzo igaro zan eguna adina,
gaualdi bat adina. R/.

V/.   Hor daroazuz gizakiak,
ametsa lez dira;
ernetzen dira goizean bedarra lez;
goizean erne eta loratzen da-eta,
arratsaldean zimeldu eta igartzen. R/.

V/.   Irakatsi eiguzu geure egunen kontua eroaten,
zuhurtasunaren muinaz jaubetu gaitezan.
Bihurtu zakiguz, Jauna! Noiz arte?
Erruki zaitez zeure zerbitzariez. R/.

V/.   Asetu gagizuz goizero zeure maitasunaz,
poztu gaitezan eta zoriontsu izan geure egun guztietan.
Betor gugana Jaunaren, gure Jainkoaren, gozotasuna
eta sendotu begi harek gure eskuen lana;
sendotu dagiala, bai, gure lana. R/.

 

II. Irakurgaia

Hartu egizu, ez esklabo lez,
anaia maitea lez baino.

San Paulo Apostoluak Filemoni egindako epistolatik

Flm 9b-10. 12-17

    Anaia maitea: Nik, Paulok, honezkero zahartuta eta orain, gainera, Kristo Jesusengaitik kartzelan nagoan honek, mesede bat eskatu nahi deutsut, kartzelan sortu dodan neure seme Onesimorentzat. Barriro bialtzen deutsut bera, ene bihotz-bihotzeko dodan hau.
    Neugaz euki nahi neban, zure ordez zerbitzari izan nengian, Barri Onagaitik kartzelan nagoala. Halan be, ez dot zure baimenik barik ezer egin nahi izan, mesede hori gogoz egin dagizun eta ez behartuta.
    Beharbada, horretarako alde egin eutsun apur batez, gero betiko hartu zengian, eta ez esklabo lez, esklabo baino gehiago lez baino, anaia maitea lez. Maite-maitea da niretzat, eta zenbatez maiteago ez ete da izango zuretzat, bai gizon dan aldetik eta bai kristau dan aldetik. Beraz, fedean adiskide banozu, hartu egizu Onesimo neu banintz lez.

Jaunak esana.

 

Aleluia

Sal 119 [118], 135

R/.   Aleluia.

V/.   Erakutsi aurpegi argia, Jauna, zeure zerbitzari honi,
        irakatsi zeure arauak. R/.

 

Ebanjelioa

Inor ezin leiteke nire ikasle izan,
dituan guztiei uko egiten ez badeutse.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lk 14, 25-33

    Aldi haretan, jente-talde handiak joiazan Jesusegaz; honek, hareengana bihurturik, esan eutsen: «Nonork Nirekin etorri nahi badau, eta bere gurasoak eta emaztea, seme-alabak eta neba-arrebak, eta bere burua bera baino be maiteago ez banau, ezin leiteke izan nire ikasle. Bere kurutzea hartu eta nire ondorik ez datorrena ezin leiteke izan nire ikasle.
    Izan be, zuetariko nork, torrea egin gura badau, jesarri eta ez ditu aurretik gastuen kontuak ataratzen, amaitzeko lain ba ete daukan ikusteko? Osterantzean, zimenduak hartu ondoren ezin burutuko baleu, hori ikustean barre egingo leuskioe guztiek, esanez: “Honako hau eregitzen hasi zoan eta ezin izan jok amaitu”.
    Edota zein erregek, beste baten kontra gerrara joan gura badau, jesarri eta ez dau aldez aurretik hausnartzen, ea hamar mila gizon nahiko dituan, hogei milarekin kontra datorkionari aurre egiteko? Eta ezetz ikusten badau, oraindik bestea urrunean dala, mandatariak bialduko deutsoz bakea eskatuz.
    Era berean, zuetariko inor ezin leiteke nire ikasle izan, dituan guztiei uko egiten ez badeutse».

Jaunak esana.