UZ-21-C


URTEAN ZEHARREKO XXI. DOMEKA

C urtean

I. Irakurgaia

Atzerriko nazino guztietatik ekarriko dabez
zuen senide guztiak.

Isaias Profetaren liburutik

Is 66, 18-21

    Hau dino Jaunak:
«Ezagutzen ditut Nik gaiztoen egintzak eta asmoak,
eta herri eta hizkuntza guztietako jentea batzera etorriko naz;
hareek etorri eta nire aintza ikusiko dabe.
Ezaugarri bat emongo deutset;
euren artean bizirik gelditutako batzuk
bialduko ditut nazinoetara;
Tarsis, Etiopia eta Lidiara,
Mexek, Tubal, Greziara eta urruneko herrietara,
inoiz nire barri izan ez daben
eta nire aintzarik ikusi ez dabenengana.

Eta nire aintza iragarriko dabe nazinoetan.
Atzerriko nazino guztietatik ekarriko dabez,
Jaunarentzat opari moduan, zuen senide guztiak;
zaldi, gurdi eta ohatiletan,
mando eta dromedarioetan ekarriko dabez
Jerusalemgo nire mendi santura –dino Jaunak–,
israeldarrek euren opariak Jaunaren etxera
ontzi garbietan ekartzen dabezan lez.
Eta hareen arteko batzuk be aukeratuko ditut
abade eta lebitar izateko –dino Jaunak–».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 117 [116], 1. 2 (R/. Mk 16, 15)


       
R/.      Zoaze mundu guztira eta iragarri Barri Ona.

        Edo: Aleluia.

V/.   Goratu egizue Jauna, nazino guztiok,
goratu egizue, herri guztiok. R/.

V/.   Sendoa da-eta guretzat haren maitasuna,
beti-betikoa Jaunaren leialtasuna. R/.

 

II. Irakurgaia

Maite dauana dau Jaunak zuzentzen.

Hebrearrei egindako epistolatik

Heb 12, 5-7. 11-13

    Senideok: Ahaztu egin dozue seme-alabei lez emoten jatzuen aholkua:

«Ene seme, ez baztertu Jaunaren zuzenketa,
ezta galdu be adorea, hasarre egiten badeutsu,
maite dauana dau-eta Jaunak zuzentzen
eta seme-alabatzat hartzen dauana dau zigortzen».

    Jasaten dozuena zuek zuzentzeko da; Jainkoak seme-alaba lez tratatzen zaitue. Izan be, zein seme nahiz alaba ez dau aitak zuzentzen?
    Egia esan, edozein zuzenketa, momentuan, mingarri da, ez pozgarri; baina, gerora, haren bidez hezitakoei bere frutuak ekartzen deutsez: bakea eta zuzentasuna. Jaso egizuez, beraz, esku jausiak eta belaun ahulduak, eta ibili zaiteze bide zuzenean, herrenaren hankea hausi ez dadin, osatu baino.

Jaunak esana.

 

Aleluia

Jn 14, 6

R/.   Aleluia.

V/.   Neu naz bidea, egia eta bizia, dino Jaunak;
        ezin da inor Aitagana joan,
        nire bidez izan ezik. R/.

 

Ebanjelioa

Asko etorriko dira sortaldetik eta sartaldetik,
eta Jainkoaren erreinuko mahaian jesarriko dira.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lk 13, 22-30

    Aldi haretan, Jesusek, Jerusalemera bidean joiala, igarotzen zituan herri eta auzoetan irakasten eban.
Batek esan eutson: «Jauna, gitxi ete dira salbatzen diranak?» Jesusek erantzun eutsen: «Ahalegindu zaiteze ate estutik sartzen. Egia esan, askok sartu gura izango dau, baina ezingo da sartu.
    Etxeko jaunak jagi eta atea itxi ezkero, kanpoan geldituok ate joka hasiko zarie: “Zabaldu, Jauna!” Baina harek erantzungo deutsue: “Ez dakit nongoak zarien”.
    Zuek, orduan, holan hasiko zaiakoze: “Zeugaz jan eta edan izan dogu, eta Zuk geure plazetan irakatsi izan dozu”. Baina harek erantzungo deutsue: “Ez dakit nongoak zarien. Alde Nigandik, gaizkileok!”
    Orduan, negarra eta hagin-karraskada izango da, Abraham, Isaak eta Jakob eta profeta guztiak Jainkoaren erreinuan ikustean, zeuen burua, barriz, kanpora jaurtia. Asko etorriko dira sortaldetik eta sartaldetik, iparretik eta hegotik, eta Jainkoaren erreinuko mahaian jesarriko dira. Begira: orain azkeneko diran batzuk lehenengo izango dira, eta lehenengo diran batzuk azkeneko».

Jaunak esana.

 

 

UZ-34-C


Urtean Zeharreko XXXIV. eta azken Domeka

JESU KRISTO GURE JAUNA,
DIRAN GUZTIEN ERREGEA

C urtean

I. Irakurgaia

David Israelgo errege igurtzi eben.

Samuel bigarren liburutik

2 Sm 5, 1-3

    Egun hareetan, Israelgo leinu guztiek Hebronera Davidengana etorri eta esan eutsoen: «Zeure odolekoak gaituzu. Lehenago be, Saul gure errege zanean, zeuk gidatzen zenduzan Israelen joan-etorriak. Gainera zuri esana deutsu Jaunak: "Zeuk gidatuko dozu nire herri Israel eta zeu izango zara israeldarren agintaria"».
    Etorri ziran, beraz, israeldarren buruzagi guztiak David erregeagana Hebronera, eta honek hitzarmena egin eban hareekin Hebronen, Jaunaren aurrean. Eta hareek Israelgo errege igurtzi eben.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 122 [121], 1-2. 4-5 (R/. ik. 1b)

R/.   Goazen pozik Jaunaren etxera!

V/.   Ha poza nirea, esan eustenean:
«Goazen Jaunaren etxera!»
Hona orain nire oinak
zure ateetan, Jerusalem. R/.

V/.   Hara igoten dabe leinuek, Jaunaren leinuek,
Israelen lege danez, Jaunaren izena gorestera.
Han dagoz ezarriak auzi-mahaiak,
Daviden jauregiko mahaiak. R/.

 

II. Irakurgaia

Bere Seme maitearen erreinura aldatu gaitu.

San Paulo Apostoluak Kolosarrei egindako epistolatik

Kol 1, 12-20

    Senideok:
Eskerrak emoten deutsaguz Aitari,
argiaren erreinuan
bere santuentzat prestaturik dituan ondasunetan
parte izateko gai egin gaituanari.
Ilunpearen menpetik atara gaitu,
eta bere Seme maitearen erreinura aldatu;
honengan dogu askapena,
honengan pekatuen parkamena.

Jainko ikusezinaren irudi da Kristo,
sorkari guztietan lehen-sortua.
Haren bidez sortu ebazan Jainkoak
zeru-lurretan diran gauza guztiak,
agiri diranak eta ez diranak:
munduan eragina daben ahalmenak,
nagusitzak, aginteak eta botereak;
sortua izan dan guztiak Kristo dau eredu eta helburu.
Gauza guztiak baino lehenagokoa da ha,
eta berari esker diraue.

Bera da gorputzaren buru, Eleizearena, hain zuzen be.
Bera da hasiera, hildakoen artetik lehen-biztua,
gauza guztietan ha izan dadin lehenengoa;

Jainkoak nahi izan dau-eta
bere izaeraren betea Kristogan egotea,
eta honen bidez gauza guztiak beragaz adiskidetzea,
Kristok kurutzean isuritako odolaz bakeak eginez
zeruko eta lurreko gauza guztiekin.

Jaunak esana.

 

Aleluia

Mk 11, 9. 10

R/.   Aleluia.

V/.   Bedeinkatua Jaunaren izenean datorrena!
        Bedeinkatua datorren erreinua,
        gure aita Daviden erreinua! R/.

 

Ebanjelioa

Jesus, gogoratu zaitez nitaz,
zeure erreinura heltzean.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lk 23, 35-43

    Aldi haretan, agintariek burlaka ziharduen Jesusi, esanez: «Besteak salbatu jozak; salbatu dagiala bere burua, Jainkoaren Mesias, Aukeratua, bada».
    Soldaduek be burla egiten eutsoen; hurreraturik, ozpina eskeintzen eutsoen, esanez: «Judeguen erregea bahaz, salbatu egik heure burua!» Gainean idazkun hau eukan: HAU JUDEGUEN ERREGEA DA.
    Kurutzetik dindilizka egozan gaizkileetariko bat Jesusi irainka ebilkon: «Hi ez haz, ba, Mesias? Salbatu egik heure burua eta salbatu gagizak geu be!»
    Baina besteak agiraka egin eutson, esanez: «Zigorra jasoten hagoala be ez deutsak bildurrik Jainkoari ala? Gurea legezkoa dok, ze, geure eginakaitik merezia joaguk; baina honek ez jok ezelako okerrik egin». Gero, esan eban: «Jesus, gogoratu zaitez nitaz, zeure erreinura heltzean».
    Jesusek erantzun eutson: «Benetan dinotsut: gaur Neugaz izango zara paradisuan».

Jaunak esana.

 

 

UZ-33-C


URTEAN ZEHARREKO XXXIII. DOMEKA

C urtean

I. Irakurgaia

Eguzkia lez agertuko da nire justizia.

Malakiasen Profezia liburutik

Ml 3, 19-20a

    Begira: «Badator eguna, labea baizen kiskalgarria. Harro eta gaizkile guztiak lasto izango dira, eta zeharo kiskaliko ditu etortzekoa dan egunak; ez deutse itziko, ez sustrairik, ez abarrik. Baina zuentzat, nire izenari begirune deutsazuenentzat, eguzkia lez agertuko da nire justizia, errainuetan osasuna dakarrela».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 98 [97], 5-6. 7-8. 9 (R/. ik. 9)


R/.
   Badator Jauna herriak zuzentasunez epaitzera.

V/.   Ospatu Jauna zitaraz,
zitaraz eta kantu-hotsez,
turutaz eta adar-hotsez;
egin irrintzi errege dan Jaunari. R/.

V/.   Egin begi orroe itsasoak eta bertako guztiak,
munduak eta bertan bizi diranek.
Egin begie txalo ibaiek,
poz-oihu aho batez mendiek. R/.

V/.   Jaunaren aurrean,
badator-eta lurra epaitzera.
Justiziaz epaituko dau mundua,
eta zuzenbidez herriak. R/.

 

II. Irakurgaia

Lanik egin nahi ez dauanak
ez dagiala jan.

San Paulo Apostoluak Tesalonikarrei egindako bigarren epistolatik

2 Ts 3, 7-12

    Senideok:  Ondo dakizue zelan jokatu behar dozuen guk lez egiteko; ez ginan zuen artean zabarkerian bizi izan, ez genduan inoren kontura ogia jan; ostera, gau eta egun lanean nekatu ginan, zuetako inorentzat zama ez izatearren. Bagenduan zuen kontura bizitzeko eskubidea, baina lan egin nahi izan genduan zuei jarraibidea emoteko. Zuekin egon ginanean, arau hau emon geuntsuen: lanik egin nahi ez dauanak ez dagiala jan. Izan be jakin dogu-eta zuetako batzuk alperkerian bizi dirala, ezer egin barik, non zer barri. Holakoei Jesu Kristo Jaunaren izenean agintzen eta erregutzen deutsegu, bakean lan eginez, irabazi dagiela euren ogia.

Jaunak esana.

 

Aleluia

Lk 21, 28

R/.   Aleluia.

V/.   Izan bihotz eta jaso burua,
        hurreratzen dihardu-eta zuen askapenak. R/.

 

Ebanjelioa

Iraupenaren iraupenez lortuko dozue bizia.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lk 21, 5-19

        Aldi haretan, tenplua gogoan ebela ziharduen batzuk, harri ederrez eta opariz apainduta egoala aitatuz. Orduan, Jesusek esan eutsen: «Etorriko da, hor ikusten dozuezan horreetatik guztietatik harririk harri gainean geldituko ez dan sasoia; dana desegingo dabe».
        Ikasleek itaundu eutsoen: «Maisu, noiz gertatuko da hori? Eta zertan igarriko dogu gertatzera doana?»
        Jesusek erantzun eutsen: «Kontuz, ez zagiezala inork engainatu! Asko etorriko dira nire izenean, “neu naz Mesias” edo “gainean da sasoia” esanez. Ez joan holakoen atzetik. Gerra- eta iraultza-hotsak entzutean, ez ikaratu, ze, lehenengo gertatu beharrekoa da hori guztiori; baina ez dator behingoan azkena».
        Esan eutsen, gainera: «Nazinoa nazinoaren aurka eta erreinua erreinuaren aurka altzatuko dira; lurrikara handiak izango dira, eta izurriteak eta goseteak han eta hemen. Gauza ikaragarriak gertatuko dira, eta seinale handiak agertuko zeruan.
        Baina hori guztia gertatu aurretik, eskua botako deutsuee eta eraso egingo, sinagogetara eta kartzeletara eroango zaituee, eta erregeen eta agintarien aurrera zuzenduko Neugaitik. Autormen egiteko aukera emongo deutsue horrek guztiak. Hartu gogoan ez dozuela zeuen burua zelan defendiduko kezkatan ibili beharrik; Neuk adierazoko deutsuet zer eta zelan esan, eta zuen arerioetako inork ez dau zuei aurre egiterik edo erantzuterik izango.
    Zeuen guraso eta senideek eurek, ahaide eta adiskideek eurek salduko zaituee, eta zuetariko batzuk hilko; guztiek gorroto izango deutsuee Neugaitik; baina ez dozue buruko ule bakar bat be galduko. Iraupenaren iraupenez lortuko dozue bizia».

Jaunak esana.

 

 

UZ-32-C


URTEAN ZEHARREKO XXXII. DOMEKA

C urtean

I. Irakurgaia

Munduko Erregeak betiko bizitzarako biztuko gaitu.

Makabearrak bigarren liburutik

2 M 7, 1-2. 9-14

    Egun hareetan, zazpi anaia atxilotu ebezan euren amagaz. Legeak galarazota eukan txarrikia jatera behartu nahirik, idi-zilez egindako zartailuz zigortu ebazan Antioko erregeak.
    Anaia zaharrenak, danen izenean berba eginez, esan eban: «Zer itauntzen deuskuzu? Zer jakin nahi dozu gugandik? Prest gagoz hiltzeko, gure asaben legeak hausi baino lehen».
    Bigarren anaiak be, azken arnasa emotean, esan eban: «Zuk, gaizkile maltzur horrek, oraingo bizia kentzen deuskuzu; baina munduko Erregeak betiko bizitzarako biztuko gaitu beraren legeakaitik hiltzen garanok».
    Gero, irain eta burla egiten hasi ziran hirugarrenari; mihina ataratzeko eskatu eutsoenean, behingoan atara eban eta eskuak be luzatu ebazan kementsu. Eta esan eban gizonki: «Jainkoak emon eustazan gorputz-atal honeek beraren legeakaitik gitxiesten ditut; eta ziur nago beragandik hartuko ditudala barriro». Harriturik gelditu ziran erregea eta beronegaz ziranak gaztearen ausardiaz, huskeriatzat ebazan-eta oinaze-minak.
    Ha hil zanean, oinaze berberaz torturatu eben laugarrena. Hil zorian egoala, esan eban: «Merezi dau giza eskuz hiltzea, Jainkoak berbizteko itxaropena emoten deuskunean. Zuk, ostera, ez dozu bizirako berbizterik izango».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 17 [16], 1. 5-6. 8 eta 15 (R/. 15c)

R/.   Esnatzean zure presentziaz naz asetuko, Jauna.

V/.   Entzun, Jauna, nire justizi eskea,
entzun nire deadarra;
makurtu belarria nire otoitzera,
ez dot engainurik ezpanetan. R/.

V/.   Sendo ditut oinak ezarritako bideetan,
ez dira aldendu nire pausuak zure arrastotik.
Deika nozu, Jainko, erantzuten deustazu-eta;
bihurtu nigana belarria, entzun nire berbea. R/.

V/.   Zaindu nagizu begi-ninia lez,
gorde ni zeure hegoen kerizpean.
Nik, barriz, zuzena nazala,
zure aurpegia dot ikusiko,
esnatzean zure presentziaz naz asetuko. R/.

 

II. Irakurgaia

Jaunak sendotu zagiezala
on dan guztia egitez eta hitzez burutzeko.

San Paulo Apostoluak Tesalonikarrei egindako bigarren epistolatik

2 Ts 2, 16–3, 5

    Senideok: Jesu Kristo gure Jaunak berak eta Jainko gure Aitak –maite izan gaituan eta betiko kontsolamentua eta halako itxaropen zoriontsua doarik emon deuskun Aitak– bete zagiezala adorez eta sendotu, on dan guztia egitez eta hitzez burutzeko.
    Gainerakoan, senideok, egizue otoitz gure alde, Jaunaren mezua bizkor zabaldu dadin eta danek ospez onartu dagien, zuek onartu zenduen lez. Egin otoitz be guk onik urten daigun jente oker eta gaiztoakandik, ez dira-eta danak leialak. Jauna, ostera, leiala da; Berak sendotuko zaitue eta gaiztoakandik gordeko. Zuei dagokizuenez, guk agindutako guztia egiten dozuen konfiantza emoten deusku Jaunak, baita egiten jarraituko dozuena be. Jaunak zuzendu dagiala zuen bihotza Jainkoa maitatzera eta Kristoren itxaropenean irautera.

Jaunak esana.

 

Aleluia

Ap 1, 5a. 6b

R/.   Aleluia.

V/.   Jesu Kristo da hilen arteko lehenengo biztua;
        berari aintza eta agintea gizaldi eta gizaldietan. R/.

 

Ebanjelioa

          Ebanjelio hau era laburrean ik. honen ondoren.

Ez da hildakoen Jainko, biziena baino.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lk 20, 27-38

    Aldi haretan, saduzear batzuk inguratu jakozan Jesusi (saduzearrek ez dabe onartzen hildakoak biztuten diranik). Eta itaundu eutsoen: «Maisu, Moisesek idatzi euskun: “Nonori anaia ezkondua seme-alaba barik hiltzen bajako, ezkondu bedi alargunarekin, anaiari ondorengoa emoteko”. Baziran, behinola, zazpi anaia. Zaharrena ezkondu eta seme-alabarik barik hil zan. Bigarrena eta hirugarrena alargunagaz ezkondu ziran, eta zazpirak bardin. Eta danak seme-alaba barik hil ziran. Azkenik, hil zan emakumea be. Biztuerakoan, zeinen emazte izango da, ze zazpirek izan eben emazte?»
    Jesusek erantzun eutsen: «Mundu honetan gizon-emakumeak ezkondu egiten dira; baina datorren munduan ez dira ezkonduko, hildakoen biztueran parte hartzeko Jainkoak gai aurkituko dituanak, gizaseme nahiz emakume; izan be, ezin leitekez hil, ze, aingeruak lakoak dira eta Jainkoaren seme-alaba, biztueran parte daben ezkero. Gainera, hildakoak biztuten dirala Moisesek berak adierazoten dau, sutan egoan sasiaren pasartean, Jaunari “Abrahamen Jainko, Isaaken Jainko eta Jakoben Jainko” deitzen deutsonean. Ez da hildakoen Jainko, biziena baino, harentzat danak bizirik dagoz-eta».

Jaunak esana.

 


          Ebanjelioa era laburrean.

Ez da hildakoen Jainko, biziena baino.

  Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lk 20, 27. 34-38

    Aldi haretan, saduzear batzuk hurreratu jakozan Jesusi (saduzearrek ez dabe onartzen hildakoak bizten dirala), eta honek holan erantzun eutsen: «Mundu honetan gizon-emakumeak ezkondu egiten dira; baina datorren munduan ez dira ezkonduko, hildakoen biztueran parte hartzeko Jainkoak gai aurkituko dituanak, gizaseme nahiz emakume; izan be, ezin leitekez hil, ze, aingeruak lakoak dira eta Jainkoaren seme-alaba, biztueran parte daben ezkero. Gainera, hildakoak biztuten dirala Moisesek berak adierazoten dau, sutan egoan sasiaren pasartean, Jaunari “Abrahamen Jainko, Isaaken Jainko eta Jakoben Jainko” deitzen deutsonean. Ez da hildakoen Jainko, biziena baino, harentzat danak bizirik dagoz-eta».

Jaunak esana.


 

 

UZ-31-C


URTEAN ZEHARREKO XXXI. DOMEKA

C urtean

I. Irakurgaia

Guztiez dozu errukia, izaki guztiak maite dozuz-eta.

Jakituria liburutik

Jkt 11, 22–12, 2

    Jauna, mundu osoa zure aurrean balantzan izpitxua da,
lurrean gelditzen dan goizeko iruntz-tanta.
Guztiez dozu errukia, dana egin zeinkelako,
eta gizakien pekatuei ez ikusiarena egiten deutsezu,
bihotz-barritu daitezan.
Izaki guztiak maite dozuz,
eta ez dozu Zeuk egindako ezer gitxiesten;
zeozeri gorroto izan bazeuntso, ez zeunkean-eta egingo.

Zelan iraungo leuke zeozerk, Zuk gogoko ez bazendu?
Eta zelan jarraituko izaten, Zuk dei eginda sortu ez balitz?

Bihozbera zara Zu izaki guztiekin,
zureak dira-eta, bizidunak maite dozuzan Jaun horrenak,
eta zure espiritu hilezkorra guztiengan dago.
Horregaitik, apurka-apurka zuzenduarazoten dozuz errudunak,
euren pekatuak gogoratuarazoz zuzentzen dozuz,
txarretik urrundu daitezan eta Zugan, Jauna, sinistu dagien.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 145 [144], 1-2. 8-9. 10-11. 13c-14 (R/. 1)

R/.   Nire Jainko, nire errege,
        bedeinkatuko dot zure izena betiere.

V/.   Goratuko zaitut, nire Jainko, nire errege,
bedeinkatuko dot zure izena betiere.
Egunero zaitut bedeinkatuko,
beti dot zure izena goratuko. R/.

V/.   Errukiorra eta bihozbera da Jauna,
hasarregatxa eta onginahiz betea.
Ona da Jauna guztientzat,
errukiz betea bere sorkari guztientzat. R/.

V/.   Goratu zagiezala, Jauna, zeure sorkari guztiek,
bedeinkatu zeure fededunek;
aitatu begie zure erregetza ospetsua,
berba egin begie zure ahalmenaz. R/.

V/.   Fidagarria da Jauna bere hitz guztietan,
leiala bere egintza guztietan.
Jaunak eusten deutse jausteko zorian dagozanei,
eta jasotzen ditu lur joak. R/.

 

II. Irakurgaia

Jesus gure Jaunaren izena goratua izango da zuengan,
eta zuek harengan.

San Paulo Apostoluak Tesalonikarrei egindako bigarren epistolatik

2 Ts 1, 11–2, 2

    Senideok: Otoitzean gagoz beti zuen alde, gure Jainkoak bere deiaren gai egin zagiezan, eta bere ahalmenaz bere betera eroan dagian onerako dozuen gogoa eta zuen sinismenaren jarduera. Holan, Jesus gure Jaunaren izena goratua izango da zuengan, eta zuek harengan, gure Jainkoaren eta Jesu Kristo gure Jaunaren onginahiaren arabera.
    Senideok, Jesu Kristo gure Jaunaren azkeneko etorreraz eta gu haregaz alkartuko garan uneaz, hau eskatzen deutsuegu: ez dagizuela arinegi burua galdu, ezta kezkatu be, Jaunaren eguna gainean dala dinoan goi-agerpen bat edo adierazpen bat nahiz guk egina ei dan gutun bat dala-eta.

Jaunak esana.

 

Aleluia

Ik. Jn 3, 16

R/.   Aleluia.

V/.   Hain maite izan eban Jainkoak mundua,
        bere Seme bakarra emon eutson;
        harengan sinisten dauanak betiko bizia dau. R/.

 

Ebanjelioa

Gizonaren Semea, galdua egoana bilatzera
eta salbatzera etorri da.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lk 19, 1-10

    Aldi haretan, Jesus Jerikon sartu eta herrian zehar joian. Bazan han Zakeo izeneko gizon bat, zergalari-buru zana, oso aberatsa. Jesus nor zan ikusi nahirik ebilen Zakeo, baina ezin eban jentetzagaitik, txikia zan-eta. Arineketan aurrera joan eta ikondo batera igon eban Jesus ikusteko, ze, handik igaro behar eban.
    Jesusek, leku haretara heltzean, gora begiratu eta esan eutson: «Zakeo, jatsi behingoan, gaur zure etxean gelditu behar dot-eta». Behingoan jatsi zan eta pozik hartu eban etxean. Hori ikusirik, danak marmarka hasi ziran: «Pekatari baten etxera joan dok ostatuz».
    Zakeok, ostera, zutunik jarrita, esan eutson Jaunari: «Jauna, neure ondasunen erdiak behartsuei emongo deutsedaz eta, inori ezer ostu badeutsat, lau halako bihurtuko deutsat».
    Jesusek esan eutson: «Gaur salbazinoa etorri da etxe honetara, ze, berau be Abrahamen ondorengoa da. Izan be, Gizonaren Semea galdurik egoana bilatzera eta salbatzera etorri da».

Jaunak esana.